Idazleak - Pablo Barrio Ramirez - Laginak - Ama, hor al zaude?

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Pablo Barrio Ramirez > Laginak

Antzerkia

2004 Ama, hor al zaude? | Bilbao Bizkaia Kutxa Fundazioa

Hitzaurre moduan

Istorioa Afrikan kokatzen da. Gaueko iluntasunaren anparoan, haien lurretan ekoizten eta kanpora esportatzen den petrolioa "lapurtzeko" asmoz, oliobidea zulatzen saiatzen du bertako jende multzo batek. Istripu bat gertatzen da hala ere, leherketa izugarri bat. Hildakoak gertatzen dira, baita zaurituak ere. Zaurituen artean emakume bat dago, izterrean erredura bat duena. Bidoi bat petrolioz beteta etxera itzultzen denean hasten da antzezlana. Hortik aurrera...


Sakelakoak itzaltzeko lehenengo abisua entzuten da. Handik gutxira, oihala altxatzear dagoela, abisu bera errepikatzen da bigarren aldiz.


1. AGERRALDIA


Saharaz beherako Afrikan gaude. Hiri handi samar horietako baten inguruan sortutako auzo pobreren batean seguru asko. Hiriak erakarritako mota guztietako jendea pilatzen da bertan, atzean utzitakoa baino hobea izango den bizimodu berri baten bila etorritakoa. Gehienak, ordea, atzean utzitakoak baino hobeak ez diren etxola ziztrinetan bizi dira. Etxola horietako baten barruan gaude, hain zuzen.

Argitu berria da eguna. Etxola erdi itzaletan dago oraindik. Izkina batean kamaina bat antzematen da lurrean. Gaixo dagoen neskato bat dago bertan etzanda. Ia ezin dugu ikusten baina artega dirudi, ezinegonean, hotzikarak hartuta. Zutik ikusiko bagenu neskatoa, rallyetako motoristek eramaten ohi dituzten propagandaz betetako kamiseta koloretsu horietako bat jantzita ikusiko genuke; guztiz zahartuta dagoen kamiseta koloretsua, hori bai. Urraduren artean, mota guztietako anagramak antzemango genituzke bertan, Repsol, BBVA, Telefonica, Novartis... EXPAL enpresarena ere ikusiko genuke agian tolesturaren baten anparoan...

Zarata ez ateratzeko kontu handiz, bidoi handi samar bat dakarren emakume bat sartzen da etxolan. Ezin dugu asmatu zer dakarren bidoian, baina, edukia edozein izanda ere, beteta dagoela ematen du. Ez dugu emakumea gaztea denik esango baina ez da inolaz ere zaharra. Herrena ematen du, arraroa da behintzat haren ibilera, mina izango balu bezala. Arnasketa estutua dakar, eta urratuta soinekoa, zikinduta. Neskatoak ez ikusteko moduan beti, bidoia bazterrean utzi eta soinekoa aldatzen du.


ALABA: Ama, hor al zaude?

AMA: Bai, umetxoa, ni nauzu. (Neskatoarengana hurbiltzen da). Zer duzu, ba, zure begitxo polit horiek horren zabal-zabalik irekita edukitzeko?... Tximeleta eder baten hegoak dirudite, ene kuttuna, zure begiak kliskatzen dituzunean.

ALABA: (Larritasunez) Beldurrak nago, ama. Har nazazu besoetan.

AMA: Zeren beldur dago, ba, nire laztana?

ALABA: Dena gertatzen zait beldurgarri, ama. Ez dakit, zu nire ondoan ez egotea... etxola honen argi-itzalak... edota dar-dar jartzen nauten hotzikara hauek... Bai, hotzikara hauek dira batez ere. Badakizu? Barruan matxinsaltoak izango banitu bezala... salto eta salto gelditu gabe. Neskatoaren kamainaraino hurbildu eta eskua jartzen dio kopetan.

AMA: (Lasaitasun behartu batez) Sukarra da, ene umetxoa, sukar gaizto bat besterik ez. Ipuin polit bat kontatuko dizut matxinsalto ziztrin horiek guztiak uxatzeko, ikusiko duzu zein azkar sendatuko zaizun sukar hori.

ALABA: (Amak esandakoa ia entzun gabe) Ez, ama... Ni, ni umetxo bat besterik ez naiz baina... baina beldur naiz ez ote den izango hau zurekin hitz egiten dudan azken aldia.

AMA: Ez esan hori, maitea, ez esan hori. (Kamainatik urrunduz, atzealdean dagoen sutondotik txarro bat hartzen du). Egin ezazu lo txiki bat orain, ene laztana, ni putzura noan bitartean. Gu biontzako ura ekarri behar dut eta.

ALABA: Ez, ama, ez dut lorik egingo. Nahiago dut begiak irekita eduki... Batek daki lo txiki baten mozorropean lo handia ez ote den ezkutatzen...

Txarroa buruan daramala, emakumea ateratzen da. Atera baino lehen, zapi zahar bat hartu eta zangotik behera irristatzen zaizkion odol tantak garbitzen ditu.
2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta