Idazleak - Pello Otxoteko Vaquero - Hemeroteka - Maitasunaren argitara

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Pello Otxoteko Vaquero > Hemeroteka

Susa

2007-10-26 Maitasunaren argitara | Felipe Juaristi

Poeta batek; are gehiago, poeta hori gaztea bada, bere ibilbidea egin beharra dauka. Ibilbidea, gehienetan, nekea ez ezik, latza ere izaten da, poeta izatea ez baita, dakienak badaki, eta ez dakienak ez du zertan jakin, lanbide erraza. Asko dira lehen poema liburua kaleratu dutenak; gutxiago, bigarrena ere kaleratzera ausartu direnak. Hortik aurrerakoa heroismo modukoa da. Poesiak ez baitu, oro har, esker onik jasotzen, ez irakurleen aldetik ez gizartearen aldetik ere. Prosak esker onik jasotzen ote duen bestelako galdera da, eta bestelako galderek bestelako erantzunak eskatzen dituzte. Beude, beren horretan, oraingoz bederen, erantzunaren zain. Bizitza, neurri batez, erantzun zain egotea da. Ez dakit baieztapenak poesiarekin zerikusia ote duen, baina bai egiarekin, edo bere irudikapen prosaikoarekin, alegia errealitatearekin.

Goizalbaren argitan Pello Otxotekoren laugarren poema liburua da. Poetak, dagoeneko, badaki edo jakin behar luke bizitzaren eta poesiaren arteko harremana zein den edo zein izan daitekeen. Bizitza oso poetikoa eta poesia ere oso bizia izan badaiteke ere, beti ez dago berdintasunik, edo berdintasun osorik, poesiaren eta bizitzaren artean. Bizitza alde batetik joan ohi da; eta poesia, bestetik. Baina batzuetan topo egiten dute, bizitzak eta poesiak, eta nahastu ere bai. Minak ekarri ohi ditu bata zein bestea bidera; edo maitasunak. Gorrotoak ere bai, noizean behin. Poetak bere mozorroa utzita, bizitzako kaleetara jotzen duenean gertatzen da, gehienetan. Bizitza arnasaz hartzeko zerbait baita, biriketan barnera sartzeko, botatzeko ere bai; neurrian, noski.

Maitasun poemak dira Otxotekorenak, heldutasunaren mugak zein diren erakutsi dizkion liburu honetan. Esan daiteke horrela, eta esango nuke. Badakit, denok dakigu, nerabezaroa eta maitasuna ere uztartzen errazak direla, eta are banatzen errazago. Eskarmentuak hala erakusten du. “Argiaren gogoeta / iluntasunean galdu da, / zure hitzak / malkoen isiltasunean abiatu”. Maitasuna eta argia biak bat dira, poetaren irudimenean.

Maitasunaren argitara Felipe Juaristi / El Diario Vasco, 2007-10-26
2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta