Idazleak - Pello Otxoteko Vaquero - Laginak - Eztia ari du

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Pello Otxoteko Vaquero > Laginak

Poesia

Eztia ari du |

EZTIA  ARI  DU

Eztia ari du.

Eztia ari du goian-behean.

Zerua goibel dago

baina ostarteak azaldu dira,

eta eztia dario zeruari tantaka

hodei hutsarteetatik barrena,

eguzkiaren errainu bakartiek

ezti-tanta bakoitza isla doratuaz

apaindu eta argitzen duten bitartean,

eta nerabe naiz ironia honen gaixotasunean

ezti-jario jantzian blaiturik.

Eztia ari du.

Eztia ari du goian-behean.

Eta zeruko katilu bakoitzean

tantak erortzen dira

urdin polit hori den edabea

goxoagoa bihurtuz.

Istant ttiki horiek

zure begiradan bat eginik

miragarri dira kliska bakoitzean.

Sua dantzan ikusi dut

lurraren gainean,

kantua arnasten sumatu

melodia guztietan,

baina sekula ez dut

zerua eztiz estalia ikusi

zure ondoan nagoenean bezala.

                                        

Eztia ari du.

Eztia ari du goian-behean.

Ezti bakartia, ezti basatia,

larresoroak estaltzen ditu

ihintz hozkirri goxoaz eta distira finaz.

Euri marmartiarra,

eztizko tantek

hodeiertza margotu dute

zerua eta itsasoa

urrezko marra batez bereiztuz.

Eztia ari du.

Eztia ari du goian-behean.

Eta erraien barnean

zerua irekitzen didazu

zeru  urdina

eztiz gozatua.

Ederra zara olatuen antzera

ederra zara zu eta zure laztanaren harrera

eta ederragoa da zure begiradaren xera,

eta nerabe naiz ironia honen gaixotasunean

ezti-jario jantzian blaiturik.

Dirdaitsua eta neurrigabea eta zeharrargitsua,

honelakoxea da zure ziurgabetasuna.

Zinez ez dut inoiz hala ere

zerua eztiz jantzia ikusi

 

zure kantuaz liluraturik

 

                                   nagoenean bezala.

 

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta