Idazleak - Mixel Thikoipé - Hemeroteka - Amikuzeko kronikak, hil nahi ez duen euskalkien emanak

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Mixel Thikoipé > Hemeroteka

Argia

2007-12-23 Amikuzeko kronikak, hil nahi ez duen euskalkien emanak | Unai Brea

Euskalgintzaren zereginetako bat, tamalez, Hego eta Ipar Euskal Herrien artean zubiak eraikitzea izaten da. Nahi genukeen baino zabalagoa da Bidasoa, eta zer esanik ez Auñamendiak.

Zubi horietako bat aurtengo Durangon –onartu beharko da herri izena ez ezik denbora adberbioa dugula honezkero– egin zen, zenbait euskal herritarrek Espainiako Konstituzioaren kariaz nahitaez gozatu behar duten zubian hain zuzen. Abendu hotzean, Maiatz lapurtar elkartea izen zen omendua, eta omenaldiaren aparrak Maiatzek emandako zenbait lore zipriztindu zituen bide batez.

Hotz bero liburua da loreotako bat, eta Mixel Thikoipe baxenabatarra hura hazi duen lorazaina. Hainbat trebezia badu Thikoipek egia esan: kantaria, gitarra jolea eta kantu sortzailea da, esaterako. Idazlea ere bai, bistan da. Hotz bero lanean, hamazortzi istorio labur eman ditu; izenburuak salatzen duenez –eta kontrazaleko iruzkinak argitzen– hotza eta beroa azaltzen dira ipuinotan, barrea eta negarra, bizitzaren ispilu. Eguneroko kontuak baitira hizpide liburuan, egunero ikusten ez den hizkuntza biziz eta estilo airosez emanak. Edukiaz den bezainbatean ere, hotza nahiz beroa. Distirantak dira batzuk, beste batzuk balekoak baino ez, ederrak denak.

Mixel Thikoipe Amenduzen jaio zen, eta Domintxainen bizi da. Biak ere Amikuzen daude, Nafarroa Behereko eskualderik xiberotarrenean apika. Hango giroa jaso du egileak, eta hango euskara baliatu. Nafarroa Beherea eta Zuberoa dira euskal hiztun portzentajerik handiena duten herrialdeak, baina horietan ari da hain justu euskara azkarren galtzen. Iraungipen-data jartzen ere ausartzen hasiak dira batzuk. Hori horrela, tentazio handiegia da liburu hau amikuzeraren epitafiotzat har genezakeela esatea. Ez gara hain ezkor jarriko, baina hain baikor ere ez: hau epitafioa bada, ez da azkena izango; egongo da denbora gehiago idazteko. Bestalde, esan dezagun euskalkia erabiltzea ez dela oztopo edozein euskaldun alfabetatuk Hotz bero ulertzeko. Lan apur bat eginez, ez dugu ukatuko. Oraingoz, batzuk-batzuk agertu dira lan hori egiteko prest: lehenengo argitaraldia agortua da, eta bigarrena bidean. Bada harririk Bidasoa zabalegiaren gaineko zubiak eraikitzeko.

dokumentua jaitsi | 86 Kb.

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta