Idazleak - Txema Garcia-Viana Arenales "Kartxi" - Laginak - Abrahamen liburua

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Txema Garcia-Viana Arenales "Kartxi" > Laginak

Narratiba

2004 Abrahamen liburua |

Haize kirri batek altzifreen adaburuak leunkiro makurrarazten zituen hilobien gainean. Harrigarria bazen ere, amonaren hiletetan baino jende gehiago inguratua zen kanposantura. Haietako asko aurpegiz baino ezagutzen ez nituenak; eta baita, bakarren batzuk bederen, behin ere ikusi gabeak. Ainarak, emazteak, nire eskua irmoki estutu, eta Maddi beregana erakarri zuen. Ederki asko zekien andreak aitonaren itzala zenbaterainokoa zen niregan, eta zinez eskertzen nizkion estualdietan familia baturik egoteko egiten zituen ahaleginak.

Apaizaren lehengo hitzekin bat, hain gazteak ez ziren lagun batzuek errepublikako bandera eta faxismoaren kontrako pankarta luzexka bat zabaldu zituzten; ukabila gora eta aurpegia (amorruz?) tinkaturik zeukaten. Apaiza, nonbait, agerraldiak ezustean harrapatu, eta tinko begiratu zidan, aurretiaz gaztigatu ez nuelako kargu hartuz bezala. Nik bizkarrari eragin eta, keinu batez, jarraitzeko eskatu nion. Otoitzeko lehengo hitzak birjaulki zituen, purrustaka iduri oraingoan.

Bat-batean, haize ufada bortitz batek lurreko orbela aireratu zuen; jendeari, bere nola edo hala babestu beharrez, lehengo erabateko zurruntasuna eta abadeari hatzetatik otoitz orria galaraziz. Nire gogoan ere pentsamenduak harat eta honat zebiltzan, behiala neure izaeraren zutabe tinkotzat nituen barne-barneko usteen kontra oldarka, nire baitako oreka janez, higatuz, arimaren azpilduretan har asegaitz bat atxikirik baneuka bezalaxe.

Amona dakardan gogora.

Nire aitona omen den gizon horren ondoan datzan (berak hala nahi eta) emakume miresgarri hori, istorio sinestezin honen hasiera eta ardatza dugu. Berak eman zidan, estreinakoz, aitonaren berri, eta kontatzen zidan bakoitzean, haren irudia alde oroz - milaka ispilutan gatibu balego bezala-, oinazeak erditutako malkoetan ager ohi zitzaidan, gero, banan-banan, zimurtutako masailetatik behera lerratuz, konturatu orduko guztiz desagertzen ziren arte.

Hortaz, amonak ezagutarazi zidan ontasun eta eskuzabaltasuna, besterik ez zerion gizon eredugarri hura. Txikitan heroia izan nuen aitona. Pentsatzen dut haurtzaroan denok - edo gehientsuak behinik behin - heroi baten premia izaten dugula. Besterik ez bada nola jokatu behar genezakeen jakiteko, nahiz eta, anitzetan, gure koldarkeriak edo baldarkeria nahikoa arrazoi izatea errealitatearen gorrira itzularazteko. Aitona gudaria izan zen, ondoren, Euskal Herria erori zenean, miliziano ibili zen Katalunian eta, azkenik, Frantzian, nazien kontra, faxismoari bulartsuki egin zion aurre. Eskuarki, hitzok aski ziren ikaskideak inbidiak jota uzteko. Azken finean, nork ez zuen desiratuko horrelako aiton bat izatea! Azalpenetan, berariaz, nik ondo ikasita izan arren, artean ere eskolakideek ongi ulertzen ez zituzten hitzak sartzen nituen, hala nola, makia, edo Santoñako saldukeria. Horrek, istorioari sinesgarritasuna emateaz gain, nire buruari nola edo halako jakinduri kutsua eransten zion. Beren latzean, garai zoriontsuak izan ziren haiek inondik ere!

Kontua da amona, amon kuttun laztana, ia inork ezagutzen ez duen gizon baten ondoan datzala orain. Ez dago esan beharrik, ia hori amonari berari dagokiola; baina, hori ere oso zalantzazkoa dela egiaztatu ahal izango duzue aurki.

Hariaren muturrari hel diezaiodan! Gutun bat iritsi zitzaidan xelebre askoa. Azalarengatik ohikoa ez zela antzeman nion, zinez, itxura hutsarengatik, zigiluari erreparatu baino lehenago ere. Igorlea zein zen irakurritakoan, dardarizo batean alkandorako poltsikoan sartu nuen. Arratsalde osoa eman nuen Donostiako taberna-zulo batean sarturik, zurrutari zurruta, nire umezaroaren funtsa eta izana, krema koloreko gutun-azal horrek gordetzen zuenak zapuzteko ahalmenik izango ote zuen beldurrez. Gero, begi lausoez, beste behin ere, igorlearen izen potoloa berrirakurri nuen: Ministère de la Dèfense Nationale.

Eskutitzak, begiratu batera, ez zuen zehaztasun handirik ematen. Hitz bitan: Picardie eskualdean, Anizy izeneko herrixka batean, hain justu ere, Francisco Lopetegirena izan zitekeen gorpuzkia topatu zela, ustekabean, etxalde baten berrikuntza lanetan. Beraz, aberriratzeko interesik izatera, ezinbestekoa omen Parisera joatea hilotzaren nortasuna egiaztatzera. Zur eta lur gelditu nintzen. Duela hirurogei urte inguru lurpean egondako hilotz bat identifikatzea? Une batez, inora ez doan burokraziaren bidezidorrean galdurik ikusi nuen nire burua. Oroitzapena, haatik, jokoan zen: aiton, amon eta haurtzarorekikoa. Horrenbestez, halako bidaia bat justifikatzeko adinako motiborik bazegoen egon; horrela ziostan, behintzat, neure barne-barneko ahots xume batek.... Baina aski ene burua zuritzeaz! Jakin-minak bultzatu ninduen, gehien bat, Parisa joatera.

Bidaia hegazkinez egin nuen, lehengo mailan. Gastuak oro defentsa ministerioaren kontura, horrenbeste zor diegu geure askatasunarengatik hil ziren heroiei argituko zidan, gerora, bisai zurbileko funtzionario lasaiegi hark.

Nire bidaiaz ez dut gehiagorik esateko, hori bai, ministerioan sartu aurretik pare bat orduz ibili nintzen inguruko kaleetatik noraezean, urdaileko korapiloa lasaituko al zitzaidan. Alferrik. Ondoren, eraikuntza postmoderno ikaragarri hartan sartu eta zain gelditu nintzen, zain larru beltzezko sofa batek erdi irentsirik, funtzionarioen joan-etorri mantsoei so.

Eskaini zizkidaten datuen arabera, nire aitonarena ez zen, nonbait, leku hartan topatu zuten gorpu bakarra. Bai, oso borroka gogorrak egon omen ziren ingumari hartan makien eta nazien artean; bonbardaketa ugari ere bai. Agian, nazien kontrako enfrentamenduren batean hil eta borrokaideek beraiek ehortziko zituzten. Hitzok nire belarrietara iritsi ahala, triskantza eta balentria, loria eta gorrotozko garai haietara eramaten ninduten pixkanaka-pixkanaka; eta nago, funtzionario haren hitz-jarioaren uneren batean, ez ote zitzaidan malkoren bat betertzetik atera ihesi egin nahian. Eta eman behar zidaten informazioa, protokolo grisenaren ildotik bideratua zegoela uste nuenean, orduantxe ustekabea. Hilobi hartan, eta hezurrez gain, beste hainbat objektu azaldu omen ziren. Metalezko kutxa txiki batean gordeak egon izanak elementuen higaduratik babestu zituen. Gauza arruntak, antza, zera... pare bat argazki, eta hizkuntza ezezagun batean idatzitako hainbat orri eta eskutitz bat. Gutunean ageri ziren igorle eta hartzailearen izenengatik, gorpuzkia Francisco Lopetegirena izan zitekeela ondorioztatu, eta familiarekin harremanetan jarri ziren. Gauza haiek nire aitonarenak zirela egiaztatzen banituen, beraiek arduratuko ziren, nahi izatera, hilotzaren aberriratzeaz; halaber, Frantziaren alde bizia ematearen ordainez, ohorezko domina eta diploma emango zizkioten - haien esanetan: ohiko honneurs militaires post-mortem - ; orobat, ba omen zegoen alarguntsak ministeriotik pentsio txiki bat jasotzeko aukera, horretarako, beharrezkoak ziren inprimakiak eskuratuko zitzaizkidalarik.

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta