Mikel Taberna Irazoki

Mikel Taberna Irazoki

Alkaiaga (Lesaka), 1957.

Unibertsitatean Biologiako ikasketak egin bazituen ere, helduendako euskara irakasle hasi zen lanean: AEKren gau eskoletan, Nafarroako Diputazioaren Euskarazko Ikastaro Trinkoa izeneko programa berezian (denboraren buruan Zubiarte euskaltegia izanen zena) eta Iruñeko Hizkuntza Eskolan. Gerora, Foru Komunitateko administrazioarentzat itzultzaile aritu da hogeita zazpi urtez, 2017an erretiroa hartu zuen arte.

Ttipi Ttapa aldizkarian argitaratu zituen bere lehenbiziko testuak, 1980ko hamarkadaren hasieran, eta Korrok literatura aldizkariaren talde eragileko kidea izan zen (1984-1989). Garai bertsuan, Iruñerrian eta Nafarroan bertsolaritza biziberritzeko izan zen mugimenduan ere parte hartu zuen, bertsolari eta aurkezle edo gai-jartzaile gisara.

Kolaboratzaile finkoa edo aldizkakoa izan da eta da zenbait komunikabidetan: Ttipi Ttapa, Zabalik, Nafarkaria, Egunkaria, Berria, Nabarra, Euskalerria Irratia, Xorroxin, Argia, Bertsolari.

Arabako Foru Aldundiaren Ernestina de Champourcin saria irabazi zuen 1996an, Mendearen ilunabarrean poema-bildumarekin; Tene Mujika lehiaketa, 1999an, Bota xoxa! narrazioarekin; Donostia Hiria, 2000. urtean, Errege eguneko panpina ipuinarekin; eta Pedro de Atarrabia sariketa, 2008an, Sakelako harria lanarekin.

Atzera