Idazleak - Pello Otxoteko Vaquero - Laginak - Gereziak dastatzen

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Pello Otxoteko Vaquero > Laginak

Poesia

Gereziak dastatzen |

GEREZIAK  DASTATZEN

 

Gereziak eskaintzen zenizkidan

eskutik eskura

eta ondoren zure mihiak

gerezi berberak bilatzen zituen

ahotik ahora.

 

Ganbiltasun biribila

balizko lerro batez eteten dena

meridiano batek Lurraren bueltan lez;

eta zurtoina,

goiko konkaduran sartzen da

fruituaren mami-barruraino,

bertan hazia topatzeko.

 

Eta gereziak eskaintzen zenizkidan

eskutik eskura

zure laztanen beroak

pentsamenduak aztoratzen zizkidan bitartean

unetik unera.      

 

Gerezien eskaintza gozoak

ezari-ezarian

zure ezpainak gorritzen zituen

irribarre horren gerizpean.

 

 

 

 

Gereziez margotzen dituzu

mundu honetako grinak,

gereziez bizitzen ere

zorion eta saminak.

 

Gereziak dastatzen amaitu genuen

goizetik gauera

baina zure mihiak

gereziak bilatzen jarraitu zuen

ahotik ahora.

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta