Idazleak - Patri Urkizu Sarasua - Hemeroteka - "Gerra aurrean baino antzerki testu gutxiago argitaratzen da"

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Patri Urkizu Sarasua > Hemeroteka

Berria

2009-04-15 "Gerra aurrean baino antzerki testu gutxiago argitaratzen da" | Ainhoa Oiartzabal

Ikasturte berriarekin batera erretiroa hartuko du Patri Urkizuk (Lezo, 1946) Madrilgo UNED unibertsitatean. Espainiako hiriburura astero-astero joaten ez du jarraituko aurrerantzean; bai, ordea, lanean, euskal antzerkia zein literatura ikertzen eta hari buruz idazten jarraitzeko asmoa baitu.

Euskal antzerkiaren historia, testuen antologia elebiduna eta egunkarietako erreseina eta elkarrizketak jaso dituzu, besteak beste, Teatro vasco (Euskal antzerkia) liburuan. Zein izan da lan mardul horren abiapuntua?
EHUn eta UNEDen euskal antzerkia lantzen duten masterrak eskaintzen dituzte, eta han eskolak ematen ditut nik. Hala, aspalditik nituen materialak bildu eta liburua osatu dut. Nolabait, eginiko ikerketen bilduma bat da, unibertsitatera egokiturikoa. Izan ere, 1965ean Antonio Maria Labaienek gaztelaniaz argitaratu zuen Teatro eúscaro hura osatzen joan naiz 30 urteotan. Ardatza liburu hori izan da.
Halaber, inon argitara eman gabeko elkarrizketak eta erreseinak gehitu dizkiot, aski interesgarriak. Esaterako, 1887tik hasita argitaratu diren hainbat erreseina jaso ditut, Toribio Altzagarekiko elkarrizketak, Errepublika garaiko eztabaidei buruzko artikuluak...

Esate baterako, Macbeth euskaraz eskaintzearen egokitasunaz ari da J. M. Ojarbide Euzkadi aldizkarian 1925ean argitaraturiko artikuluan. Beti eztabaida berean harrapatuta gaudela dirudi.
Betiko eztabaida da, unibertsala: gurea nola promozionatu besteena geureganatuz.

Egungo joera kanpoko testuak euskaraz eskaintzea da. Zer deritzozu?
Guk erants diezaiokegun hori galtzen dute atzerriko obrek: gurea gure ikuspegitik behar bezala aurkeztea. Beste herrialdeetako gizon handiek bezala, guk gure txikitasunean aurkez ditzakegu, ongi eta sakon, gizarte honen gorabeherak eta pertsonon barne mundua, edozeinek baititu arazo horiek.

Liburuan euskaraz idatziriko 30 antzerki testuren antologia sartu duzu, gaztelaniara itzuliak denak. Zergatik testu hauek?
Badira oso gaurkoak diren testuak. Gaiagatik, hizkuntzagatik. [Gabriel] Arestiren Tobera, adibidez, oso interesgarria da, mereziko luke gaur egun aurkezteak. Salvador Garmendiaren Historia triste bat antzezlana, berriz, debekatu egin zuen Elizak. Augustin Zubikarairen lanak ere nabarmentzeko modukoak dira. Gerra ondoko autoreen artean interesgarria da oso Zubikarai.

Zure ikerketa lanen bitartez, antzerkian tradiziorik ez dagoen ustea hustu duzu?
Nik entzun izan diet kultura arduradunei ez dagoela euskal antzerkian tradiziorik. Baina badago, ezagutu egin behar da. Oraindik, ordea, ikerketa gehiago egin beharko lirateke, nahikoa utzita egon baita alor hau.

Baina pentsa dezagun une batez 1964an Donostian Jarrai taldea zein garrantzitsua izan zen, zein abangoardia garrantzitsua eratu zuen. Munduko antzerkirik garaikideena egin zuen. Batez ere 60ko hamarkada horretan, antzerkia oso bizirik zegoen. Garai biziak ziren, eta garai horiei eman zien erantzuna.
Antzerkiaren eginbeharra hori da: gizartea islatzea eta kritika egitea. Arte osoa da antzerkia. Madrilen, adibidez, gero eta antzerki gehiago dago eta jende gaztea erruz joaten da, telebistarekin eta film amerikarrekin nazkatuta.

Euskal antzerkia definizioa erabili duzu euskarazko antzerkia dela esateko. Definizio hori onartua dago antzerkiaren munduan?
Labaienek horregatik jarri zion Teatro eúscaro, euskarazkoa zela zehazteko. Nik, ordea, beti erabili dut vasco euskarazkoa dela definitzeko.
Beste liburu bat egitea badago, Euskal Herriko teatroa izenburupean. Bertan gaztelaniaz egin dena, frantsesez egin dena eta Donostian, adibidez, italieraz edo ingelesez eman direnen saioak ere sartu beharko genituzke. Hori beste neurri bateko lana da.
Nire liburua ez da osoa, ekarpen bat da, eta beste lanek eta beste liburuek osatuko dute.

Azken 25 urteotan epaimahaikide zara Euskal Herriko antzerki testuen sariketa garrantzitsuenetan. Nola ikusten duzu gaur egungo sorkuntza?
Sortzea eta argitaratzea bi gauza dira, eta, azken horri dagokionez, oso urria da ekoizpena. Iaz soilik sei antzerki obra argitaratu ziren. Gerra aurrean argitaratzen zenean baino kopurua txikiagoa da hori, Antzerti aldizkaria argitaratzen baitzen garai hartan, eta han ematen baitziren argitara testuak. Gaur egun hutsune handia dago. Sorkuntzari dagokionez, azken urteotan maila hobea izan da sariketetan. Egileak zein diren ez jakin arren, beti asmatu izan dugu irabazlearekin: idazle edo antzerkigile ospetsuak saritu izan ditugu.

Eusko Jaurlaritzaren arte eszeni-koen goi mailako eskolaren proiektuari eusteko eskaera egin berri du sektoreak. Garrantzitsua iruditzen zaizu?
Beharrezkoa ikusten dut halako zerbait egitea. Adibidez, ez dago testuak, agiriak jasotzeko dokumentazio zentrorik. Euskal Herriko liburutegi nazionala delakoa egiten bada, leku bat mereziko luke bertan antzerkiak.
Goi mailako eskola hori Bilbon dira egitekoak, eta ni oroitzen naiz Arestik nola esaten zuen «Bilbo Gaztela da!» esaldia. Hau da, gaztelania zela nagusi Bilbon. Ikusiko dugu.
2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta