Idazleak - Patxi Lopez de Tejada Flores - Laginak - Osminog

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Patxi Lopez de Tejada Flores > Laginak

Poesia

2009 Osminog | AFA

3

 

Telebistak bi egun daramatza piztuta gelan

eta bazkalordua eguzkitsu dator,

ostiralean bularra eskuztatu nian fotokopiategian,

elektrizitaterik gabe zer egingo genuke,

airea zikina da auzo berrian,

tesia ez dizute ontzat emango

eta garabiak kotxea eraman zidan;

irabazten dudanean ez du ezertarako balio.

 

10

Lehenengo lezioa aintzarik gabe bizitzea izan zen,

bigarrena iragankortasuna,

ez dela ezer geldituko,

hirugarrenik hainbeste prestatu ondoren

ezertarako balio ez dugulako jabetasuna,

beste bat funtsezkoa gauzak guri pasatzen zaizkigula ere bai,

eta tontoengandik aldentzen gaituen bakarra zera dela

ez dakigula asuntoa nola doan,

eta garrantzitsuena, azkenekoa, lezioa,

leziorik eza izan zen, eskolarik gabeko eguna,

ezereza, ez garela lehengo pertsona berak,

eta ni zer naizen ezin jakinik

hiregana nola arraio saia naiteke iristen sikiera.

 

29

 

Okerretako autobus linea hartu dugu,

beste auzoak dira, beste zahar batzuk,

munduaren ipurdia,

han jaitsi

eta autobus zuzena aurkitzen dugunerako,

gure inguruetara hurbiltzen garenerako,

ordu eta erdi batean,

gurean beste jende bat bizi da

eta gure ama hil da.

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta