Idazleak - Pako Aristi Urtuzaga - Hemeroteka - Poesia zantzuak

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Pako Aristi Urtuzaga > Hemeroteka

Diario Vasco

1998-05-30 Poesia zantzuak | Felipe Juaristi

Ez nuke esango Pako Aristi halabeharrez sartu denik poesia munduan. Halabehar hitzak euskaraz duen zentzu bikoitzean diot gainera. Izan ere, urteak dira Sara Balaskyren poemak argitaratu zituela, emakume izenpean mozorroturik agirian, beharbada, esatera ausartzen ez zena. Beharbada diot, ez baita Pako Aristi lotsak egonagatik isilik gelditzen diren horietakoa. Alderantziz esango nuke, euskal idazleen artean ausarteneakoa dela, batez ere gai batzuei buruz idazterakoan: sexuaz, esaterako.

Poliki-poliki, ordea, bere mundu narratiboa ahazteke, edo albora lagatzeke, poesia munduan gero eta sartuago dagoen idazlea dugu. Aurreko liburuan, poema narratiboak nagusi baziren ere, idazlearen joerak hala eskatzen zuelako, oraingoan lirikotasunak bere tokia hartu du, nabarmen gainera.

Liburuan poema asko daude, sailka banatuak, eta sailez sail doinuz eta egituraz desberdinak badira ere, aldaketa gertatu dela, edo gertatzen ari dela, esango nuke, eta nork daki, hurrengo poesia-liburuan poeta petoarekin topo egingo dugu. Beharbada, diot berriro. Poeta petoaz ari naizenean, narratibotasuna bigarren mailako elementutzat duen poesia egiten duenaz ari naiz, uler dezagun.

Poema narratiboak badaude, hala ere, liburuan: istorio laburrak, eguneroko bizimoduarekin zerikusia dutenak orokorki, bukaera diztiratsudunak, galtzaileen patuari buruzkoak gehienbat. Ipuin izatera iristen ez diren testuak dira, baina ez azalekoak, sakonak baizik, bere laburrean indarrik galtzen ez dutenak.

Baina, tartean-tartean, benetako perlak utzi dizkigu Pako Aristik, batez ere “Poemak orduko 140 kilometroko abiadan” deitzen duen sailean. Esanguratsuak dira oso. Adibidez: “Parkean eseri eta/ ondora datorkizuna ezin jasan:/ ezereza konpartitzeko tarterik ez.”

Bestalde, hizkuntza bera ere zorroztu duela esango nuke, esan behar duena doi esateko. Ez gehiago, ez gutxiago.
2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta