Idazleak - Pello Otxoteko Vaquero - Biografia

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Pello Otxoteko Vaquero

Irun, 1970.

Zientzia Biologikoetan eta Biokimikan Lizentziatua da eta Bigarren Hezkuntzako irakasle gisa lan egiten du.

Irungo Udalaren Plazara aldizkarian kolaboratzaile izan zen 1987tik 1992ra eta zenbait lan argitaratu du Egan aldizkarian. Gaur egun literatur kritikak idazten ditu aldizkari honetan.

Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean antolatzen diren poesia jardunaldietan hainbatetan partaide bezala aritua, hala nola, Euskalduna eta gaztea: poesia eta etorkizuna (2000), Juan Mari Lekuona, kezkaren antropologoa (2002), Jornadas en el centenario de Luis Cernuda (2002), Lauaxetan barrena (2005).

Beste alde batetik, sariak jaso ditu bertso-paperetan eta poesian, Errenterian, Pasaian eta Lasarten: 1984. urtean Bertso Paperak-Xenpelar Saria lehiaketan, eta era berean 1985. urtean Bidasoako I. Bertso Paper Lehiaketan.

"Niretzat, poesia mezu bat da, kontzeptu bat marko estetiko jakin batez hornitua. Marko estetiko honek musika eduki behar du. Hitz-jokoa ere azaltzen bada, hitzaren alderdi ludiko eta jostaria, edertasuna areagotu egiten da", adierazten du Otxotekok.

Haraindiko begiraden bila eman zuen argitara 1999an; bere lehen argitalpen honetan sinbolismoaren bideak jorratzen ditu. Geroago, Itzalaren Ñabarduretan idatzi zuen. Liburu honen aurkezpenean adierazi moduan, "barne bidaia da liburua eta kanpoan ezkutatuta dauden gauzetan, ekintzetan eta sentimenduetan arakatzea".

2003an Arnasa galduaren ondarea argitaratu zuen. Igor Estankona EIEko bazkideak liburu honen gaineko iruzkina idatzi zuen Deian. "Liburu honen lorpen handienetakoa zehaztasuna da, halako zehaztasun inperfekto bat, non heriotzaren beraren (hustasunaren beraren) ertzak deskribatzeko poema beteak, joriak erabiltzen diren", argudiatu du Estankonak.

Itzulpengintzan ere aritu da eta 2005ean Li Bai poeta txinatarraren antologia bat prestatu zuen Albert Galvany sinologoarekin batera. Aurrenekoz txinatar klasikotik euskarara itzulitako poemak Urrutira bidalia izenburupean.

 

2007an Goizalbaren argitan poema-liburua. Aire eta estilo aldaketa batez itzuli zitzaigun maitasun poema liburu honekin, maitasunaren alderdi eta ertz anitzak arakatzeko asmotan.

 

2010an Anphora baita liburua plazaratu zuen. Bere lehen hiru liburuen ildo nagusitik oraingoan ere. Gizakiaren galdera sakon iraunkorrak plazaratzen ditu, eta ohi bezala irakurlea gonbidatzen du hausnarketa horietan murgiltzera. Gehienak poema laburrak dira, eta tarteka, ilustrazio batzuk irakurketa apaintzen dute.

2008. urteaz geroztik ”Pentsamenduaren poesia” izeneko jardunaldiak antolatzen ditu Donostian eta Durangon Aritz Gorrotxategi, Juan Ramon Makuso eta Felipe Juaristirekin batera, eta jardunaldi hauen antolaketarekin batera manifestu poetikoak argitara eman dituzte.

 

BIBLIOGRAFIA

1999 Haraindiko begiradaren bila | Bermingham
2001 Itzalaren Ñabarduretan | Hiria
2003 Arnasa galduaren ondarea | Elkar
2006 Hitzezko Zubia. 5 Euskal Poeta gazte | Centro de Linguistica Aplicada Atenea
2007 Goizalbaren argitan | Erein

GEHIAGO IKUSI

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta