Idazleak - Pako Aristi Urtuzaga - Hemeroteka - Ipuin Laburrak

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Pako Aristi Urtuzaga > Hemeroteka

Diario Vasco

1994-05-14 Ipuin Laburrak | Felipe Juaristi

Pako Aristi gaztetxo sinpatikoa, atsegina eta graziaduna da. Hala pentsatuko dute, dudarik ez, emakumeek, haurrek, eroek, mozkorrek, tabernariek, musikagileek, apaizek, kamioizaleek, sakristauek, neskatoek, ikasleek, prostitutek (Pakok nahiago, hala ere, puta hitza), organujoleek (zein klasetakoa den irakurleak asma beza), itsuek, eta horrelako jendeak; horiexek eta gehiago baitira liburu hau osatzen duten ipuinetako pertsonaiak. Gainontzekoek, are gehiago ezagutzen dugunok, geure iritzia dugu hari buurz eta ez dugu hemen esango, denen aurrean, lotsagarri gera daitekeelakoan, bizitza osoan eta une bakan labur inspiratuetan izan ezik, lotsa izpirik izan ez duena.

Hogeitahamaika ipuinek edo (edo horretan irakurleak bi poemekin edo topo egingo du, eta azken edo hori bai dela badaezpadakoa). Laburrak dira oso, gehienak, baten bat salbu, ez dira sei orrialde baino luzeago. Ipar Amerikako ipuinlari modernoen tradizioan, beraz, short istories egileen antzean.

Hainbeste ipuinetan gai ugari jorratzen ditu, noski, Pako Aristik, baina funtsean laburbil daitezke, ezin bestean, idazleari betidanik gustatu izan zaizkion eta bere liburuetan zein artikuluetan gehien erabili izan dituen hauetan: bakardadea, musika, sexua (edo maitasuna, bi kontzepto horiek bat egiten baitira sarri idazlearen baitan), bidaiak (On The Road).

Ipuin bakoitza idazle fikziozko batek idazten duela adierazten digu liburuak; eta idazleak ipuin horiek bildu liburuan eta berari amaiera ematen dio, berak nonbait aurkitutako paperak bailiran.

Oso nabarmena geratzen da ipuin guztien egilea bat eta bera dela (Jainkoaren gisa berean), hitzen doinua, testuen tonua, bat eta bera baitira liburu osoan. Eta hori da, hain zuzen, liburuaren akatsik handiena. Ipuinak, fikzioan, pertsonaia ezberdinek idatziak direnez, idazketan bereiztuko beharko litzateke hori. Eta ez da hala gertatzen.

Hala ere, badira liburu honetan maila handiko ipuinak. Nire gusturako onenak, gaia musika dutenak: “Papillons Noirs”, “Kapellmeister”. Eta ezaugarri bat baldin badute, idazlearen beraren begirada samurrra da, pertsonaia guztiak busti eta pizten dituena.
2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta