Idazleak - Ur Apalategi Idirin - Hemeroteka - Sasoi guztietarako liburua

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Ur Apalategi Idirin > Hemeroteka

Argia

1997-06-22 Sasoi guztietarako liburua | Iker Estala

Betidanik izan dut gizakiarengan sinesteko joera, nahiz eta batean edo bestean, zango trabatu bat edo beste jasan izan. Altxatu eta aurrera, hurrengorarte. Hala ere Ur Apalategi Idirinen “Gauak eta hiriak” eleberria irakurri arte, ez nituen gizabanakoen arteko harremanak horren ezkor eta ilun ikusi.

Sentimentuz beteriko liburua kaleratu du. Bete betean asmatzen du gaurko gizartearen erradiografia egiterakoan, ondo ezagutzen ditu gizakien arteko erlazio ustel eta azpijokoak.

Liburuan, hiru protagonisten (Antton, Felix eta Muriel) artean sortzen diren harremanak erretratatzen dira: jelosia, gorrotoa, adiskidetasuna, maitasuna… Gezurretan eta usteetan finkaturiko adiskidetasun eraikinak sortzen dituzte. Portaera berekoi eta ilunek, satorrak bailiran, eraikinaren oinak xakutu eta adiskidetasunak porrot egiten du. Denek dute helburu izkuturen bat: Anttonek segurtasuna, oldarkeriak bultzatuta; Felixek, lagunengandik urrun dagoenerako adiskide bat izatea; eta Murielek, bere barruak berotzen dituen mengantza aurrera eramateko tresna aurkitzea.

Donostiako gau giroak, talde politiko radikal eta sutsuak eta Iparraldeko Aberri Egunak ez dute idazlearen begi zorrotzetatik alde egiten. Ironiaz beteriko idazkeraz, dantzan jartzen ditu.

Ez pentsa ordea gizartearen kritikan oinarrituriko liburua duzunik honako hau. Erlazio pertsonal eta afektiboen kontaketa hotz eta lehorra da, galderak eginez, baina erantzunak eta interpretazioak irakurleari utziz.

Liburu irakurgarria duzu, plazerrez dastatzen dena. Hasi ezkero ordea, eutsi lehenengo orrialdeei, hauexek baitituzte pasarte korapilatsu eta astunenak. Horiek irakurriz gero, kitto.
2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta