Idazleak - Pako Aristi Urtuzaga - Hemeroteka - Kcappo (tempo di tremolo)

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Pako Aristi Urtuzaga > Hemeroteka

Susa

1985-07 Kcappo (tempo di tremolo) | Antonia Ormaetxea

Kritikoek edozein idazleren “opera prima” gerora etor daitezkeen beste lanekin batera osatzekotan den traiektoria kokatuta epaitzeko joera badute ere (era honetan “sine die” atzeratzen dutelarik eman beharreko iritzia), irakurleak, bere aldetik, erosi egin duen produktua bera den horretan baloratzeko eskubidea du, orain emandako diruak emandakoan behar baitu saria eta ez baliozko ezein hurrengo lanetan. Aristiren lan honek irakurketan dastatzea izan dudan plazeraz saritu nau eta baita gerorako agindu digun trilogia izango omen den honen hurrengo entregen zain utzi ere.

Ez da nobela baten meriturik txikiena jesarraldi batetan eskutatik jausi egin barik irakurtzea, batez ere euskal narrazio gehienak “kcappo” hau baino askoz ere laburragoak diren garaiotan. Nobelak egitura arkitektoniko trinkoa du lehen oinarritzat, hasieratik bertatik azaltzen diren soka mutur guztiak ondo lotuz azkenean; bestalde, kapitulu bakoitza suspense apur batekin amaitzen jakin du egileak, irakurle hurrengoa berehalaxe irakurtzera bultzatuz. Dena den, narrazioaren erdi alderantz edo, tentsioa jaitsi egiten dela eman dit, idazleak sakonki arnastu behar izan balu bezala (aurrera egin baino lehen).

Nobelaren barruko pasadizoak kontatzen hasi barik, nahikoa errepikatuak izan baitira beste euskal orrialdetan, desadan bertso zahar batzutan oinarritutako gertaeren bilakaera, erdi imaginarioa erdi benetako, idatzi duela Aristik, ondo baino hobeto frogatuz halako lanotarako harrobi bikain duguna geure tradizio herritarrean.

Bi puntu kritikagarri ene ustez. Bat, alde historikoa areago zainduz gero obrak sinesgarritasunaren aldetik irabazi egin zezakeela (janzkerak, adibidez, ez datoz giroarekin bat). Bi, oro har pertsonaia nagusien bilakaera psikologikoa lortua bada ere, zenbait erreakzio sinestezina egin zaidala esan behar.

Beste zer esanik franko ere emango omen du nobelak, arrazoi estraliterarioengatik.

Ez naiz inor holakoetan sartzeko; beraz, amen.
2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta