Idazleak - Tere Irastortza Garmendia - Laginak - Izen gabe, direnak. Haurdunaldi bateko khantoreak

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Tere Irastortza Garmendia > Laginak

Poesia

2001 Izen gabe, direnak. Haurdunaldi bateko khantoreak | Pamiela

1

JAINKOEN atributua zen memoria,
eta ahaztea, gure defentsa.
Horren aurka Kainek aukeratu omen zuen
aiterririk gabe atzerria,
eta ez aberriaren anderotza.


Iraun du memoriak, hala ere,
beldurra bizirik izan baita geroan,
eta hartara ez da izan bakartasunik,
isila, ukatu eta ukazioan
etendako solasean
hedatua zena baizik

eta gu oroitzapenei esker kuxkurtuak
ahanzturaren sabelean
izuak xerkatu gaituen bitartean


zeren oroimena jainkoen atributua izan baita
eta ahaztea gure desenkusa.


2

Heriotza bakarrik zen bere antz-irudiko,
atzerri-hirietako haurren ezpainen xerka.
Barreiatuak zituen, ernetu eta iratzarri beharrik gabe,
apostolu eta arerioak, binaka eta saldoka
bandera gabeko herrien itsas-alorrak zeharkatzera
lehertaraztera sostean, iñularrian,
lokarru ez zitezkeen haurten nigartak,
amanda-lore eta urazukre garaia behar zutenean.

Heriotza dena bere antz-irudira zen, azpipe,
eta ezin zituzten begiak bildu,
barnean lorategi usaintsu hura jasotzeko ez bazen, sufrimenduaz erditu nahi ez ziren andreek, udazkena ertaietan,
haren antz-irudira osabete heriotza
noiz eta nola zapuztu zeudenak.


TESTAMENTUAREN AZKEN KLAUSULA

ESATEN ez dena bakarrik baita
esan behar zena
eta isilik gordea
oroimenean betirako ernaltzen dena
et'ernaltzen.

Diot guzti hau -dio-
jakinez eta hemen
aipatu izan ez dena bakarrik
dela iraungo duena
izenik gabeko memoria izuak atxekiko duena

Nola hazian hezurra
hitzean dator matxura
baina asetzen duen bakarra
oroimenaren gatzura.


SORTU zu sortzen zara
(nire baitan baina).
Ez dago sortzailerik
(esatea daukate nahi dutena idazle guztiek)
ez dago sortzailerik

ezezagunari ixten ez zaion
espazioa bakartik.

Espazioak bete egiten diar:
ez dira laburtzen
ez eta luzatzen;
ez baitira geometrikoki trasladatzen,
ez argazki eta irudietan gordetzen.

Espazioak bete egiten dira
-gure baitan aurren-.


BAKARTATEARENTZAKO jasotako edozein aukera
ere
umeontzi bihurtzen da;
hitzegiteko txanda guztietan
zure mututasuna ernaltzen da:
intimitatearen hazian
zatoz.


INTIMITATEA ere ez da baten
kontua:
zure ostikadek ondo adierazten dute
bakarrik naizen bitartean.

MUINTEGIEI begira jarrita
bildutako une sentitzen naiz.
Ez lurbira guztia,
aski da txoko bat, umel,
urtsua.

ASKOK amets egin zuten
bizitza uretan sortu zelazkoaz,
ametsak oroitzapen-uhinetan etortzen dira.


Demografoek besterik badiote ere,
ez etorkizuneko bakartateak bildurtzen nauelako,
baizik eta oroitaldian bakartaterik ez zela
jakiteak
ernaldu zaitu.


EZAGUTZEN nauzu nire baitan zauzkadalako,
eta ez zara nire itxaropena baino.
Ezagutzen nauzu, eta bereizten
arratsaldea kimatzen ari den lorazainetik,
mendietako elurra zurrupatzen duen hegoaizetik,
nahiz eta nik ezin zaitudan nire bakardadetik
berezi


-Inguratzen gaituelako?
-Ez
-Espazioak gure baitan dugulako
gaitu mugatzen.

HIRIAK dira agintarien lo-gaiztoetako
laberinto eta mapak:
ez zaitut bakarrik utziko
izkutatzen ikasten duzun artean.

ZILBOR-ESTEA da bereziko gaituena:
kalea pasata beste etxe batean bizi izango zara,
denbora pasata beste garai bateko alaba izango zara.

Eta hantxe, eta orduantxe ere zure baitan izango nauzu
kale eta denbora eta hizkera guztien ostean.


HOTZ-BEROEN paraleloetan
eta mundua estutzen duten latitude denetan
irla bakarrik ez inuzentziarentzat.

Itxaroidan, haatik,
memoriaren tranpa gainean:
amets hantu eta
ahanztura gorrienetan gardainatuek
enbarazo egingo ez duen horretan.
Itxaroidan
ezagutzen dudan oasi bakarrean,
eta luze iritzirik hagoenetan konta itzan,
zeru-lurren arteko zurubiaren mailekin,
alferrik esandako hitzak:
ezagutu dudan oasi bakarra.

 

Eta orain badakit

Eta orain badakit zoriontasunaz bakarrik idazten dugula

 

harrez gerokoan

eta badakit 2+2 zer den

eta badakit ezberdina dela ile motzaz ala ile luzeaz

iturri azpian jarri eta ilea garbitzea,

ilea busti hutsarekin

ala sakatsak askatuz garbitzea

eta ile apaindegian zintzurra okertzeko beldurrez

ala negar ezkutuan egitea

ala jaioberriaren inonzentziarekin negar egitea.

 

Eta orain,

2+2 nolabaiteko jakintza dela dakinda arren,

hala ere, orain badakit, ondo dakit, bion artean,

edozein gauza idazten dugula idazten dugula

zoriontasuna dakigulako idazten dugula

eta idazten dugula zoriontasuna.

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta