Idazleak - Pello Otxoteko Vaquero - Laginak - Maitasun zipriztinak

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Pello Otxoteko Vaquero > Laginak

Poesia

Maitasun zipriztinak |

MAITASUN ZIPRIZTINAK

 

 

Gurariak eta grinak

bihotzetik lez eginak.       

Txinpartak dira oroimenean:

oi maitasun zipriztinak!

 

 

 

Jaioterria gogoan

ene bihotza ahoan,

erbestean naiz kateaturik

amets etsia altzoan.

 

 

 

Zabalik da leihatila,

trabarik ez maratila.

Atera eta amiltzen gara

geure ametsaren bila.

 

 

 

Maitea zatoz, maitea,

hementxe duzu atea.

Begiradaren distirarekin

jantzirik duzu eitea.

 

 

 


 

 

 

 

Bihotza pozez abian!

Zoratu zaigu agian?

Gogoa sutan jartzen didazu

ezarian-ezarian.   

 

 

Arbolan xamur arana

lurrak amultsu emana.

Odol bizia antzaldatzen da

zure ahoan edana.                       

 

 

Ñirñirka goian izarrak,

ilinti goritan garrak.

Zuk kliskatzean, ene barnean

sortzen zaizkit maiz aparrak.

 

 

 

Itsas gaineko lurruna,

hitzen fereka urruna.

Hondartza orok jasotzen ohi du 

ele galduen marruma.

 


 

 

 

 

Zurekin dena osorik

erabat dator jasorik.

Zorionaren sakon-sakonak

inoiz ez dauka hondorik.

 

 

 

Haize xamurren fereka

xuxurla da ahopeka.

Laztan guztien arrago zara,                    

ene desiren oreka.                                  

 

 

 

Kulunka daude makalak,

uluka uso apalak.

Musu orotan lurrin gozoa

zabaltzen zure azalak.

 

 

 

Itsas enarak balantzan,

buia uhinetan dantzan.

Zure distirak beldurrik ez du

ekaitz aldiko zalantzan.

 


 

 

 

 

Ilunak distira kendu

estalkiaz egiten du.

Esku biekin arnasa jasoz                       

argia ezin da zendu.

 

 

 

Goiz argiaren laztana

gogoz dator guregana.

Maitasunaren indar betea

dohainik zaigu emana.

 

 

 

Gaur ihintza esnatu da goiz,

larre berdean edonoiz.

Zure eskutik edonoraino

joan nahiko nuke inoiz.

 

 

 

Sartalderantz doa Minho,

itsasoa ez da laño.

Benetan zaitut zu maiteago

kaioak kresala baino.

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta