Idazleak - Ur Apalategi Idirin - Laginak - Ipuin lehiaketena

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Ur Apalategi Idirin > Laginak

Narratiba

Ipuin lehiaketena |

Orain dela hiru urte hasi nintzen ipuin leihaketak irabazten. Parte hartu dudan ia guztiak irabazten, zehatzagoa izateko. Literaturzaletasunean betidanik kide dudan Gotzon harritzeraino irabazi ere. Ez zidan ezagutzen halako dohairik idazteko. Nik neuk ere, egia esan. Ikastetxean geundenean bidaliak genituen hainbat ipuin ezker-eskuin Gotzon eta biok, geihenetan zorte gehiegirik gabe. Eta zortea egon zen aldi bakanetan beti Gotzonen aldekoa izan zela ere aitortu beharra daukat. Bigarren sariren bat edo beste irabazi zuen berak. Nik, aldiz, beti pott. Eskuarki, nire ipuinak bereak baino gezagoak izaten ziren. Ez bide nuen ausardia nahikorik epaimahaiak liluratzeko edo bederen limurtzeko. Idazkera ahula zen nirea -orain ondo ohartzen naiz horretaz-, bai idazkerari bai nerabiltzan gaiei zegokienean. Hortik bere harridura ipuin erotikoen leihaketa hartan (irabazi nuen aurrenekoan) jasotako taloia eskuan nuela agertu nintzaionean Jaurlaritzako kultur zerbitzuko bulegokideon asteroko bilerara.

Gotzon eta bere emazte Rosa, zeina euskara irakasle zorrotz bezain estu horietakoa baitzen, hiriko jatetxerik garestienean afaltzera gonbidatu nituen. Moskeo galanta beraiena. Mila galdera jeloskor nahiz sinesgogorrez eraso zidaten itsasoa ikusmiran zuen jatetxearen gela ederreneko mahaiaren inguruan hirurok eseri bezain laster. Nola ez, ipuinaren aldaki bat eraman nien, batak lehenik eta besteak ondoren, txintik atera gabe irakurri zutena. Ipuinaren kutsu misogino eta gordinak Rosaren emakume sentiberatasuna mindu omen zuen. Gotzon, berriz (aitortu ez zuen arren), ipuinaren kalitate ukaezinak mindu zuen. Egoera normalean gogorragoa izango zen Gotzon-eta-Rosaren erreakzioa baina, jakina, halako afari bat eskaini nienez gero ez zuten adeitasunaren mugen barruan gelditu beste erremediorik izan.

Hortik gutxira, bulegotik hamaiketako kafetxoa hartzera joaten ginen tabernan geundela, ipuin fantastikoen lehiaketa irabazi nuela iragarri nion lankideari. Irudimen pobrea nuela leporatu ohi zidan Gotzonek ikastetxe garaiean. Elkarri « kritika eraikitzailea » egiteko ohitura hartua genuen ordu hartan, nahiz eta ia beti bera izan eztena sartzera ausartzen zen bakarra. Eta, egia esan, ez zitzaion arrazoirik falta geroztik nire gaztaroko narrazio haiek berrirakurriz konprobatu ahal izan dudanez. Aldi hartan ez nituen afaltzera gonbidatu. Zer arraio. Irabazitako dirua bidaiatzeko baztertu nuen. Aspalditik egin gogo nuen peregrinazioa burutu nuen San Petersburgera, Fedor Dostoievskiren apartamentua eta bidenabar auzoa bisitatzeko asmoz. Aurkitu nuen postalik ederrena bidali nien Gotzon-eta-Rosari bertatik, hori bai. Ez dut uste grazia gehiegirik egin zienik jarri nuen azken esaldi hark : «hurrengo leihaketetarako inspirazio bila hemengo gau zurietan murgildurik dabilen zuen adiskide Joxemanuren musuak».

Hamargarren lehiaketa irabazi eta gutxira, argitaletxe zenbait nirekin kontaktuan jarri zen ipuin bilduma bat osatu eta kaleratzeko proposamenarekin. Gotzon-eta-Rosari beraien iritzia eskatu nien, ez bainekien ondo zeinekin argitaratu. Esan gabe doa eman zidaten aholkuaren kontrako aukera egin nuela. Orduan Gotzon gaisotzen hasi zen. Egin berri nion iraina protestarik gabe irentsirik, apal-apal, aukeratu berri nuen argitaldariari bere ipuinak aurkeztuko ote nizkion galdetu zidan goiz batez, nire bulegora hurbilduta. Baietz esan nion gaisotasunak konkortzen hasitako bere bizkarrean txaplako adiskidetsu bat emanez. Noski, zaila izango zela ere gaineratu nuen, ez zela garai batean bezala euskaraz idatzitako oro kaleratzen. Ez zuen nire ironiari erantzuteko indarrik ere jada gizajoak.
Hortik hiru hilabetera eraman zuen minbiziak. Rosari Gotzonen omenez idatzitako heriotzari buruzko ipuin berri bat, hau ere saritua, eskaini nion ohiko lore koroarekin batera.

Udaberri honetan atera den nire bilduman sartu dut ipuina, eskaintza eta guzti. Arrakasta izaten ari da liburua. Normala, ipuinek duten kalitatea ikusita. Eta ez diot hori harroa naizelako. Aitzitik, objektibotasun eta miresmen osoz diot ipuin bikainak direla nire bilduman agertzen direnak. Euskal idazlerik onenek idatzi dituztelako. Eta agian -nire buruari merezi duen apur hori behintzat eman diezaiodan-, gai jartzaile ona eta testu aukeratzaile zein makilatzaile ona ere banaizelako.

Orain hiru urte, goizeroko kafetxoa hartzen ari ginela Gotzonek esku artean zuen lanaren berri eman zidanean, bururatu zitzaidan guztia. Administrazioa euskaraz aldizkarirako euskal idazleak kontaktatzeko, ipuin baterako gaia jarri eta ordaintzeko ardura zeukan berak ordu hartan. Oporretan zegoen egun batean, bere bulegoan sartu eta miatzen hasi nintzen. Idazleei bidali ohi zien gutun eredua eta ordainketak bideratu ahal izateko papereria ostu nituen, oraindik material horrekin zer egingo nuen zehatz-mehatz jakin gabe. Ramon Saizarbitoriari bidali nion lehen gutuna, aldizkarirako ipuin erotiko bat eskatuz, eta gezurra dirudien arren bidali egin zidan hortik hiru astera. Ipuin horrekin irabazi nuen lehendabiziko lehiaketa hura. Aldaketa txiki batzuei esker -pertsonaien izenak, adibidez, edo ipuinaren titulua- laster bereganatzen nituen testuak eta ordainketarena ez zen arazo bat. Izan ere, idazleei agindutakoa beti ordaindu bainien, edozein zelarik ere aldizkarirako argitalpena bertan behera utzi behar genuela justifikatzeko erabiltzen nuen aitzakia. Nolanahi ere, lehiaketei esker irabazitako dirutza idazleei bidaltzen niena baino askoz ere handiagoa zen. Geroztikoak ez du azalpenik behar.
2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta