Idazleak - Urtzi Urrutikoetxea Vacas - Laginak - Auzoak

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Urtzi Urrutikoetxea Vacas > Laginak

Narratiba

2005 Auzoak | EEF eta Susa

Eduardo Herrero


ARGI esan zioten: Hau ez da zure moduko norbaitentzat pentsatutako lana. Gazte jendeak egin ohi du. Ikasten dabiltzan bitartean lagungarri zaie, ez askoz gehiago ordea. Inondik ere ez familia aurrera ateratzeko beste. Gure aldetik, prest bazaude, ederto.

Gustura bidaliko zukeen popatik putakumea. Sintzeritatea eskertu behar ziola zirudien, gainera. Baina berriz ere burua makurtu, baietz labur erantzun eta beharrari ekin zion biharamunean.

Ezinbestean hartu du. Derrigor. Langabezi saria amaituta beltzean ibili beharra dauka, autonomoetan alta emanez gero zulora doa-eta artez. Antzina ibili gabeko hiriko bazterrak ezagutzen hasi da atzera. Egunik egun jarraitu du egunsentia atzeratzen. Atzo Iralako ataritik ateratzean eguzki printza txikiak sumatu zituen, gaur San Adrianen ilun dago oraindik. Baina bezeroek lehen orduan behar dute egunkaria.

Eta kazeten ostean beste banaketari ekin behar. Kontuak oker doaz: zorrak geroz eta gehiago, Edu gaztea adinean gora, gastuak berdin, buruko minak ere bai, eta autoak aurki hartuko du Eduardok berak behar duen baja. Ultzera gaiztotu egiten zaio auto berria hartu beharko duela eta hilabete amaieran zeinen gutxi aurreztu duen jakinik. Lasaigarri bakarra dauka: aitak ezin ikustea egoera honetan. Sasoiz hil zen hamahiru urterekin Labe Garaietan mutil sartu eta buzoko orbanei hain harro erreparatu zien gizona.

Zorrotzatik Gurutzetara. Hemen inguruan bizi zen Enrique, makinak atzamarrak zanpatu zizkiona. Eta non dira besteak? Gerardok taberna jarri eta itxi egin behar izan zuen. Jose Miguelek aurrejubilatzea lortu zuen apur bat gehiago jarraituta. Rafaren negozioak ere porrot, eta gero bestea etorri zen, emaztearekin etetea eta hori guztia. Paulino izan zen zerbait egin zuen bakarretakoa. Nork esango zukeen hain galduta zebilen soldadoreak eurek baino aterabide hobea topako zuenik? Barakaldoko eraikuntza-enpresa batean sartu zuen lehengusuak, zinegotziak, eta denbora gutxira erosi zuen etxea errekaz bestaldean, Algortan edo Sopelan edo hor nonbait. Baina tira, ez litzateke haren larruan ere jarriko, egun osoa bizkartzaina segika. Kaskotik makal dabilela da entzun duen azkena.

Martxa jaitsi eta motelago jarraitu du Eduardok, horrela autoaren zarata ere apalduko delakoan. Gero alkandorako poltsikotik zigarroa atera, bolantea eskuz aldatu, su eman eta irratia piztu du. "Ea zer berri dakarren egunak", esan du tabakoari atxiki luzea emanez gustura.


Pedro Aretxaga


IRRATIZ jakin du autobideko ilaren berri. Errepidetik jarraitu du, sasoi gogorretako aurrien parean: txatarrazko mendiak, kristal hautsizko lantegiak, gasbide agortuak, mineralen garraioko hodi uherrak, eta inoiz jausi behar ez ziren hormak borroka galduen pintadekin. HB, PSOE, Nuklearrik ez, PCE, EE. Hondea-makinek ahaztutako murru bakoitza ezagutzen du Pedrok.

Lutxanatik aurrera, Nieves herdoila ageri da Erandioko aldean hondartuta. Galindoz gaindi La Iberiararantz Navaleko azken beharginak ikusi ditu kalean, buzoak soinean eta pneumatikoak pilatzen. Itzulera nondik egin zalantzan egin du porturakoa, gaur ere bidea moztuko dute.

Arabella C-k ikatza Pasaiara. Bremer Saturn aginduen zain. Laudio amonio sulfatoarekin Waterford-era. Nieves B-k edukiontziak Algecirasera. Doerte-k edukiontziak Dublinera. Rheintal-ek edukiontziak Tiburyra. Cgni Chagres Dunkerquera. Arreta handi barik begiratzen du eguneko operazioen zerrenda. Luzea da, erdibidean galdu egin da. Thor Pilot. A San Petersburgo irakurri du. Leningrado dakar parentesi artean. Asteburuan libratuz gero aitagaz Zugaztietara itzultzea polita litzatekeela bururatu zaio. Denbora da Larrañetako funikularrean igo ez direla, xanpainez bustitako indaba-jana egiten.

Kaian galdu du begirada Pedrok. Abra aurrez aurre dauka bere zabalean, Luzero lurmuturreko murruak itxita. Moilan, hozkailu biltegi berriak, zubi-garabiak, arku-garabiak, ro-ro arrapal haiek, gordailutegi frankoak eta, bukaerako estazioak edozertarako prest, sueltoko likido zein solido, edukiontziak...

Transtainer-garabiek atseden barik dihardute beharrean, 20 eta 30 tonako edukiontzien garraioan. Pedrok zigarroa atera du apur bat lasaitzeko, lana amaitu eta ahalik eta bizkorren autobidean behar du atzera. Nekatuta hasi du astea, eta gasolioa gorantz etengabe.

Arklow Bridge Immingham-dik gariarekin. Dornum Newportik altzairuzko bobinekin. Wilster Avonmouth-etik burdina-txatarrarekin. Sidsel Knutsenek gasoila Amsterdam-dik. Dakartik Berkay N (Turkiako bandera) 1.723 tona burdina-txatarra.

Babo hura han sartu ote da? Zoroa edo desesperatua behar du. Ausarta, edozelan ere. Portuko hesian hurbildu zaio neska afrikarra, etsita, galdetzeko mesedez, inork ez dienez arean esaten. Badakite ez zela Kanarietan lehorreratu. Itxaron egin zuten eta berririk ez. Eskifaia gezurretan dabilela ontzian inor ez zegoela esanez, Dakarren igo baitzen. Eta itsaso zabalean... pentsatu ere ez duela egin gura diotso odolez gorritutako begi ilunekin begira. Sentitzen duela baino ez dio ihardetsi Pedrok, saiatuko dela baina hori Poliziari, abokatuei, epaileei esateko. Berak edukiontzi batzuk jaso eta berehala alde egin behar duela.

Kanarietan ez zen inor jaitsi. Ferrolen ere ez. Polizoirik ez, desagertzerik ez. Edukiontziak ondo zigilatuta dauden begiratu du Pedrok, eta portutik irteteko paperak prestatu ditu. Ez du arazorik gura. Bidaia luzea dauka oraindik.


Olatz Fernandez eta Marta Arana


- TEIE , esniegaz?

- Bai, apur bet, mesedez. Eskerrik asko. Azukera gehidxaurik?

- Kutxarada bi. Bero dau ondino.

- Lasai hartuizu, eztau prisarik. Ederto berotuko zatu, holango egunien.

- Salda beroa hartuten gabizela emoten dau.

- Nik eskuek arrimau biodaz ba. Hotzitute nabil.

- Ekastezuz eskutxuok. Bero-bero igurtzikotsudaz, inok igarri barik.

- Mmm... Edaizu kafie, hotzitu orduko.

- Bart zugez in dot ames.

- Gurotsut.

- Zer?

- Ezebez. Lelokeri bet.

- Ni'pe bai.

- Zer?

- Ezebez. Itxizu.


Youssou Ndiaye


ZORRO handia lepoan, Youssouk hiriko kaleak zeharkatu ditu autobus geltokira bidean. Kaleak hutsik, auto gutxi, semaforoak zereginik gabe aldatzen dira kolorez. Inork ez die Youssouren urratsei jarraitzen. Gauaren ilunean galdu da, pauso irmoz, atzera begiratu barik. Ez du azken oroitzapenik gordetzeko ahaleginik egin, ez du indar gehiago hiri heze honetan galdu gura. Alde egiteko behar dituenak doi-doi.

Badoa Youssou. Esan ziotenik ez du aurkitu. Salif da utziko duen bakarra. Oraindik posible dela uste du gizajoak, hor nonbait dagoela bere aukera. Ez zuen abegi onik eskatu, ez zuen irribarrerik eta zintzotasunik eta etxerik nahi. Lana. Hori zen dena. Nork pentsatu, ordea, ezintasunak itoko zuenik, hain arrotz eta hain hurko zuen gauza zuri horrek.

Iparra aipatu diote. Hau ez ei da benetako iparra. Han dena ei da hotza. Gogorra dela esan diote. Horregatik direla aberats. Baietz. Horren bila dabilela, hizkuntzen, irribarreen eta besarkaden aurretik. Hemen ez dagoen, hemen erdietsi ez duen horren guztiaren bila. Ez zela maitasun bila abiatu, eta Afrikaz gero ez dagoela kolorerik, usainik, sustraituko duenik.

Badoa Youssou. Ez daki nora, baina badoa hemendik. Izango da beste hiriren bat, izango da aukera gehiago emango dion txokorik, izango da nonbait Youssou ments duten lekuren bat. Iparreko hiriren bat. Autobusera igo da. Badoa, atzera begira hiriak eta hiriak, itxaropen urrunak. Eta familia, urrunago. Autobuseko leihotik, hiriko azken argiak, autobideko farolekin nahastuta. Distira marra bat gau beltza ezabatzen.
2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta