Idazleak - Miren Agur Meabe Plaza - Hemeroteka - "Nerabeei zuzendutako liburua da, eremu pribatuko gaien ondoan, kezka sozial, politiko eta ekologikoak ere agertzen dira"

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Miren Agur Meabe Plaza > Hemeroteka

Elkar

2008-10 "Nerabeei zuzendutako liburua da, eremu pribatuko gaien ondoan, kezka sozial, politiko eta ekologikoak ere agertzen dira" | Elkar

Miren Agur Meabek (Lekeitio, 1962) Zer da, ba, maitasuna? argitaratu berri du. Aurretik Poesiaren Kritika Saria jaso zuen Azalaren kodea liburuagatik, eta Gazte Literaturako Euskadi Saria bi aldiz lortu du: Itsaslabarreko etxea eta Urtebete itsasargian eleberriengatik. Azkeneko lan honetan, arlo biak uztartu ditu: nobela bat da berez Zer da, ba, maitasuna?, bere baitan poema-liburu bat txertaturik daukana.

Lehenengo galderak derrigorrezkoa dirudi: zer da, ba, maitasuna?
Galdera horri erantzun nahirik dabiltza liburu osoan zehar, hain zuzen, bi protagonistak, Berezi eta Mister X. Erantzun azalekoak edo sakonagoak, topikoagoak edo orijinalagoak emango dizkiote bakoitzak bere buruari, hala nola maitasuna gorputzean kilkerrak sentitzea dela, edo bitsezko katebegiz lotzea, edo erridikulua pixka bat egitea, edo istorio bererakin tematzea, egiteko, desegiteko eta berregiteko, eta abar.
Galdera leit-motiv modura agertuko da behin eta berriz kontakizunaren barruan, eta erantzuna ez da bakarra ezta finkoa ere izango, aldakorra baizik, protagonistek arian-arian ondorioztatuko dituztelako, egoeren eta bizipenen arabera. Kontua da amodio sekretua dela, isilekoa, eta horixe nola argitu, horrek ematen die buruko mina, sufrimendua eta sortzeko arnasa.

Liburuaren berezitasun bat, hasieratik markatzen dena, bi ahotsak dira. Polifonia-efektua sortzeko, gauza berari ikuspegi desberdinetatik begiratzeko...?
Ahalegindu naiz neskaren eta mutilaren arteko ahotsak desberdintzen, ez tonuan soilik, baita adierazpenaren baliabideetan ere. Izan, nortasunez ere diferenteak dira biak: neskak gogoeta aspertutako joera dauka, ameslaria da, kritikoa, malenkoniatsua... Halaxe, bere berba egiteko modua ere erritmikoa da, deskriptiboa, egitura paraleloak baliatzen ditu, errepikak... hizkera poetiko samarra erabiltzen du; azken batean, poeta da bera, eta poetaren begiekin ikusten ditu gauzak.
Mutila, ordea, alaiagoa da, urduria, umoretsua, solidarioa, baikorragoa, eta sortzailea bera ere: musikaria da eta kantuen letrak asmatzen ditu. Honen kasuan, esaldi laburrek, kaleko hizkerak, muletilek eta abar toki handiagoa dute… Grafikoki, parrafo bakarretan agertzen dira bere atalak, berba-jarioa adierazteko. Musika-talde bateko burua da, eta abestiak konposatzen ditu, letrak barne.
Hizkeraren kontrastea beharrezkoa iruditzen zitzaidan bi nortasunak markatzeko. Dena den, istorioak aurrera egin ahala, bilakaera gertatuko da. Batetik, barruan duten anabasaren eraginez, eta, bestetik, ingurutik ikasten dituzten gauzen bitartez, batak bestearen antz pixka bat hartuko dute: neska ironikoago bihurtuko da, eta mutila dramatikoago.

Zein dira liburuaren ezaugarri nagusiak?
Bi aipatuko nituzke: egitura simetrikoa eta generoen konbinazioa.
Liburuak erdi bi eta azal bi ditu, biak lehen pertsonan idatziak. Horrela, protagonista bakoitzak bere istorioa, hausnarketak eta poemak ematen dizkigu, eta bestean, besteak. Irakurleak aukera egin dezake, lehenik neskarena leitu, edo mutilarena, nahiz biak txandakatuz joan, liburuari buelta emanez.
Liburuaren erdian ageri da aurkibidea: 28 atal batetik, 28 bestetik (ikusi orri-marka ere). Eta atalon tituluei begiratzen badiegu, paralelismoa aurkituko dugu, ispilu antzean. Zergatik? Bi pertsonaiok, aldi berean, batak bestearen berri jakin gabe, amodioaren inguruko hausnarketa egiten dabiltzalalako. Maite denarenganako atxikimenduaz aparte, amodioarekin zerikusia duten sentimenduak aztertu beharko dituzte: desira, jelosia, zalantzak, samurtasuna, eskuzabaltasuna, beldurra...
Bestalde, gazte biok sentsitibilitate estetikoa dute eta kreatiboak dira. Horixe da generoen konbinazioa ahalbidetzen duen arrazoia. Lan hau, izatez, eleberria da, baina poema-liburu bat dauka barruan. Atal bakoitzaren amaieran poema bat agertzen baita …—guztira, 54— aurretik esandakoaren laburpen, isla, oihartzun, zabalpen edo kontraesan gisa. Adibidez, une jakin batean neska bere amarengan pentsatzen ari da, hil egin zitzaiolako, eta jarraian, oroimenari buruzko olerkia dator.

Beraz, amodiozko istorio bat da, nerabezaroan kokatua.
Ez, maitasuna ez da gai bakarra. Nerabeei zuzendutako liburua da, adin honetan erabateko intentsitatez bizi izaten delako esperientzia hori. Hala ere, nerabezaroa izaten da begiak mundurantz irekitzeko sasoia ere. Horregatik, eremu pribatuko gaien ondoan, kezka sozial, politiko eta ekologikoak ere agertzen dira. Familia, adiskidetasuna, heriotza, eta halakoekin batera, tratu txarrak, gerra, garapen-bidean dauden herrialdeetako arazoak, euskal gatazka, inmigrazioa, ingurumenaren arazoak, eta beste batzuk azaleratuko dira, eguneroko bizimoduko collage moduan.
Nik ez diet irakurleei kontatuko lehendik ez dakiten ezer, mundua begi-bistan baitute eta informazio asko jasotzen baitute hedabideetatik. Hala ere, ez nuen nahi ekintzak kontatu besterik gabe, edo istorio entretenigarri bat eman, baizik eta txinparta bat piztu, gogoeta batzuk, beren xinpletasunarekin eta pisuarekin partekatzeko.

Nabarmena da liburu osoan zehar adierazpide artistikoen aipuak eta erreferentziak: literatura, pintura, argazki, musikazkoak...
Neskaren amama, pertsonaia sekundarioa bada ere, inportantea da, intelektual airea duelako, eta estimulu literarioak eta artistikoak igortzen dizkiolako. Esaterako, Pedro Salinas, Sylvia Plath edo Itxaro Bordaren aipuak; edo pintura-erreprodukzioen bilduma bat, postal tamainakoa, Bereziki Picasso, Klimt, Chagall edo Khaloren lanak abiapuntu gisa erabiliko dituenak bere hausnarketa poesiaren bidez egiteko. Aparte, aitak Leonard Cohen, Roberta Flack edo Silvio Rodriguez entzunarazten dizkio.
Mutilak, bere aldetik, sarritan aipatzen ditu honako edo halako irakasleari entzundakoak: Mao-ze-dong, Saint-Exupéry, Oihenart edo Li-po. Badu, bestalde, herri-musikaren berri: “Eperra” edo “Xarmangarria zira”.

Liburuan oso inportantea da alderdi grafikoa...
Concetta Probanzak lan zoragarria egin du: diseinu zaindua, hainbat teknika plastiko, eta testu berbalaren interpretazio ez-berbal aberatsa: ukitu surrealistak, abstraktuak, sinbolikoak, artelanen moldaketak, publizitatearen esparrukoak...
Ez dakit testuak halako trataera mimozkoa merezi zuen, baina kontuan izanik kontaeran arte-adierazpideek duten pisua, kohesioa ematen dio obrari. Luxu handia eta zorte itzela izan dut.
2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta