Idazleak - Patxi Ezkiaga Lasa - Laginak - Mahats-denboran

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Patxi Ezkiaga Lasa > Laginak

Poesia

2004 Mahats-denboran | Egileen edizioa

MAITE ZAITUT

Baina zure boligrafoak idatzi gabe
utzi dituen silabak
logelako lurrean gelditu dira, sakabanatuta,
bi hitzei eman nahi zaien zentzua
birrinduko ote duten beldurrez.
Esan ez dugunak badaki
hauts bihurluko garela,
handia izan arren gure itxaropenena zama,
handia ere gure minaren duintasuna.


Eta badaki paperezko pertsianek,
kartoizko gortinek markatzen dutela
grinaren eta komunioaren arteko
frontera.
Sirena suhar baten hasperen tartekatua bailitzan
iristen zaigula
lerro hutselako deiadar oihartzunik gabea.

URRESTILLA

Besoak irekitzen ditugu
herriko plazan
dantzarako lehen imintzioan,
baina inork ez du jakingo nora -ezker ala eskuin-
egingo duen gure jauziak,
ezagunaren familiartasunak
ez dezan honda
norbanakoari lotutako
bizitzaren misterioa.
Gero, dantzaren zorabioan,
Besteengandik joaten gara
Eta besteengan itzultzen,
amesgaizto zuri bat
zeharkatu izanaren sentsazioarekin:
ezezagunez inguratutako plaza ezezagun batean
esnatzearen harridura,
frontera beldurgarri bat pasa izanaren
larrimina,
minbizi baten berri ematen diguteneko heriotza.
Baina ezin dugu etsi.
Plazak topaketa eta dantza berriak
saiatzeko tokiak dira.
arinduta gure jantziak,
ausentzia haina presentzia garela sinetsita,
negualdiaren bihotzeko
udaberri.


Hustasun kalkulatuak
Bakardadeen arteko espazio definituak
hustasuna ukitu nahi duenaren irritsa,
isiltasuna argi egin dadin,
argia isiltasun.
Eta koloreen xalotasun arina
erdigune hutsetik ere posible dela ihesean ibiltzea
senti dezagun.
Eta isiltasunak berriro,
kanposatuak, programatuak,
Keats-ek ezin entzun izan zituen doinuak,
musika ororen iturburu eta itsaso.
Monet-en gramatikak kiebra egin
zueneko espazioa.


Hil-oihalez beztituko gaituzte
eta, lur irmoaren gerizperik gabe,
bi bider izango gara naufrago.
Kareletik botako gaituzte,
hil ondoren, bederen, izan gaitezen
besteentzat gorputz austral,
existentziaren izuari baliagarritasuna
eman diezaiokeen
eskuzabaltasun.
Buztinginari kontuak eskatzen dizkion
buztinak bezala,
justizia ez, baizik zentzua
eskatuko diogu itsasoari,
hil izanaren hiltzearen
konpensazio gisa.
Eta itsasoari erronka botatzen dion ur tanta
bihurtuko gara,
ziegetako preso torturatuaren oihuak itotzeko
bozgoragailuetan jarri duten
musika
egileari, lotsa-lotsa eginda,
"zergatik egin ninduzun?" galdezka
ari zaiona.
Egunen batez, hil-oihalez beztituko baikaituzte
eta kareletik beste itsaso batera botako.

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta