Idazleak - Patxi Lopez de Tejada Flores - Laginak - Materiaren egitura

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Patxi Lopez de Tejada Flores > Laginak

Poesia

2005 Materiaren egitura | Arabako Foru Aldundia


1

Ezberdinak izan nahi gara,
bakarrak,
denak zentzua izan dezan
egin nahi dugu,
eta horregatik
ezereza den heriotza
datorrenean
espero dugu,
izatetik nekatuta gaudelako.


2

Istripuek, indarrak
gauzen egia erakusten digute,
beren barruko bortizkeria,
beren egia apurtuta,
lehertuta,
beren heriotzaren
bizitasun distiratsua,
iragankorraren edertasuna
ezerezaren azalpena
bezala.


3

Orain badakizu
edo jakin nahi duzu
ezin duzula ukitu,
ezin duzula sentitu,
edonolako kontaktua
ezinezkoa delako
izatearen zopa elektrikoan,
non zatiki ñimiñoenek
elkar atzera botatzen duten
eta elkarrenganako lera duten
beraien bazterretatik,
diamantetan mamitutako ikatza
baina gogorragoa den
ezereza urrun batek
banakatzen baititu,
eraztunez bildutako
iduneko hautsi bat
besterik ez baikara,
eta egia bakarra
heriotza dela,
heriotzak ukitzen
zaituenean
ukitu dezakezula bakarrik,
eta munduraino,
gauzetaraino, besteengana,
heriotzan bakarrik
ailegatzen zarela,
heriotzaz bakarrik
ukitzen duzula mundua,
mundura iristen zarela
azkenik,
eta bien bitartean
zeure bazterretara
agertzen zara,
usaintzen duzu
edo usaintzea uste duzu,
eta heriotzak
erdi zaitzala
espero duzu,
zure amodioa erdi dezala,
heriotzak munduari
emango zaituela
espero duzu,
konorterik gabe.

Eskua uretan sartzen duzu,
eta gero ekialdeko haize lehorrera
zabaltzen duzu,
baina erreala den gauza bakarra
zure heriotza dela
badakizu.


4

Materia ez da sortzen
eta ez da suntsitzen,
eraldatu egiten da bakarrik,
ez du sufritzen
eta ez du amesten,
betirauten du bakarrik,
ez da hiltzen,
existitu egiten da
bakarrik,
gu eta basapiztiak
bakarrik
izu organiko honetan,
minari odoltsu
honetan.

Materia etsaiak
beti harramantzatsua
bakarti sentiarazten gaituen
urrunera
ekoizten du,
zuritzen
eta oxidatzen
gaituzten
gorpuzkiak zorrozten ditu,
materiak bereak bezala
erreklamatzen gaitu
minaz.

Materia eraldatzen da
eta gu zati bat bezala
bizi ez garenik
pentsatzen dugu,
harriak bezala, ura bezala,
eta ziur aski
garen nekaldi alfer honek
gehiago ahitzen gaitu.


5

Izatea indarra da,
gainontzekoaren aurka egiten den indarra,
arnasa higierazlea izateko nahia,
itsasoko uhin hutsa eta azkarra
aparrezkoa den dena
arera botatzen zaituelako bada,
bultzatzen duen aireak
bultzatzen duelako,
gauza huts orok elkar bultzatzen duen legez,
eta zuk gauzak bultzatzen dituzu
eta denbora bultzatzen duzula uste duzu,
norabidea zentzua dela,
eta bazarela uste duzu.


6

Gure erraldoi txikitxoen
zentzua bilatzen dugu mugimendu hutsean,
apurtzen diren gauzetan,
astroen ilunabar aspergarrian,
egartsuetan orbainak bezala,
eta ura eta airearen kolore tipiletan,
amorratuak eta materiagabekoak
elektroiak bezala
sortzen eta kontsumitzen gaituen
oxigenoa
irensten dugu,
eta beharbada
adimena
materia magnetikoa eta mamigabekoa
baino errealagoa da,
maitasun mingarria,
lokatza baino gogorragoa,
ahanztura
gaua baino opakuagoa,
zerk dirau gehiago?,
ezer ez,
zer da argia?,
itzal bat,
momentu bat.

Jaten gaituen materia
jaten dugu,
eta garen materia
begiratzen
eta usaintzen dugu,
non amaitzen da denbora?,
agian
argiaren nahian,
ametsaren erradiazio hilgarrian.


7

Nire poroak
ezkatatzen dira
iceberg gaziak egiten dutenean,
nire gia arrakalatua
hazkorra udaran bezala,
eta nikela nire odolean
beltza eta antzinakoa,
ildoak nire erkainetan
ilargiko aranak bezala,
edo adabakiak euliaren hegalean,
edo stratus bertikalak labarretan,
nire gorputza
urtetsuegiak diren mineralen
mamituriko izerdia,
bizidunen nakar-itxurako jelatina bera
planetaren garbitasuna lohitzen duena
eta bere adur kiratsua bazter guztietan
laga nahi duena,
nire bizitza ekaitz bat bezala,
zeruko argia kolorgea edo urdina,
hotza edo irakina,
mendiak apurtzen eta zabaltzen dituelako
bakarrik
dirauena,
nire tristeziak eta nire argiak
batzen eta igarotzen dira
hodeiak bezala
hiriaren egun eta gauetatik,
abere-senagatik
nire amodioa eta nire oroimena
herrestan daramatzat
bideetatik at,
lotan nagoela ere bai,
nire hezurrak
ibaiaren harri porotsuak bezala
sentitzen ditut,
harkaitzen makila lehorrak
bezala,
nire haragia
hauts hezea bezala
dardaratzen da,
nire giharren tentsioa
suak bere forma
baino gutxiago
jasaten dut,
ni gauza bezala
bizi naiz,
munduak urruntzen
eta biltzen dituen
grabitateak eutsita,
materiaren esfera bakoitzak
banatzen duen
elektrizitateak elikatuta,
izatearen ertzak
bultzatzen dituen
gorroto itsu berak
esnatuta.

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta