Idazleak - Piarres Aintziart - Laginak - Azken apeza

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Piarres Aintziart > Laginak

Narratiba

2005 Azken apeza | Elkar


Goizean izan naiz herriko plazan janari erosten. Ustez aski urrundu naiz Euskal Herriko xokotik eta bazter hauetan incognito nabil. Bordara heltzen ari nintzela, elizako ezkilaren soinuek harrapatu naute. Gaurko duda sakonen araberako danga saminek haurtzaroko fedearen goxoa oroitarazi didate, kontrastez, orduko ezkilen boz xoragarriak niregan ezin arribatuz ari zirela. Eta argitasunez beterik datorkit garai haietako fedea.


Zer nolakoa zen badakit, ene ustez. Urruntasunak denboraren espazioa murrizten dit. Ebidentzia bat zen, begi bistakoa, gure sinestea, nerea hasteko. Kasik pertzepzio bat, eta barnean sentitzen zenak kanpoa araberan erakustera ematen baitzuen. Jainkoa, gauzen gainean, barnean, haraindian zegoen, paradoxalki mundua den mendreneko errealitateaz hustuz. Orduko ene fedeak ez zion Jainkoaren iduriko ez zen edozein z:er bati izaterik uzten. Kristo bera, bere haragian, Absolutu huts batean endurtua zen, desagerturik. Sinesten nuen sinesten nuelakotz, ez galdera bati erantzuna eskainiz, baizik printzipio-eskabide baten bidez. Bere subsantziaz haziz bizi zitzaidan ene baitan sinesmena, trabarik gabeko ekintza tautologiko batean. Ene aitamen sendimenduez deus guti nekien, haien fedea aldiz etxeko ele eta elizarako urratsetan idatzia zen. Gauzen dorpea eztitzen zuen barneko indarrak, mundu honen atsegabei zentzu bat emanez. Gaitzaren problema etzait luzaz bururat etorri. Baina gaur... Berrikitan teologo dominikano bat, galdegiten ziotela nolaz Jainkoak bere onezian eta mugagabeko potentziarekin gizon eta emazteak oinazean abandonatzen zituen, erran omen du: "Jainkoaren inpotentzia jendearen sufrimenduari buruz, egite kreatzailearen ondorio bat da." Horrek erran nahi duela Jainkoak, gero, naturaren indarrak eta jendearen jujamendua libre uzten dituela. Orduko ene fedeak ez zuen arrazoia honela torturatzen, absurduaren kontzeptuari ez nintzaion hurbiltzen ere. Errealitate zailena jasangarria zen, Gaitza bera ez zelakotz egiazki problema bilakatu. Ateoak absurdua bere gain hartzen du, libertatez, nik ez nuen ene hiztegian sartzen, printzipioz obeditzen bainuen gertatzen zenari. Hala beharra jainkotua nuen.

Kurioski fatalismo horrek indartzen zituen ene gurasoak. Orduko fededuna ez zen egiazki jazartzen, baizik tristesia batean jartzen beharrez, Jainkoaren nahiak eta jendearen sofrikarioak halako konplizitate bat moldatzen baitzuten, dolorismo jasangarrian ordenatuz errealitatea. Zoragarria zen ene fedea, liluran bizi nintzen. Eta segur nintzen ene ingurumeneko jende osoa ziurtasun berean murgildurik zegoela: absolutuak betetzen duen espaziotik kanpo daude erlabitismoa eta subjektibismoa. Funtsean ez nenbilen Egiaren bila, banekielakotz zer egin. Banakien zer egin, jakiteko zer pentsa, ideiez segur izaiteko, behar bezala bizi nintzen. Fedea, ekintza zen. Aldi bat baino gehiagotan erran dit Serge filosofoak Platonek ez zuela honela eginen, pentsu baitu egiak duela egitea finkatzen. Ene ideiak kristau moralaren menpe zeuden eta bidea zabal eta argitsu neukan, hautzaroko lehen urratsak egiten hastera nindoala.

Hots bagenekien zer sinetsi, zer egin eta zer ederretsi. Osotasun hori, sintesia perfektu hori, Platonen Errepublikan azaldua da omen. Ordu haietan ez nituen aztertzen ideia horiek, baizik harmonia goxoan jartzen egin beharrak. Elizkizunetan nintzen urosenik. Zeremoniek, errituen errepikapen obsesio goxo batez beterikoek, eternitateak denbora jan balu bezala, aldareko urreek, arropen distirak, loreen perfumak, intsentsuak, kantuen xarmak zentzu guztiak asebetetzen zizkidaten. Sentsualitarea bera dibinisatua zen. Zeru gorenetan ikusiren genituen zoramen haiek eskuetan geneukan. Komunione handi egun eta Besta Berrietan naturaz haindiko errealitatean hegan egiten nuen. Mundu garbi batean bizi nintzela, jende onaz inguratua nintzen. Magian murgildurik. Molde horretan handitu naiz.

Gero, urteak eta urteak iragan ondoan, soilik erreboltak eman dio existentzia Jainkoari ene baitan eta ondarrean, jazarpenak berak ez zuela zentzurik, joan zait Pertsona mitikoa. Goiz batez desagertze baten aurkikuntza egin dut, absentziak ezarri nau doluan, honek iraunen zuela zenbait hilabetez. Hogoi ta hamar bat urtez arizan da lanean aldatzea. Afrikan hasia zitakeen. Eta azkenik Mariari erran nahi nituen gauza guziak ezin eginez hemen gordetzera jina naiz. Dolu bi. Sinestearena eta amodioarena. Apez xahar batek errients katoliko batek errana errepikatu dit ez hain aspaldi, nola emazteak zuen jendea Jainkoari so ezartzen eta gizonkian arimaren indarra jartzen. Ez naiz oraidanik bide horretan sartzekotan.

Naturaren konpainia isilean nago eta nabil. Bideetan, sasietan ikusten ditudan animaleen izenak ez dazkit, loreak ez dezazket d.eitu eta honela oroitu naiz gauzek eta izakiek izaterik ez dutela izendatu gabean. Hutsago zait beraz errealitatea. Deslotzen ari naiz.

Osasunak flakeziari utzi dio lekua, bihotzak amor emater duelakotz duela urte bat. Mendian goregi ez igan behar. Idaztera jina naiz eta hortarako indarra badaukat.

Parropiatik partitu naizenean, ez diet erran lagunei asea nintzela apez lanaz, arrazoi sakon baten gatik: federik eza. Kristau bati holakoa gertatzen zaiolarik, uste dut bizia bestela daramala, baina bere ofizioari darraio. Nik ez dezaket. Apez epelak funtzionatuko du, usaiaren usaiaz eta bizi behar baita, materialki eta barne-iraultza handirik gabe. Nik ez dut alegia eginen. Duela hilabete bat, hilkizun baten meza ematen ari nintzela, ongi ezagutzen dudan familiaren fedeaz jelos izan naiz eta nitaz hobendun. Han zen jendearekin kantatu dut orroaz, duda isilarazteko, duda edo ez dakit zer. Familiaren kontsolamendu eskariari erantzun dut ele xuriz, ene ahotsaren oihartzun kiretsa aditzen nuela. Eginbide horiek agurtzen ditut gaur.

Hiru egun ari naizela paper xurian isurtzen hitzen hasperena. Idatziz ulertzen dut bizi iragana, erreala izan ez den biziari mamia emanez. Hitzek justifikatzen dukete berdin gauzen ezereza. Zerbait gertatzen da, berbaren bide soilaz. Sentitzen dudana haragitu nahi dut.

Alta bizi aberatsa hasi nuen, etxen eta eskolan. Auzoko haurrekin beti josteta, noiztenka ariz baserri lanetan eta eskolan gogotik ikasten nuela, hautzaroa iragan zait lorietan. Haimaika urtetan burutu zen aro uros hura. Baionako apezpikutegiko kantorean sartu nintzen ikasketak egiteko eta kantu gregorianoz elizkizunak apaintzeko, katedralean. Laster hautatua izan nintzen solista izateko, zeremonia handietan eta ere igande arratsalde batzuz dama ongiegile baten egongelan kantatzeko. Seigarren maila egin ondoan doblatu behar nuela erran zidan buruzagiak. Harritu nintzen, notetan ez baitzen arrazoi seriosik holakorik egiteko. Gero ulertu dut nahi ninduela apez sainduak urte bat gehiago bere ondoan atxiki, xori kantari. Beldur beltzean iragan ditut han hiru urte. Fini haurtzaroko festa. Laket zitzaidan irri egitea, mugitzea, hitz egitea.
2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta