Idazleak - Miren Agur Meabe Plaza - Hemeroteka - "Beti esan izan dut benetako saria zure liburua irakurlearengana heltzea dela "

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Miren Agur Meabe Plaza > Hemeroteka

EIE

2007-11-27 "Beti esan izan dut benetako saria zure liburua irakurlearengana heltzea dela " | Hasier Rekondo

Zer suposatzen du zuretzat haur eta gazte literatura Euskadi Sariak?

Bigarren honek poz handia, baina lehenak sakonagoa, eraginkorragoa. Zergatik? Lehenak asko lagundu zidan nire burua idazleago sentitzen, ez sariak hutsean eta zuzenean, ondorioek baino. Orduko hura nire lehen idazlan luzea zen, bidea urratzen hasten nengoen, eta segurtasuna eman zidan. Gainera, liburua asko zabaldu zen. Oraingo honetan, sariaren alderik ederrena da dozenaka pertsonak, lagunek eta idazle jendeak eman dizkidatela zorionak. Estimazio hori igartzea, norberaren lanarena eta pertsonarena, horixe da benetako saria. Epai-mahaiak desberdinak izan dira kasu batean eta bestean, eta bihotzez eskertzen diet nire liburuen alde egin izana. Orduan mirari bat iruditu zitzaidan; orain, opari bat.

Urtebete Itasargian liburuaren nondik norakoa laburbildu zenezake?

Liburuak bi zati ditu. Lehena, 1936ko abuztua edo Txo. Zortzi ataletan, protagonista, hamahiru urteko mutiko bat, Jon, Garraitzetara heltzen den momentua, girotzea eta sustrai sentimentalak botatzen hasten den aldia hartzen du.
Bigarrenak, 1936ko irailetik 1937ko abuztura hartzen du. Hamabi hilabete diren hamabi kapitulutan, gerraren hamabi hezurrak edo gerraren bilakaera kontatzen da, ildo kronologikoari helduz. Gertaera garrantzitsuenak aipatzen dira. Adibidez, irailean, Bidasoako bataila; urrian, Jaurlaritzaren eraketa eta Gipuzkoako itsas ebakuazioak; azaroan, Aitzolen fusilamendua eta neguko frontea; abenduan, Legutioko bataila; urtarrilean, Eguna egunkariaren jaiotza; otsailean, razionamendua; martxoan, Matxitxakoko gudaldia; apirilean, Gernikako bonbardaketa; maiatzean, umeen ebakuazioak Habana itsasontzian; ekainean, Burdinazko Gerrikoaren erasoa eta Bilbo jaustea; uztailean, Kantabria aldeko gora-beherak; abuztuan, Santońako elkarrizketak eta erbestea.
Horiek denak Jonen bizipenekin nahasita ageri dira. Ekintza xeheak —umeen jolasak, bere lehen maitemina, gurasoekiko harremana, farozain-lanak, herriko ohiturak...— eta gertaera handiak tartekatuta datoz. Jon batzuen lekuko zuzena izango da, eta beste batzuetan zeharka azalduko dizkigu, gutun baten bidez, irratiko albiste baten bidez, eguneroko baten bidez.... Bera da gerraren kronista sentimentala, pertsona txiki baten ahots txiki eta liriko gertaera handi epiko bat kontatzen.

Nola neurtu dezakete sariek idazle baten lana, zure ustez?

Sariak neurgailu mota bat dira, baina ez bakarra ezta erabatekoa ere: lan on asko dago saritu bakoa. Sari batek lan baten meritua aitortzen du, epai-mahai jakin baten irizpideen nahiz gustuaren arabera. Sari bakarra eman behar izaten da, eztabaidatu eta gero, adostasuna lortuta eta iritziak iritzi. Saria esanguratsua da baina beti erlatiboa. Beti esan izan dut benetako saria zure liburua irakurlearengana heltzea dela —gustatzea, onartzea, baloratzea— eta horren berri jasotzea. Eta bestalde, saria jaso nahiz jaso ez, norberaren bidea zintzo egitea da kontua, ahalik eta hoberena eman, eta irakurlea izan dadila epaile.

Nola bizi zenuen Euskadi Sarien gaineko eztabaida?

Ez daukat inolako bokaziorik polemikarako, eta gainera, batzuetan kostatu egiten zait hausnarketa batzuen konplexutasuna bere osoan ulertzea. Horregatik, agian hobe nuke gaiari ospa egitea eta ezer esan ez. Baina ezin dut ukatu mina eta haserrea sentitu nituela. Honela ikusi neban kontua: idazle batzuek gogoeta bat egin zuten, beraiek sinesten dituzten premisa edo datu batzuetan oinarrituta, ondorio batzuetara iritsi ziren, eta manifestu baten bidez adierazi zuten sari horien kontrako jarrera. Ez dakit beste sari batzuen kontra ezer esan duten. Jarrera hori errespetatzen dut, idazle horiek estimatzen ditudalako, ez maila literarioan soilik, baita maila pertsonalean ere.
Nik ere egin nuen nire gogoeta, eta ez zetorren bat haienarekin. Orain ez naiz gogoratzen zein ziren manifestuaren hitz zehatzak, baina injustua iruditu zitzaidan beste idazleoi, epaimahaikideei, argitaldariei eta abar bidaltzen ziguten mezua. Dena dela, justizia zer den, bakoitzak bere motiboak ditu modu batera edo bestera aditzeko.

Poesia eta haur eta gazte literatura generoen arteko zubiak nola zeharkatzen dituzu?

Egoeraren arabera bilatzen dut espresabide bat edo bestea. Zer ideia etorri zaidan edo eman didaten, edota zer sentimendu edo sentsazio darabildan erraietan edo bihotzean, batera edo bestera joko dut. Dena den, ez dut uste “poesiarako gaiak” edo “haur literaturarako” gaiak daudenik; gaira hurbiltzeko modua da gakoa, eta batzuetan, pizza jateko edo txirlak jateko gogoa daukagun legez, generoa ere izaten da gai bat mastekatzeko modu bat da.

Zertan baldintzatzen du zure editore lanak sorkuntzarako?

Batez ere testuliburuen arloan dihardudanez, eragina ez dut sorkuntza mailan igartzen, baina bai hizkuntzaren trataeraren. Asko begiratzen diet idazkien zuzentasunari, kohesioari, koherentziari. Editorialeko lanari esker asko aberasten da hiztegia, esate baterako, eta noizbehinka, jakintzagai bateko lexikoa —erlijiosoa, filosofikoa, zientifikoa, linguistikoa...— baliabide xelebrea edo bitxia gerta daiteke idazlan bat gorpuzteko.

Irailean Donostiako Poesia Orduetan hartu zenuen parte, eta Literatura Eskolaren ekitaldietan ere izaten zara, beste idazle batzuekin harremanak izatea gustuko duzu.

Lagunartea maite dut, asmoak konpartitzea, iritziak entzutea, talde-egitasmo errazetan parte hartzea... Saltsazalea naiz. Idazleen artean oso lagun onak egin ditut azken urteotan, eta horrek asko balio dit, bokazioan kide izateaz gain, elkar ezagutzeko eta elkarri laguntzeko aukera izan dugulako.

Behin komentatu zenidan ez zenuela idazteko astirik, poesiarako beste erritmo baten beharra zenuela.

Aldikada honetan nire bizimodua abiadura zoroegian doa, adibidez, helduentzako poesia idazteko, poesia idaztea ez delako hitz batzuk xarma pixka batekin ipintzea eta kitto; hausnarketa, instrospekzio-ariketa eskatzen du, eta horretarako, nik behintzat, isiltasuna eta patxada behar ditut, eta aparte, barrualdeak arakatzea batzuetan mingarria edo ezerosoa ere izaten da. Horregatik, zorroan gordeta helduentzako materiala eduki arren, oraindik asko landu beharko ditut argitaratzeko eskaini orduko. Esan nahi dudanaren eta esaten dudanaren arteko baliokidetasun guztizkoa dagoela ikusi arte ez dot lanik bukatutzat ematen. Eta gero ea nola ebaluatzen duten, balekoa den, birlandu behar den...

Poesia lanik esku artean?

Aspalditik neukan gazteentxoentzako erregistroa probatzeko jakin-mina, eta horretan ari naiz, ea lortzen dudan taxutzea testu sorta dezente bat, mezuz eta formaz erakargarria.

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta