Idazleak - Pello Otxoteko Vaquero - Laginak - Goizeko kafea

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Pello Otxoteko Vaquero > Laginak

Poesia

Goizeko kafea |

GOIZEKO  KAFEA

 

Gaur berriz ere kafea egin dizut,

egunero bezala.

Kafe bizia, lurrintsu eta sarkorra.

Eta zure ohiko keinuaz

ongi etorria eman diozu,

begi itxiekin usaindu

eta asetasunez arnasa kanporatzerakoan

irribarre bat oparitu didazu,

egunero bezala.

 

Batzuetan gozoa nahi duzu, bi goilarakada.

Besteetan gutxiago, goilarakada bakarra.

Oso noizbehinka garratza, azukrerik ez.

Baina betiere beroa,

egunero bezala.

 

Kafearen zaporea irensten duzu

tostada, galleta edo ogiaz lagundurik,

azkenean olioz zipriztintzen dituzu guztiak,

eta kafearen indarra olioaren bizitasunaz

zure izatearen egonarrian bermatzen duzu,

egunero bezala.

 

Goizak triste, pattal edo motel has daitezke,

eta gure umorea erresumindua edo alaia,

bezperaren arabera, jaiki daiteke.

Baina kafea hortxe izango duzu

beti bezain bizia, lurrintsu eta sarkorra,

zuganako nire maitasuna

kafe katilu horrekin esnatzen den modura.

Egunero bezala.      

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta