Idazleak - Txema Garcia-Viana Arenales "Kartxi" - Hemeroteka - Ertarora misteriozko bidaia

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Txema Garcia-Viana Arenales "Kartxi" > Hemeroteka

Susa

Deia, 2007-10-23 Ertarora misteriozko bidaia | Lorea Amilibia

Arkitektoa / Txema Garcia-Viana / Euskaltzaindia / BBK, 2007

Ertarora misteriozko bidaia Lorea Amilibia / Deia, 2007-10-23

Misterioa du ardatz Txema Garcia-Vianak, Kartxik idatzitako Arkitektoa izenburu duen eleberriak. Erdi Aroa garai aproposa da horretarako, egileak frogatzen duenez. Eliza baten eraikuntzan sortzen da misterioa, eta beronen ikerketa da istorioaren gai nagusia. Ikerketak aurrera egin ahala, orduko gizartearen gorrotoak eta haustura latzak agerian uzten dituen kontakizuna da 2006ko Txomin Agirre saria jasotakoa. Hala ere, fikzioa gailentzen zaio kontestu historikoari, batzuetan bestela dirudien arren. Izurriteak, matxinadak, heriotza… kutsu poliziakoa hartuko du orduan kontakizunak.

Horrekin batera, kontakizunerako aukeratutako Erdi Aroko momentu historikoa ere ez da nolanahikoa, zalantza askoko garai ezegonkorra da, hain zuzen, Gipuzkoak Gaztelarekin bat egin zuenekoa aukeratu baitu egileak, Txema Garcia-Viana donostiarrak. Izan ere, ordukoa da Gipuzkoa Nafarroaren mendeko izatetik Gaztelakoa izatera pasatu zen garaia. Gainera, Donostia aldean lekutu du egileak sinesgarritasunik galtzen ez duen istorioa, bere jatorriari men eginez.

Kontakizunean zehar, bestalde, ematen diren garai hartako datu asko dira egiazkoak, besteak beste, erregeak, beraien arteko tirabirak, elizak, monastegiak edota gaskoien presentzia ia absolutua garai hartako Donostian. Hala ere, egin zezakeen eleberri historikotik aldentzen da nahita, horra egilearen erronka.

Gonzalo de Montilla, eliza eraikitzeko ardura duen burgostar arkitektoa da pertsonaia nagusia, baita narratzailea ere. Halabeharrez, bere burua giro gatazkatsu batean murgilduta ikusten duen pertsonaia da arkitektoa. Bertako jendeaz eta ohiturez bere ikuspegiak ematen dituen narratzaile-pertsonaia da, are sinesgarriago eginez kontakizuna. Horretarako, oztopoak oztopo, arkitektoak eliza eraikitzea izango du helburu nagusia, garai hartan Donostian bizi zen enfrentamendu giroa gainditu beharreko traba suertatuko zaio.

Nekerik gabe doan irakurketa suertatu zaigu, hala gertatu zaigu guri bederen, Erdi Aroan kokatua egon arren istorioarekin bat datorren hizkera aukeratu baitu egileak. Hizkuntza aberatsa darabilen arren, inondik erè ulergarritasunean estropezurik eragiten ez duen idazkera du liburuak. Antzinako kutsua sumatzen zaio, hori bai, horretan egilearen eragina, zenbaitetan gaur egun hain arruntak ez diren hitzak erabiltzen dituenez.

Baina ezinbestean, istorioaren hari narratiboak du garrantzia, idazkera bigarren maila batean gelditzen delarik. Mezuak erraztasunez ematen ditu, sintaxia korapilatsuetatik ihesi… irakurleak sumatuko du horretarako ahalegina. Horixe Txema Garcia-Vianaren meritua.

Erdi Arora jauzi egiteko gonbitea da Arkitektoa, atzera bidaia. Bertako jendeak kontatutako pasadizoetara salto egiteko aukera. Gaurkotasunetik ihes egiteko parada da, deskribapen eta hainbat elkarrizketetan gertatu zaigunez… gaskoi eta euskaldunen arteko liskarrak zirela eta, esate baterako, portuko merkatari eta arrantzaleen artekoak, hain zuzen. Eta uste ez dugun bezala, orduko gizartean dena ez zen gaitza, beste askorik ere bazen… Arkitektoak horixe frogatzen duenez, Kartxiren laguntzaz.
2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta