Idazleak - Ur Apalategi Idirin - Hemeroteka - Hiru ziren hiru

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Ur Apalategi Idirin > Hemeroteka

Diario Vasco

1997-06-07 Hiru ziren hiru | Felipe Juaristi

Idazle izateko irakurle ere izan behar dela esan ohi dute literatur-kanonek. Eta ez irakurle nola-halako, erdipurdizkoa, aparta baizik, neurriz kanpokoa. Liburu hau irakurri ondoren, Ur Apalategi irakurle ona dela ez dut zalantzan jarriko. Testu osoan zehar, han-hemen dago literaturari buruzko gogoeta franko, idazteari buruzko pentsamendu ugari. Egileak berak dakartza orrietara euskal literatura modernoak bururarazten diona: erruralismoa, modernidadea, idazlearen beraren jokaera… Interesgarria iruditzen zait hori, liburuko narrazioa bera bainoago. Esan behar dut, hala ere, literatur aipamen eta iruzkin horiek liburua baldintzatzen dutela, liburuari doinu akademizista ematen diotela. Ez dira bestalde gogoeta pisu eta mamitsuak, nahikoa abespeluan ateratakoak baizik. Beraz, saiakera batean sartzekoak ez direnez, nobela batean bakoitzak bere tokia dute, pertsonaien ezaugarrien araberakoa batzuetan, haien ezagutza aberasten dutenak besteetan. Markatu egiten dituzte pertsonaiak, eta ez gutxi.

Hori ez litzateke arazoa izango, nobelaren hezurdura narratiboa sendoa balitz, berariz eta bere indarrez sostengatzeko ahalmena balu. Ur Apaletegirena ez da tesi-nobela, nahiz eta berak bere tesia edo iritzia duen literaturari buruz. Gaur egungo gizarte euskaldunean gertatzen dena kontatu nahi du. Den-dena ez, ezinezkoa baita, beste era bateko nobela beharko litzateke horretarako eta Gauak eta Hiriak, luzea izan arren, ez da nobela konplexua. Hiru pertsonaia nagusi azaltzen zaizkigu, Iparraldetik begiratuta nahikoa errepresentatiboak izan daitezkeenak: Hegoaldeko mutil bat, sortzez eta adimenez hiritarra; Iparraldeko beste mutil bat, sortzez baserritarra, dagoeneko hiritartu samartua; eta hirugarrena, emakume bat, bien kontrapuntua, nolabait esateko. Ez da maitasun istorio soila, lehen maitasun istorioa, zehazkiago esanda. Hiru pertsonaiek elkarren artean bizi dituzten harremanen kronika da gehiago. Egileak bakoitzaren ahuleziak eta sendoak kontatzen dizkigu. Pertsonaien barne-mundua ondo deskribatuta dago eta, horixe da, ene ustez, nobelak daukan baliorik handiena. Pertsonaiak munduan libre uzten dituenean edo eta mundu horren deskribapena egiten saiatzen denean, ahuleziak nabarmendu egiten dira dira, astun samarra gertatzen da nobela. Hala ere, idazle manerak ditu Ur Apalategik eta zati interesgarri asko ere bai estreinako bere nobela honetan
2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta