Idazleak - Miren Agur Meabe Plaza - Laginak - Azalaren kodea

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Miren Agur Meabe Plaza > Laginak

Poesia

2000 Azalaren kodea | Susa

Azalaren kodea

MEMORIA EZ GALTZEKO
OHARRAK-1


Ezin zaitzaket giltzapetu,
txolarrez eta eroz beteriko kalea zarelako.
Ezin zaitzaket ordenatu,
umeltasun lizunezko trumila zarelako.
Ezin zaitzaket harrapatu,
paturik gabeko zaldiaren galopa zarelako.
Ezin zaitzaket maitatu,
gogo oneko jendearen beldurren zakua zarelako.
Ezin zaitzaket pentsatu,
lo-gabezian ernai naukan ideia burugabea zarelako.
Ezagut zaitzaket, ordea:
neu lakoa zara, beste azal batekin.


MEMORIA EZ GALTZEKO
OHARRAK-2


Zabalik utzi nuen bart logelako leihoa
eta piztia bat sartu zen.
Aireari usnaka zebilen:
uste dut igarri ninduela izara artean kuzkurtuta.
Ez zekien biluzik nengoena, bere zain,
ezta bere izena nekienik ere.
Animalia ugaztuna zen,
burusoildua,
bularrean bilo gutxikoa,
ipurdi irtenekoa,
begiak kilometroz eta loguraz beterik
eta tabako, kresal eta ogitarteko hotzen nahastea
ahoan.

Adurra erori zitzaion alfonbra gainera,
eta infernuko itsasoen moduan
hasi zen zorua txinpartaka.
Alboetara behatu zuen,
eta lokatzezko hilobi baten moduan
desitxuratu ziren hormak.
Bizkarrean egin zuen hazka,
eta nire bularrak puztu egin ziren
mundua udaberrian ohi den legez.

Egia diot.


MEMORIA EZ GALTZEKO
OHARRAK - 3


Euria ari zuen nire klitori gainean.
Tximistak 1ir-1ar zetozkizun paparrera:
odoletan zeundela zirudien.
Baina itzalak ziren,
azalaren lautadara etzatera etorriak.
Zure sexuak kearen usaina zuen,
nabarra eta zaharra.
Aldiz, ni urdina omen nintzen
eta oxigenoa lapurtu zenidan
neure zulo arrosetatik.
Zure hatz marroiak nire baginan,
udagoieneko adar zurrunak.
Paperezko zapia atera zenuen, ez dakit nondik,
eta autoaren leihatilatik bota zenuen,
umel eta zimur.
Bularrak lehertu guran nituen.
Euria ari zuen nire klitori gainean.


ANTSIEN OHARRAK - 2

Haragiak eta haragiak daude.
Nik haragi berri batekin egiten dut amets.
Haragi horren atomoek elkar maite dute
ez dutelako ezagutzen
ez jogurt desnatatuen iragarkirik
ezta jantzi-dendetako tailen koderik ere.
Haragi horretako zeluletara ez da sekula iritsi
konparazio hitzaren oihartzunik.
Haragi horrek onetsi egiten ditu bere pitzadurak,
fetuen bolumenak utzitako labirintoak,
gernuaren erantzun anonimoak,
koipe-soberakinak.
Haragi horretan ez dago birus maltzurrik sorgor,
ez baita sentikorra ispiluekiko.
Eta bikain burutuko lituzke sintesi-erreakzioak
nire burmuinaren eta hezur-mami-azalen artean.


ANTSIEN OHARRAK - 3

Bular-mahatsak bustirik dauzkat.
Zeuk milikatu dizkidazu, kiribilka, kurubilka.
Nire bular-sagarrek ernamuinak dirudite:
erronka egiten diote aireari apurtu baino lehen.
Hozkaturik ditut bular-gereziak:
urrezko sustrai bat errotu didazu sabelean.


OHAR LABURRAK - 1

Atzo izara bat erre zitzaidan.
Erre egin nuen lisaburdinaz.
Ogi xigortuaren koloreko triangelua estanpatu nion
telebistaren erruz.
Beti izaten dut piztuta sukaldeko telebista txikia
arropa lisatu behar dudanean:
gerrako haurtxo beltz bat
ama hilaren titia miazkatzen ari zen.
Ilezko korapiloa egin zitzaidan eztarrian.

Ez zait ahaztuko,
esneak sujetadorea umeldu zidan eta.


Bildu nire igitai-ilargi izoztuaren jario zurbila,
nire platinozko sexuaren lurrin azukretua.
Oratu nire gerri suminduaren bihurgune ahazkorra.
Biribildu nire bular iraunkorraren obalo goibela,
zure aho-errotarriaz eho bularmutur mingotsa.
Txoriarrainek albokera erortzen ikus gaitzaten arte,
zure txistu-haziak nire ezpainetan haize bihurtu artio.


Izurdeen dantza edota limoien lurrina ipar haizetzan
zeuretzen duzun legez,
hitz totelok ere asmatzen dizkidazu
lehenagoko gure amodioak lanbropean gaurkotzean.
Nire irribarrea erraz dator
euriaren bits urdinak kosta gardentzen duen egunetan.
Terrala firi-firi dabil etxeko leihoetan.

Urrundu zinen nigandik, urrundu zinen
baina beste batzuen gorputzean neurea zara oraindik.

Eskuetako marretan laburbildurik dakarzun bidaian,
isiltzen dudan guztiaren karta geografiko purpuretan
keinuka dugu antsien durundia,
betilore terrible baten mehatxua eta eztanda.
Nik zuri txera egitea ez da zaila
laino keantzak isla tristea blaitzen duen egunetan.
Hormabelar apala tantaka dago teilartean.

Urrundu zinen nigandik, urrundu zinen
baina beste batzuen gorputzean neurea zara oraindik.


Kristalezko emakume izan nahirik
kale hustuak ibiltzen ditut gauero biluzik.
Ilargi eri bat bezain garden dut azala
eta beldurtu egiten dira txakurrak nire soadaz.
Uhuri egin orduko lotsarazten ditu
burmuinean daramadan galderaren usainak.
Eta loak hartzen ditu nire oin ausartak,
papiloien hauts hilurrenekoaz estaltzen.
Eta ez nabil inorantz
zorabioak hartzen bainau besoetan.
Eta amets zahar baten antzekoa naiz,
nigan besterik ez naiz bizi.
Gauak hautatu nau bere zitori,
baietz esanda esnetan mela egindako lepo-bularroi.
Kristalezko emakume izan nahi dut
maite nautenek ikus ez nazaten
eta odolaren ordaina eskain diezadan
nire emea zapaldu eta hautsi dezanak.
2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta