Idazleak - Patxi Zubizarreta Dorronsoro - Hemeroteka - Anabasa garaikidea

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Patxi Zubizarreta Dorronsoro > Hemeroteka

Deia

2007-01-05 Anabasa garaikidea | Josu Lartategi

Literatura modernoa, garaikidea, berritzailea, apurtzailea, esperimentala eta abar oreka arriskutsuan bizi da; fondoaren eta formaren arteko kulunka beti hauskorrean, beti arriskutsuan. Irakurlearen jarrerarekin ere egin ohi du topo literatura mota horrek; gogoa izan behar delako aurrez aldekotasun txikikoa denari heltzeko. Irakurlearen jokabidea dator hurrena; onespenik eza sorkuntza-lan jakin hori ez aditzetik etor liteke, baina baita deserosotasun pertsonaletik ere, ez baitut ezer berria esaten aipatuz gero irakurle askok ohiko bizitza grisetik aldenduko dituzten istorio multikoloreak bilatzen dituztela. Sakonean denok egiten dugulakoan nago. Edonola ere, deseroso sentitzea, ezinegona piztea, gure mamuei aurre egitea (edo aurrez aurre ikustea behintzat)… hori guztia ere literatura betearen eginkizuna da, artea den bezainbatean. Patxi Zubizarretaren lan hau hortxe ikusten dut, esparru ez oso gozo batean; ez guretzat ez agian berarentzat ere. Baina, literatura moderno onenean bezala, Patxi Zubizarretarik ez da; zentzu batean idazlerik ere ez da. Hemen den gauza bakarra ahots-polifonia da, pertsonaien euren ahotsak, beren narraskeria, sinplekeria, edertasun-izpi (gutxi), beldur eta anabasa mental guztiekin. Gure anabasa, azken finean. Eta irakurleak, beraz, ahalegin berezia egin behar du, halakoetan ohikoa den bezala, bera parte den gizartearen zati desatsegin horri begi egiteko.

Txantxa. Quick hau, egia esan, ez da esperimentala, ez apurtzailea, ez berritzailea… bai ordea garaikidea eta, noski, modernoa. Gizarte moderno (eta urbano, nagusiki) honen gaur-gaurko mamu batzuk jorratzen ditu: telebistako zaborra, zelatatze-kamerak, maila ertain-altuko bikoteen gazi-gozoak, internet, mundu horri begira dagoen maila baxuagoko jendea, jubilatuen mundu-perspektiba zaharraren krisia… Gai askori oratzen dio, egia. Eta bere laburrean aski trinkoa da.

Liburuaren kontrazalean eleberri korala dela argitzen digute, eta bizkarrezurra agerian utzi; txarto egina. Inpresio burtzoragarriak erabatekoa behar zuen. Baina, dirudienez, ez ziren irakurleez guztiz fido. Eta ez da harritzekoa, kostatu egiten baita firu lausoari jarraitzea, desatsegin egiten zaizkigun gauzak, pertsonaiak, jarrerak, ekintzak eta egoerak irenstea. Hori baino gehiago: gauzak nola kontatzen diren ez da liserierraza (grabazio errealaren estiloa, hari mentala, elkarrizketa hutsa, perspektiba bakarra…), aldaketa asko espazio txikian datozelako. Anabasa aztertu du idazleak, nola eta anabasaz lagundua. Esandakoa, ez dela samurra fondoari forma egokia bilatzea.
2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta