Idazleak - Patxi Zubizarreta Dorronsoro - Hemeroteka - Gaur. Gu.

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Patxi Zubizarreta Dorronsoro > Hemeroteka

Berria

2006-06-25 Gaur. Gu. | Ibon Egaña

Izenburutik hasi, eta mass mediek eta teknologia berriek duten protagonismoarekin jarraituz, izango da agian Patxi Zubizarretaren azken eleberriari modernokeria usaina hartuko dionik. Alabaina, moderno asmokoa bainoago gaurkoa, aktuala, oraingoa eta urgentea begitandu zaio Txantxa. Quick irakurle honi. Egia da, gaurkotasun airea, irakurketarik azalekoenean, teknologia berriei egiten zaizkien etengabeko erreferentzietan arnasten da, baina sakonagoko zentzuan ere bada gaurkoa eleberria.

Euskal narratiban, oro har, teknologiarekiko eta, halaber ustez azalekoa, materiala denarekiko dagoen mesfidantza kontuan hartuta, gustura irakurtzen da gisako nobela bat, naturaltasunez (barka kontraesana) islatzen duena erabat medien menpe dagoen hiritargoa. Etxepare saria irabazitako nobela honetan, gizartean bezala, teknologia (telebista, Internet, zelatatze-kamerak…) ez da errealitatearen beste alderdi soil bat, ezpada errealitatean bertan, are espaziorik intimoenean (bikote-harremanean, demagun) esku hartzen duen eragile bat, errealitateaz dugun pertzepzioa baldintzatzen duena eta, finean, errealitatea deitzen dugun hori erabat itxuraldatzen duena, halako moldez non erreala eta fikzioa, benetakoa eta irudikatua difuminatu egiten diren, errealitate berri bati lekua egiteko. Eta eskertzekoa da Zubizarretak hiper-errealitate berri horretara hurbiltzeko egindako ahalegina, euskaraz bakanetakoa, nahiz eta, esan dezagun, telebistaz egiten dituen ohar moralizatzaileek, irakurle honi behintzat, hazkura pixka bat eragin dioten.

Eta nola bit-a informatikan, hala atala, zatia, puska da gailen gaurko gizartean bezala Patxi Zubizarretaren nobelan eta gaurko narratibaren esparru zabal batean. Errealitatearen azalpen totalizatzaileek indarra galdu dutenean (medien, subjektibitatearen, atalkatzearen menpe) narrazioan ere ez du lekurik narratzaile orojakileak. Hemen norberak bere istorio partikularra soilik konta dezake, eta hura ere zalantzaz eta kontraesanez beterik. Alde horretatik, bikain uztartzen da Zubizarretaren kontaera jasotzen duen errealitatearekin, eta, halaber, hainbat baliabide estilistikok (paragrafoak zirriborraturik ematearenak, kasu) ezin hobeto jasotzen dute pertsonaiaren nahiz gizartearen segurantziarik eza, beldurra, oreka gabezia.

Gaurkoak dira, halaber, errealitatea hautemateko bideen gaineko gogoeta eta kontaera bezala, protagonista diren pertsonaien kezkak, beldurrak, zalantzak, ia bakarrera bil daitezkeenak: bakardadea eta inkomunikazioa. Baina korala da eleberria —eta ziurrenik bere izaera koralak mugatzen ditu pertsonaia zenbait estereotipo lauak izatera (”txapel berdea”, kasu)— eta askotarikoak, beraz, beldurra, bakardadea, ziurgabetasuna bizitzeko bideak. Marta eta Danielen arteko harremanaren bidez, guztia eskura duen klase ertain-altuko bikote egokituaren baitako inkomunikazioa eta beldurra arakatzen ditu Zubizarretak (nobelagile ingelesek hain ongi egiten duten disekzio horretara hurbilduz), baita segurtasun eza eta paranoia ere, zelatatze-aparailuek irudikatua. Pablo Jose eta Margaren artekoak, berriz, dimentsio soziala ematen dio eleberriaren gatazkari, etxebizitzaren gabezia eta gizarte diferentziak azaleratuz, eta Gabrielen bidez, berriz, zahartzaroko bakardadeaz mintzo zaigu idazlea.

Litekeena da trama txundigarria edo bereziki originala ez izatea, nahiz eta ongi josirik dauden argumentuaren hariak; nolanahi ere Zubizarretak gaurko eta hemengo hiri ertain bateko (demagun Gasteizko) gizon-emakumeen errealitatea, haien bakardade, desolamendu eta noraeza era oso fidagarrian erretratatu dituenik (argazki eta guzti) ezin uka.
2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta