Idazleak - Uxue Alberdi Estibaritz - Laginak - Esku bakarrarekin

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Uxue Alberdi Estibaritz > Laginak

Narratiba

2007 Esku bakarrarekin |

-Esku bakarrarekin hausten duzun egunean, ume -esaten zidan ama zenak-. Arrautzak esku bakarrarekin hausten ikasten duzun egunean egongo zara prest ezkontzeko.

Gogoratzen dut nire burua marrubitxoak brodatuta zeuzkan amantala jantzita, sukaldean arrautzak kraska eta kraska, esku bakarrarekin. Esnezaleak ekartzen zituen garai hartan arrautzak gurera. Astelehenetan etortzen zen eta plastikozko poltsa batean ekartzen zituen, batzuetan hamaika eta bestetan hamahiru, bata bestearen gainean pilatuta, eta ez gaur egun saltzen dituzten bezala, hamabinaka ordenatuta, beti berdin, bakoitza bere zuloan.

-Eta? Noiz ezkonduko zara nirekin?

Txirrina jo eta horixe esaten zuen goizero, sekula ez "egun on" edo "kaixo". Nik irribarre egiten nion, lotsagorrituta. Ederra zen-eta esnezalea, esku handi-handiak zituen, zuriak, esnearen kolorekoak. Ez zuten bere eskuek herriko beste gizonen eskuen antzik, ez zuten itzal beltzik atzazalen inguruan.

-Oraindik ezin dut, esku bakarrarekin ikasten dudanean! -erantzuten nion, eta arrautzak jasotzen nizkion esku zurietatik.

Esnezaleak ere, bere adineko gizon gehientsuenek bezala, urrezko eraztuna zuen hatzik luzeenean, baina nik ez nion ikusten. Zertarako. Amak ordaintzen zizkion arrautzak eta hurrengo astera arte agurtzen zuen.

-Zenbat?

-Gin-Kas bat eta Camel paketea ziren, ezta? Zazpi euro. Eskerrik asko.

Horixe, zu ere Eneidarekin joango zara. Zer esan dizu, hiruetan bukatzen duela, ezta? Lasai, Eneida, ez da ezer gertatzen. Plazer hutsa da fregonaren eta erratzaren konpainia, zer esanik ez goizaldeko hiruetan. Bi kirten bi kirten dira, ezta? Zuk diozun bezala, tia, no te quejes, que un mango es un mango. Ez apuratu, eder hori, itxiko du lokala Mari Carmenek, zerbaitetarako jaio zen-eta titi txikiekin. Ezin, bada, zure pare horren erditik doan erretenaren erreklamoa berdindu bi pasa zimel hauek, nola, bada. Zuretzat, mutil hori ere, total, niri ez zait asko gustatu. Bat ere ez, ia. Don't worry, beauty, Carmentxuk botako ditu kalera azkeneko mozkorrak, mozkor horiek azken ardo basoa oka eginez bota duten modu berean, kanpora; eta entzungo ditu haien hitz likatsuak, ajatuak, birziklatuak; eta sentituko ditu esku lodiak ipurmasailetan. Bai, maitea, arrazoi duzu, zurea baino puskaz handiagoa den ipurdi bigun eta zelulitisdun honetan.

-Carmentxu! Ez zaizu axola irteten banaiz, ezta? Ikusi duzu kanpoan zain daukadan eskultura? Mamma mia. Ala, potxola, eskerrik asko, e? Mua, mua eta mua. Bihar arte! Kontatuko dizut!

Jakina kontatuko didazula, ez dago kuidadorik. Nola ez didazu, bada, kontatuko, eder horrek? Gustura asko, gainera. "Inoiz ikusi duen titi-pare ederrena daukadala esan zidan, eta bigarren kubatarako bazekiela gaua nirekin pasa ezean erotu egingo zela, eta bakeroetako kremailerak min egin ziola gau osoan, eta...". Betikoa, ezta?

-Carmentxu, ez didazu sinetsiko!! Gogoratzen zara atzoko tipoarekin? Gogoratzen? Bada, berarekin pasa dut gau osoa, eta ez duzu sinetsiko. Ba al dakizu zer esan didan?

-Ez badidazu esaten...

-Ez duzu sinetsiko, Carmentxu!

-Ea, baietz asmatu: polita zarela, kristoren titiak dituzula, bero-bero jartzen duzula...

-Eta ea berarekin ezkondu nahi dudan! Ez-kon-du! Jodete!

-Ee...ezkondu? Eeeta... Eta zer esan diozu?

-Kuleroak sartu dizkiot ahoan, eta joan egin naiz. Horixe esan diot.

-Hauek helduen kontuak dira, Carmencita. Zuk ezin duzu ulertu -horixe, horixe esan zenidan eskolako azken orduko irakaslea etorri ez, eta etxera normalean baino ordubete lehenago iritsi nintzen egun hartan. -Helduen gauzak dira, ume.

Eta nik negar egin nuen, zuretzat nintzen horixe moduan, ume baten moduan. Negar egin nuen begi bat falta zitzaion txikitako panpinari helduta, eta munduan ezer baino gehiago desio izan nuen panpina hura bezalakoa izatea. Begi bakarra eduki nahi nuen, eta bakar hori plastikozkoa, ezer ez ikusteko. Ezertxo ere ez ikusteko, ezertxo ere ez, baina, batez ere, ama, esnezalearen esku zuria zure ipurmasailean ez ikusteko, zure ipurmasailean ez, ama, hatz luzeeneko urrezko eraztun eta guzti.

Eta zuri ez zitzaizun esateko ezer hoberik bururatu. Ezin nuela ulertu. Jakina, ezin nuela ulertu! Nola ulertu behar nuen, ama? Nola, zure ipurmasailean? Okerrena, ordea, ez zinen zu izan, ama, nire izate guztiarekin, azal, begi eta txima, gorroto zintudan arren. Okerrena astelehen goizeko txirrina izan zen:

-Eta? Noiz ezkonduko zara nirekin?

Plastikozko poltsan bata bestearen gainean pilatuta zeuden arrautzei begira gelditu nintzen, eta bera ezertaz ohartzerako ostikoz lehertu nizkion bat, bi, hamahiru arrautza. Ez zuen esaldiko hitz bakar bat ere aldatu. Hizki bat ere ez, bere esne koloreko eskua nire amaren ipurmasailetan paseatu ondoren.

-Sekula ez! Entzun duzu?! Sekula ez! Ezta arrautzak batere eskurik gabe puskatzen ikasiko banu ere! Sekula santan ez! -eta danbateko batekin utzi nuen atea bere sudurretik bi zentimetrora.

Geroztik ez dut arrautzarik probatu. Esnerik ere ez.

-Zer ordutan irtengo zara?

Begiak jaso gabe, burua jiratu dut Eneidaren titien bila. Zin dagizut gibela giltzurrunen aurka estutu zaidala ikusi ez ditudanean. Eneida almazenean dago... Niri ari zara?

-Niri ari zara?

-Umm... Oraindik ez nago garagardo botilarekin hitz egiteko bezain mozkortua...

-Hiruetan, hiruetan ixten dugu.

-Kasualitatea, nire etxea ordu berean irekitzen da. Gero arte, Carmen.

Carmen, Carmen deitu dit. Nire izena jakiteko galdezka aritu ote da? Lan hori hartu ote du nigatik? Hirurogei urteko gizon mozkor batek Carmen, bonita, ponme otra, esan didan arte ez naiz ohartu bularrean, hain juxtu titien parean, izaten dugun txarteltxoaz. Normala, Eneidaren izena lehendakariarena baino ezagunagoa izatea taberna honetan. Baina... zer Kristo? Nire izena jakin ala ez, neu gonbidatu nau etxera! Gaur Eneidarentzat izango dira bi kirtenak, erratzarena eta fregonarena, nik bakarrarekin nahikoa dut...

-Eneida, ez zaizu axola irteten banaiz, ezta? Ikusten duzu besoa atearen kontra duen mutil hura? Beltzaran hura. Bere etxera noa.

-Nolatan, bada?

-Halatan, potxola. ­Y no te quejes, que un mango es un mango!

Eta nire takoien soinua entzun dut atera hurbiltzen, tabernako musikaren bolumena topera egon arren. Ipurmasailak ere inoiz baino irmoago eta gorago sentitu ditut zangoen gainean, are gehiago tipo honek eskua bertan pausatu eta goazen esan didanean.

Goazen, bada. Alde zaharrean bizi da, bakarrik, aspertu omen zen pisukide mukizuez.

-Hau etxe puska... Eta hau dena zuretzat bakarrik?

-Zeure etxean zaude.

Historia, filosofia eta politikari buruzko mila liburu... ordenagailua... Idazlea zara? Musika aparatu potentea... mahai gainean Chavela Vargasen diskoa... Ez esan zuk ere gustuko duzula... Tulipan beltzak kristalezko pitxar batean... Chaplinen poster enmarkatu bat... Maitemindu egin nahi nauzu?

-Jateko ezer nahi duzu, Carmen?

Eta nire izenaz oroitu zara! Orain ez dut txartelik titien parean!

-E, beno, berdin zait.

-Nik musika aukeratuko dut, prestatuko duzu jateko zerbait bitartean? Hartu nahi duzuna hozkailutik, niri tortillatxo bat egiten badidazu... eskertuko dizut!

Nola ez, nola ez. Egingo dizut. Hori eta nahi duzun guztia, laztana.

...Slow down everyone you're moving too fast...

Jack Johnson. Nola ez, laztana. Ordenatuta dauzkazu arrautzak hozkailuan, bakoitza bere zuloan. Birekin nahikoa izango duzu, laztana? Baietz uste dut. Ai, ene, laztana, ez didazu sinetsiko, esku bakarrarekin hautsi dut. Ezkondu egingo gara? Zu eta biok. Bakarrarekin egin dut, laztana. Bai?

-Zer moduz doa tortilla hori?

-Ikaragarri ondo, hatzak miazkatuko dituzu. Gainera arrautzak esku bakarrarekin hautsi ditut, eta badakizu zer esaten zuen gure amak horri buruz?

-Zer esaten zuen?

Eta gonaren azpitik nire ipurmasailera daramazu zure esku bihurria, laztandu duzu... gustatzen zait, laztana. Indarrez Estutu...

Eraztuna duzu hatzik luzeenean.
2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta