Idazleak - Pako Aristi Urtuzaga - Hemeroteka - Kcappo edo marginaltasunaren kronika

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Pako Aristi Urtuzaga > Hemeroteka

Idatz & Mintz

1986-10 Kcappo edo marginaltasunaren kronika | Jesus Maria Agirre

Liburu honen helburua batipat gizarte tradizionaleko ingurugiro makur eta ezkutua gordinki azaleratzea litzake, indibiduo gazteengan dauan eragina eta sortzen dituan hasturak erakutsiz. Azpimundu honetan nagusiek gazteengan ezartzen daben mugaketa erkina nabarmen agertzen da, eten jenerazionala ez ezik balore zahar eta barrien kontrajarpena ispilatuz. Azpimundu horren ezaugarri nagusia grina eta balore primarioen agerrera bortitza litzake, indibiduo desorekatu eta hautsiak erakutsiz.

Gizarte erasokor, mugatu eta jasangaitz honetan gazte batzuen nortasun garapena eta sozializatze bidea emoten da, gaztaroko espektatiba barrietan abiaturik, zentzu honetan iniziazio pausuak biziki deskribatuz. Sexu eta afektibitatearen aurkikuntza, adiskidantza, etorkizun heldurako itxarokizun eta zalantzak naturaltasunez eta egiatasun damubakoz deskribatzen dira erlatuan.

Azpimunduaren eragina eta belaunaldien etena markatuz, elemendu melodramatikoak dira nagusi liburuan, sexua amodioa baino indartsuago, eta biolentzia modu bortitzean, trasgresio handienak aukeratuz. Zentzu honetan nabari da zeozelako kutsu fatala ere, erkaturiko indibiduoez gain ari dana liburua gidatuz.

Pertsonaiak

Gazteen artean Ernesto injenuitate eta idealismoaren eta giroko errealismoaren arteko burrukan bizi da, barne etendura beragan jasangaitzena dalarik. Santos, ostera, praktikoagoa eta moralismo gitxiagokoa da, tradizio baloreetatik hurrekoa. Laura afektibitatea litzateke, nahiko osatu eta fina. Teresa, barriz, sexuaren ezaugarri, nahiko unilateral zentzu honetan. Ernestoren aita pertsona primarioa, eskrupulu bakoa, desorekatuena eta konkretatuena. Lauraren aita, kontrole sozialaren erakusle; aitona, nagusien guzurraren eta inkoerentziaren desestaltzaile. Medikua, indibiduo bitxi eta exotikoa, girotiko aldenketaren esenplu.

Egitura eta estiloa

Melodramatik drama hutserazko abiada dau klabe legez. Ernesto da eginkizunen ardatza, bere neskakazko eta aitagazko erlazioek bideratzen dabe erlatua. Erritmoa nahiko lasaia hasieran bada, hots, gaztaroko mundu esplorazioa erakustean, bizitu egiten da gertakizunen mailan suspensean irabaziz. Hau gazteak oztopoak aurkitu ahala erabagiak hartu beharrean aurkituz emoten da, hots, neskak umedun gelditu eta ezkontzerakoan nagusiekin hausten dabenean. Gailurra, halere, aitaren hilketak egiten dau, grina sexualetatik heriotza bortxatuetarako bidea amaituz. Argudioaren eraketa aldetik nahiko klasikoa da, girotzea, klimaxarazko abiaera eta bukaera tragikoa dituelarik.

Ikuspuntu aldetik ez dau aurkezpenik, ez toki ez pertsonenik: abokatuak gagoz mundu sare horretara. Aurreraketaatzeraketak emoten dira nozonoiz, premonizio eta explikazio antzera, zeozelako misterioa nagusituz. Kronologia aldetik lineala da, iraupenez orekatua, kausalitate aldetik fatalismo kutsua eta eragin soziala nabari daualarik, indibiduoak gogoz kontra jokatzera abokatuz.

Kontalariari bagagokioz, neutrala, hotza, distantea, introspekzio bako eta kanpoko gertaeren kronista legez jokatzen dau. Kontaerari buruz zehatza, exhaustiboa, gradazio bakoa, informazio sekundario gabea, irakurleari men ez tregua barik gauzak sare korapilatsu antzera metatzen dituana. Hiztegiaren aldetik ugaria, sinesgarria, prezisoa, zehaztasun handikoa. Alkarrizketa eta deskripzioek leku gitxi dabe, kontaeraren saioa dalarik. Kronika errealistaren tankera, berba baten.

Eretxia

Orijinaltasuna gaiean ez badau ere, gure herriaren beste aurpegia litzaken bizimodu marginalaren kronikak bad.auka gaur egun baliorik. Estiloaren aldetik ere kontaeraren planteamenduan anbiziotsu jokatuz, errealismo inplakablearen saio ederra da. Argudioaren bideraketa melodramatikoak ere badau erakarpen eta hunkipenik, gordintasun, naturaltasun eta egiatasun kutsuagaitik. Historiaren kontaeraren erreibindikazioa da, literaturaren eginkizun nagusi legez.
2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta