Idazleak - Pako Sudupe Elortza - Laginak - Andimaren idazlan hautatuak

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Pako Sudupe Elortza > Laginak

Saiakera

1999 Andimaren idazlan hautatuak | Elkar

SARRERA

Ibilaldia egitera gonbidatzen zaitut, irakurle, Andima Ibiņagabeitiak idatziz urratutako bideetatik barrena. Bidaldi honetan geldialdiak egin ditut bidean ohartu eta iradokitakoei leku egiteko. Biderako horniak eta fardelak nork geureak izango ditugu, eta gisa denez, ez ditugu gauzak berdin hautemango ez etsiko, eta halaxe komeni ere gainera; ez luke besterik nahi Andimak landutako sailen erakusgarriak gutxika-gutxika aurkeztu eta iruzkinduko dizkizun honek.

Ekin baino lehen Andima bere biziko lantegira bultzatu duten guraso nagusienak hartuko ditugu aiputan. Larramendi handiaren oinatzetan Olabidek eta Orixek egin zuten lehenbizi ametsa, gero azken honen adiskide min Lizardik hitz-neurtuz mamitu zuena:

Baņa nik, izkuntza larrekoa,
nai aunat ere noranaikoa:
yakite-egoek igoa;
soņa zaar, berri gogoa;
azal orizta, muin betirakoa.


Eta ametsa mamitzen eta gauzatzen saiatu zenetako bat izan zen Andima. Saiatu abantailatua. Harako Greziako tragediako gizakiek bezala gurari eta sentimendu batek, erraiak erretzen zizkionaren bultzadaz landu zituen txara sasi eta laharrez josiak. Lanaren lanez eta nekearen nekez.

Euskaldunen Euskadi eraiki nahian. Hiztun xume nahiz idazle ikasi; esku-langile nahiz buru-langileen Euskadi askatuaren alde berari izaeraz nahiz hazieraz zegokionez, hots, kultur lanaren bitartez. Esan bezala Greziako tragedietako gizakien antzo. Liburu hau delako lanketaren uzta-biltzea da.

Zabal Euskadiren askatasunaren aldeko guztiekin, batez ere euskalgintzan zihardutenenekin; askotariko heresiak eta heterodoxiak ontzat hartuz, tasun eta keriez oratutako gizakiez osatu gizartea onetsiz eta maitatuz. Hertsi eta haserrekor euskaldun eta euskotar zabar, espainol eta frantses nahikoekin.

Oroz gainetik euskara eta jakintza, aberri hizkuntza eta kultura uztartu nahirik. Langintza honetarako euskal harrobiaren ustiazale; bereziki Lizardi, Orixe, Labaien, Zaitegi, Olabide, Azkue, Salbatore Mitxelena, Manuel Lekuona, Nemesio Etxaniz eta Jon Miranderen urratsen ildoan kokaturik bereak. Geurea eskas agertzean greko eta latin harrobietara jotzea onetsiz, eta onetsi ez ezik haietara jo ere joaz.

Lantegi honentzat oztopo ziren diktaduraren eta sartaldeko estatu demokratiko ustelen salatari, Euskadik pairatu eraso anker eta suntsitzailearen oroimenaren gordetzaile arduratsu bezainbat. Euskal gogoa azkartu, sendotu eta Franco buruxkila hil ondoko hausturan sinetsirik eman zituen erbesteko hogei urte luzeak. Aberriaren alde bizia emateraino gertu. Espainiako eta are II. mundu gerrak errotik markaturiko gizona. Honatx Andimaren heriotzaren oroigarrian ageri den gogoeta: Bere oldozmena: gudari ostea aurrean jartzen bazait bihotza ez zait kikilduko.

Hegatsa eta idazmakina astinduz, eta nekez baztertutako sosak euskal kultura sustatzen eginahalean arituz eman zuen bizia euskaldunen Euskadi askatuaren alde.

1. Jesuita

Idazlanak ikusmiratu baino lehen argitasun gehiagoren gose denarentzat doaz ondoko zertzeladak.

Gorago aipatu ametsa egia bihur zedin eragozpenak ezartzen zituztenak salatzen eta lotsagarri uzten trebe zen Andima. Sentimendurik bizienak, baina, minik barrukoenak eta minberenak jesuitek eragiten zizkioten, Espainiako gerran nahiz ostean agertu zuten jokabideak hartaraturik. Itxi gabeko zauriak urratzen diharduela dirudi, zorna izan barruan eta gaineko zakar sasi-estalgilerik egin dakien beldur bailitzan.

Tiletez tilet zekien josulagunek Espainiako gerra zibilean izan zuten jokabidearen berri; zehatz-mehatz jarraitu zituen seinale. Burua galdu zutela idatzi zuen, Aita Beltzak zotza jaso orduko itsu-itsuan atzetik jarraitu zitzaizkionean hango eta hemengo anaikideak. Oinazerik handiena halere, Euskal Herriari izena bera ere ebatsi izanak ematen zion. Castella Orientalis eta Castella Occidentalis-en artean banatu zuten hauek Hego Euskal Herria. Laido handiagorik!

Hamaika urtetan jo zuen Andimak Tuteran jesuitek zuten eta egun ere duten ikastetxera batxilergoa egitera. Han lau urte egin eta 15 urte betetzen zituen egunean, sarrera egin zuen Loiolako santutegian. Hemen 1921tik 1926ra arte. Burgosko Oņan beste hiru (1927-1929), Kolonbian maisutzan hurrengo (1929-1932) eta azkenik Belgikako Marneffen (1932-35), ia ordenatzeraino iritsita sotana erantzi zuen arte. Guztira hemezortzi bat urte.

Hau jakinik ezinbesteko neritzon bere jesuitako aldian arakatzeari. Gainera ezustean non jakiten dudan bizkor dagoela ikaskide eta adiskide hartua izan zuen Iņaki Goenaga. Jokin Zaitegiren idaztiak iruzkintzen ari, gerraurrean egindako itzulpen eta itzultzaile onentsuenak aipatzen zituen Andimak eta hauen artean: Wilhelm Tell (Goenaga'tar Iņaki adiskide maiteak) tartekatzen zuen. Bada Iņaki Goenagaren beraren arrimuan egin nion ikustaldia lehengo batean Loiolako Santutegiari.

Lehenbizi erizaindegira jo genuen Iņakiren anaia Joxeri, Joxe Goenagari bisita egitera; Andima eta Iņaki, honen anaia Joxe Goenaga, eta Jokin Zaitegi, eta Lauaxeta, Palgida (Plazido) Mugika (Svensson-en Noni eta Mani-ren euskaratzailea), Argarate, Sarobe eta Kortatarrak, Patxi eta Peli, Sagastume, Lasa, Larraņaga eta beste nobizioak nahiz jesuita juniorrak zirela logela izandakoak, gaurko egunean erien logela dira. Iņaki Goenagak lo egiten zuen gela -ez dakit nobizio edo junior zenean egiten zuenekoa- kapera bihurtua dago. Logelek berek ez dute ezer apartekorik, apalak dira baina halaber erosoak eta duinak. Logeletako lehioetarik landu gabeko zelaiak ikusten dira, belar motzekoak, ez fruitarbolarik, ez labore sailik ez baratzerik hil-baratzea ez bada.

Belardiaren eta inguruko muinoen berdetasunez inguraturik begietarako deigarri gertatzen da oso, urrundik behaturik, hilobien zuritasuna. Egunero bertaratzen dira jesuita erietarik asko, gauza direnak, era askotako esku-makilak lagun, ehortzirik dauden lagun zaharren alde otoitz egitera eta euren gorputz ustelkorrek non hartuko duten atseden ikusmiratzera.

Urteek ez diote aldean dudan Iņaki Goenagari berezko bizkortasuna moteldu, mihian ez du trabarik eta esku-makilaren beharrean izanagatik, bixitasuna darie hitz-jardunari bezala honi estu-estu datxezkion keinu nahiz gorputz eraginei. Gaur egun zelai diren lursail handiok ez zeudela horrelaxe esaten dit beren gazte denboran, "hemen ale handiko mahats-sorta ederrak ohi zituan zintzilik, jaiegunetan eta, baratzera irteten ginenean ikusi eta begiz gozatu bai, baina jaterik izaten ez genituenak". Basilikaren barruko patioetan, aldiz, lorategi ederrak arta handiz zainduak omen ziren, egun belar motza besterik ez dagoenean. 1981ean Aita Santuaren bisitarako denak kendu zituzten, lorategi nahiz soroak eta harrezkero belardi datza.

Jesuita-etxetik bertan dago Iņaki eta Joxe Goenagaren jaiotetxea, Ormaetxe, eta hantxe arbolapean eseri ginen udazken zantzu guztiak ezagun zituen giroaren haizekirrira.
2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta