Idazleak - Pello Joxe Aranburu Ugartemendia - Laginak - Alkiza auzo eta hiribilduaren azterketa historikoa (1348-1950)

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Pello Joxe Aranburu Ugartemendia > Laginak

Saiakera

Alkiza auzo eta hiribilduaren azterketa historikoa (1348-1950) |

Mitxelena 2001
Sarrera

Alkiza auzo eta hiribilduaren historia ulertzeko zenbait lagungarri

Nire jaioterriaren historia gaurko ikuspegitik ulertu ahal izateak ahalegin handi bat eskatzen digu. Gipuzkoako herriek historian zehar, hamar edo zazpi mendeetan, aldaketa itzela egin bide dute, bertako ohiturak ulerkaitzak, errealitatea neurtzeko unitateak ezezagunak eta bizimaila erruz igoz. Bai Gipuzkoa bai Alkizaren errealitate historikoa geureganatzeko, nahitanahiez ikuspegi malguz begiak ireki behar dizkiogu eta begirune sakratua gorde.

Orain dela bi mila urte Alkizan artzainak bizi ziren, ez zegoen baserririk, agian bai nekazal asentamenturik, Alkizako eremuetan ez, baina oso gertuan aurkitu baitute. Alkizako lehen baserriak beren etxe, soro, baratze, belaze eta bakar jabetzarekin noizkoak ote dira? Noizkoa ote Santiago izeneko ospitalea ? Erromatarren eraginik iritsi ote zen gure herriraino? 1527-1623 urteetan, zergatik hautatu zuten Alkizako erretorea Gipuzkoako Artziprestazgo Nagusiko idazkari? Alkizak 1527an zuen pisu historikoa eta egun duena ez ziren ez dira neurri berekoak, herri eta parrokien historia aldakorra baita. Gaur inork ez dugu ezagutzen Alkizako burdinola zaharra, Egurrola, baina mende batean burdina bertan urtu ondoren, uholdeek suntsitu zutelako, 1615ean desagertu zen. Liazasoro baserrian hiru familia bizituak dira hogeigarren mendera arte, erortzear dagoen Igaran errotak zenbat kilo gari nahiz arto eho ote zituen! Nork daki Arraiagako zubiaren berri eta nork pentsa Aia-Asteasu-Larraul-Tolosarako errepidea bertatik igarotzen zela? Alkizako errepide nagusia honako hau izan zen : Hernialde-Arritzaga-Martinotegi-Aritzetegi-Loidi-Zelatum edota Iturriotz lotzen zituen galtzada. Bai Azpeitiarekin Zelatumdik barna, bai Tolosarekin Hernialde herrian zehar bide horretatik Alkizak posta-zerbitzua eduki zuen gaurko zerbitzu publikoa sortu aurretik. Erruz aldatu dira errepideak, ohiturak eta bizimodua.

Errealitate historikoa ulertzeko beste zailtasun batzuetara iraganez, diru-unitate ezberdinak erabili izan dira Alkizan historian zehar eta horrek ulermen-arazoak berekin ditu. Halaber, gauza bera gertatu izan da errealitateari buruzko hainbat alorretako unitate zaharrak adieraztean, gaurko unitateekiko baliokidetza edo egokidetza ezagutzen ez bada, hots, informazio ulerkaitza bilakatzen da. Arazoa, ordea, areagotu egiten da mendetan bizimaila erruz aldatzean. Bizimailaren erreferentzia minimo batzuk ere lagungarri izango direlakoan, zenbait apunte solte aurreratuko ditut.

Aipatu urteetan honako diru-unitatea nagusiki erabili da, beilonezko erreala, zeinek 34 marabedi eta lau errealek pezeta bat balio zuten. Beste honako hauek ere agertuko dira nire lan honetan : dukatak 11 erreal, eskudoak 10 erreal eta urrezko ontzak 320 erreal balio zuten. Laurogei erreal balioko dobloiak agertzea arraroa da, oso zaharra baita.

Alkizan, 1896an, sistema metriko berria inposatu zen arte, Euskal Herriko neurri zaharrak erabiltzen ziren eta komeni da horien egokitzapenak gehitzea.

Pisu-neurriak :
- ontza : 28'7 gramo.

- libra : hamazazpi ontza, 488 gramo, gaur egun hilo erdia.

- erraldea : hamar libra, gaur egun bost kilo.

- arroa : hogeita bost libra, 12'20 k., gaur egun 12 kilo t'erdi.

- zama : pisu neurri zaharra, hiru kintal zahar.

- karga : sei kintal sagardogintzan, berrogeita hamarna kiloko sei zakukada 300 kilo. Ardo-karga batek 125 kilo edo hamar arroa.

- gurdia : zortzi kintal sagardogintzan, berrogeita hamarna kiloko zortzi zakukada sagarrek osatzen dute gurdi sagarra edota 400 kilo.

Beste zenbait neurri

- pitxar edo azunbrea : bi litro.

- lakaria : bi litro t'erdi, ale-neurria.

- gaitzerua : bederatzi litro eta laurden, ale-neurria.

- anega : hamabi lakari, 55'5 litro, ale-neurria.

- ontza edo pulgada : 23'2 mm.

- oina : hamabi ontza, 278 mm.

- bara : 835 mm.

- legoa : 20.000 oin edo 5.500 m, bide neurria.

Hedadura-neurria

- estadoa : bi metro karratuko horma.

- postura : 34-36 metro karratuko area.

Alkizako bizimaila erruz aldatu zen, 1569-1950 urteetan. Bilakaera horren ikuspegi historikoaz jabetzeko, zenbait datu adieraziko ditut. Datu erreferentzial objetiboenak ematen ahaleginduko naiz.

Alkizako erretoreak, 1569. urtean, 24 dukat jasotzen zituen, Billabonako benefiziatuak, berriz, 16 dukat 1590. urtean. Urte berean, meza isilaren diru-saria 2 errealetara igo zen. Alkizako erretoreak, 1620an, Iturriotzen meza bat emateagatik 4 err. jaso zituen bezala, 1638an, herriko meza isilak 3na err., 1722an, 6na eta, 1736-1776 urteetan, 11na errealetara igo ziren.

Jarraian, 1600-1620 urteetako datu zehatzak emango ditut :itzaiak idi pare batekin egun osoan 5 err., bi basozainek 3 errealeko alokairua, hiru gizonek bideak egiten 8 err. eta notarioak eguneko lanagatik beste hainbat, hots, 8 err. jasotzen zituzten. Alkizako elizako paretak eraikitzean, estadoa edo 4 m2 12 dukat kostatu ziren. Mila teilek 44 err., haritz zuhaitz batek 7 nahiz 22 err., kutxa bateko sarraila eta giltzak 7 err., Egurrolako zurezko zubia egiteagatik 25 err., ikatz karga bat erreal erdia, litro ardoa ia erreal bat, zurezko botana berria eraikitzea 23 dukat, errotarria 8-22 err. eta Ostatuko otordua 3 err. ordaintzen ziren.

XVII. mendeko beste hiru datu global gehituko ditut : Egurrola edo Olaa errotak, 1630-1710 urteetan, Kontzejuari bataz beste 45-63 dukateko errenta ematen zion ; Igaran errotak, berriz, 11-41 dukat ; Alkizako Kontzejuak, 1599-1621 urteetan, urteko 1.266 err. gastatu eta 1.614 err. bildu ohi zituen.

Alkizako ostalariek errentan kopuru hauek ordaindu zituzten : 1733an 26 dukat, 1743an 14 dukat, 1751n 13 dukat, 1768an 25 dukat, 1773an 28 dukat, 1782an 29 dukat, 1794an 37 dukat, 1802an 71 dukat, 1809an 100 dukat, 1842an 48 dukat, 1890ean 50 pt., 1898an 100 pt. eta 1943an 450 pt.

Urte berdintsuetan Olaako errotariek errenta bikainagoak eman zizkioten Udalari : 1733an 55 dukat, 1743an 50 dukat, 1751n 50 dukat, 1768an 133 dukat, 1773an 70 dukat, 1782an 78 dukat, 1794an 121 dukat, 1802an 226 dukat eta 1809an 120 dukat.

Orain etxeen salmenta eta zenbait obra garrantzi handikoei buruzko datuak emango ditut, ordena kronologikoa kontuan izanik. 1731n, Alkizako erretaula nagusia eraiki eta 70.000 err. ordaindu zitzaion Irazustari. Urte berean, sakristia aldeko alboko erretaula 17.000 err. balio zuena dohan utzi zion jaioterriari aipatu eskultoreak. 1743an, Bergarako Santa Marina parrokiako erretaula nagusiagatik 90.000 err. jaso zituen Irazustak.

1767an, Otsamendi Garaikoa etxea 3.300 errealean, 1768an, Etxabeguren baserria lur eta guzti 92.408 errealean, 1771n, Mariategi etxea eta baratzea 2.200 errealean, 1798an, Katalandegi baserriaren erdia lur eta guzti 19.700 errealean saldu ziren.

1800ean, erretoretxe berria eraikitzea 107.000 err. kosta zen. 1840an, dorreko erloju berria 2.560 err. eta, 1928an, organo berria 20.000 pt. ordaindu ziren. 1930 aldera, berriz, Lete 28.000, Mariategi 22.000, Lizarzelai 21.500, Katalandegi 20.000 eta Garmendia Garaikoa baserria 16.500 pt. ordaindu zituzten maizterrek.

Bizimoduaren aldaketa edo igoera adierazteko, Alkizan saldu edo erosi ziren animalia eta zenbait gauza edo objekturen prezioak gehituko ditut. 1758an, 19 hilebeteko idi parea 138 err. eta 1771n, beste idi pare bat 418 err. ordaindu baziren, 1784an, uztarrirako behi parea 80 err. eta idi parea 1400 err. ordaintzera iritsi ziren. Ikatz karga bat Alkizan, 1730-1760 urteetan bataz beste 2-3 err., 1760-1790 urteetan 5-6 err., 1790-1800 urteetan 10 err. eta 1800-1810 urteetan 6 err. ordaindu zen. Era berean, 1638an meza isil bat ateratzeagatik 2-3 err., 1776an, 6 err. eta 1803an, 5 err. ematen zitzaien apaizei.

Azkenik, urte askotako zerrenda luze bat emango dut helburu berarekin, hau da, bizimoduaren gorakada adierazteko.

- 1721ean, Sarobe baserrian Joan Irazusta erretoreak 19 ardi errentan jarri zituen buruko eta urteko errealean.

- 1752an, Intxaurrandiagako harrizko zubia eraikitzea 192 err. eta Kukutegikoa 1.753 err. ordaindu ziren. 1753an, anega bat garik 6 err. balio zuen.

- 1754an, Alkizako Ostatuko eguneko menuen prezioak hauek ziren : otordua 3 err., oilaskoak 2 err. eta kapoiak 4 err. Etxe berean garraioko ganaduen janariagatik lakari bat arto zaiarekin nahasturik, biak erdi bana, eta lastoa 2 err. kobra zezakeen.

- 1773an, Garroko harrizko zubia eraikitzea 863 err. kostatu zen.

- 1779an, obrak ikuskatzeagatik, esaterako, zubia 8 err.

- 1788an, Alkizako notario eta maisuak, pertsonaiak berak urtean 1.375 errealeko nomina zeukan.

- 1800an, idi parearen lanagatik itzaiari eguneko 15 err., ofizialari 7 err. eta peoiari 5 err. ordaintzen zitzaion.

- 1801ean, ardiak buruko 55 err. balio zuen.

- 1800eko hamarkadan, gurdika sutegurrak 16 err., arroa bat ardok 20 err., litro bat koipek 5 err., alkandorak 58 err., zapata pareak 22 err., kilo bat garagarrek erreala, gurdikada lastok 20 err. balio zuten eta neskame edo morroiak urteko 300 err. jasotzen zuten bere zerbitzuagatik.

- 1822an, maisuak 989 err. irabazten zuen Alkizan.

- 1845ean, anega bat artok 40 err. balio zuen.

- 1880an, sendagileari urteko 5.500 errealeko nomina ipini zioten.

Datu solteak izanik, baina, oro har bizimaila igotzearen seinale dira. Lehen diruak balio handiagoa zuen, gaurkoratu ahala bere berezko balioa galdu egin du.
2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta