Idazleak - Patxi Zubizarreta Dorronsoro - Laginak - Alarguntsa gaztearen hautagaiak

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Patxi Zubizarreta Dorronsoro > Laginak

Narratiba

Alarguntsa gaztearen hautagaiak |

Urruneko erresuma batean, diru kopuru ederra zela medio, kalifa aguretu batek neskatila inuzent eta xalo batekin esposatzea lortu zuen. Urte gutxiren buruan, kalifa hil, eta neskatila, ordurako emakume lirain, erresuma hartako buruzagi bilakatu zen.

Aberatsa eta xarmanta izaki, luze gabe printze, kalifa eta jauntxo asko joan zitzaizkion ezkontza eskabidea egitera. Baina emakumeak ez zuen aginte edo diru gehiago nahi, agurea ez bezalako gazte maitakor eta jostari bat baizik.

Hala bada, denen harridurarako deialdi zabala egin zuen halako egunetan, halako ordutan, berarekin esposatu nahi zuten guztiak -izan pobre, izan aberats- jauregira ager zitezen.

-Ea, mintza zaitezte -esan zien banaka-banaka deialdiaren egunean-. Hitz egidazue zuen bizimoldeaz, zuen gustuez, zuen lanbideaz.

Hautagaiak mila eta bat gehiago izan ziren eta denek, luze ala labur, dotore ala baldar, emakumeak agindutakoa bete zuten. Baina hark bost gazte bakarrik hautatu: suge enkantatzaile bat, dantzari bat, printze bat, artzain bat eta arotz bat. Eta haiei banan-banan bere geletara deitu zien.

Buruz buru geratzean, eskakizun berbera egin zien bost hautagaiei, eta denak ala denak ere lotsatu eta kikildu egin ziren hitz hauek entzutean:

-Ene aurrean, ni lekuko bakarra nauzula, eta zuk gogokoen duzuen moldean, gizonek bakarka atsegin hartzen duzuen moldean aritzea nahi dut. -Eta neskak hautagaiak xaramelaturik zituenez, hark zer agindu, horixe beteko zutela hitz eman zuten.
Eta aurrena suge enkantatzailea hasi zen. Hura leuntasunik finenaz biluztu, eta txirulaz doinu ezin lizunago bat jo bitartean, bere gerripeko sugea sigi-saga altxarazi zuen. Eta eskuez ukitzen ez zuela, puska batean dantzarazi zuen piztia, harik eta, berez-berez, mizto xuria isuriz otzandu zitzaion arte.

Hurrena dantzariak ekin zion. Deabruak hartua bezala, lurrean pipirika ibili zen, eta jauzika, eta txiribueltaka, eta bien bitartean erantziz joan zen. Noizbait ere larru bizirik geratu zelarik, bere tresna izter artean laztandu zuen, ahora ere eraman zuen -mundua mundu denetik gizasemeei betidanik ukatu izan zaien plazerrik handienetakoa-, eta azkenik ahuspez eta arnasestuka amaitu zuen emakumearen oinetan, haziaren hondarra ahotik zeriola.

Hurrenago printzea saiatu zen. Jauregiko harem-ean nahi hainbat emakume izatera ohitua, hura kosta ahala kosta ahalegindu zen bere aginte makila altxatzen, baina bakarrean ezin.

Azkenaurrena artzaina izan zen. Honek enbor tantai bat atera zuen bere txilabapetik, emakumeak inondik ere izutzeko modukoa, eta ahuntzen errapeetatik bezala, bi eskuez tiraka jardun zuen, esne guztia uholdeka jeztea lortu zuen arte.

Eta azkena arotza heldu zen. Gazteak emakumea lorategietara eraman zuen, azala leuna zuen sahats bateraino. Orduan labana atera, eta hiru sakonune egin zituen enborrean, bi bularren aldean eta bestea besabete bat beherago. Goikoetan pikuondo batetik hartutako bi ale ezarri zituen, eta behekoan txurtena kendua eta erditik zulo zabal samar bat zuen sagar bat. Eta zuhaitza laztandu bitartean, pikuak eta sagarra milikatzen eta jaten hasi zen, astiro, gozo, presarik gabe, Adanek fruitu debekatua dastatu zuen lehen aldia bailitzan. Eta denbora guztian begiak itxirik izan bazituen ere, sagarrean plazerrez urtu behar zuen unean, bera izan zen emakumeari begietara tinko so egin zion hautagai bakarra.

Desiozko begirakune hura jaso ostean, emakumeak ez zuen zalantzarik egin eta arotzari eskaini zizkion bere muinoak eta oihana, bere pikuak eta sagarra. Huraxe zen berak amestu izan zuen gazte maitakor eta jostaria, huraxe bere senarra.
2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta