Idazleak - Mikel Peruarena Ansa - Laginak - MUTUON GRAMOLA

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Mikel Peruarena Ansa > Laginak

Poesia

MUTUON GRAMOLA |

MUTUON GRAMOLA

gurea esan ezin diren gauzez betetako habitazioa da
gramolak eraman zituzten bart
irratirik ere ez daukagu kontrolen berri izateko
horrela ezinezkoa da bizitzea
ekilibrioa galdu eta edonoiz eroriko ote zarenaren
zalantzarik hazi gabe
ezinezkoa da gure habitazioan zalantzarik gabe bizitzea
egunkariak pilatzen zaizkigu izkinan
eta orriak horitzen zaizkie horitzen zaizkie orriak
arratoien ordua da orduan
hezetasunaren zulo azpitik ateratzen dira bazkaltzera
ez dute ezer errespetatzen arratoiek
eta gure preokupazioa da egun egunkarietako orriekin
bukatzean zeri egingo ote dioten hozka

martxa militarren nota ozenak entzuten dira
kaleko gramola inperialetatik eta
argia itzali beharra daukat ene bakardadea ezkutatzeko

ZAURIAK

bainugelan eranzten zarenean
laztanen oroimena alboratu
eta nora begiratu ohi duzu orain?
ikusten dituzu
ireki zaizkizun zauri berriak?
azalaren azpian ezkutatzen dira
eta ez dute merkrominarik behar
odoletan ari dira
kostrak harrotuz etengabe
esan dezakegu
mundua zauri etengabea dela
zure hankartearen hilerokoan
eta ez dela sekula itxiko

ERROTARRIENTZAKO PAPERA I

Eta orain erran zertarako idazten dugun
jendeak gosez hiltzen jarraitzen badu
jendeak gosez hiltzen jarraitzen badu
ogi eske tirokatua kale kantoian
zertarako idazten dugun baldin
liburuak baino merkeago
erosten badira metrailetak merkatu beltzean

erran zertarako idazten dugun baldin eta
pertsonaren legena ezkutatzeko ez bada
baldin eta gezurra betikotzeko ez bada
baldin eta mozorroak zutik iraun dezan ez bada
zertarako idatzi hitz madarikatuok baldin eta
liburuetan argitaratzeko merkeegiak eta
estatuak amiltzeko ahulegiak baldin badira

-- --

Berez apurtzen da nekez osatzen duzuena,
eskuak destinuarekin ukabilka hasten baitira;
Mahaiaren ertzean, destinua, zelatan dago beti.

__ __

Zerbait gelditzen zaio egiteko oraindik.
Ez du esan, esan behar zuen hori.
Ezpata kamutsa ezkutatu zuen esnetan,
eskuak garbitu zituen ogi papurrekin,
oinak sartu zituen kamamila uretan.
Poxpoiluak ez, ezin ditu gorde, ezin ditu gorde.

-- --

Beldurraren helburua beldurra ereitea da
Minaren mugazainek ez dute beldurrik
Beldurraren mugazainek ez dute minaren mugarik
Minak eta beldurrak debalde dira hemen

Haurra bakarrik dago gela grisean
plastikozko poltsa zikin batekin buruan

-- --

Defentsarik onena hormak biluztea
larruazalak txikitzea da
Maitasuna esaten zaio
barruan kabitu ezin eta
eskuetan begietan lehertuz
kanpora irteten zaigun horri
Hormak txikitzea, larruazalak biluztea
gauza bera da

-- --

Ez begiratu atzera
Atzean jendea dagoelako
hortzak zorroztutako otsoak lez
ohe azpitik zure loa zelatatzen
Atzean ume bat dagoelako
bat bakarra
zureak ez diren zure begiekin
zure joana zelatatzen

-- --

Erre usaina zerien poetaren hitzei
Aspaldi agortutako su baten erre usaina
Baina zer da bada poesia,
kearekin jolastea ez bada?

JENDE ARRUNTAREN JABEGO PRIBATUA

pereza bat mugitzeko
hiruzpalau erosotasun etzateko
zazpi itxura saltzeko
lau ilusio galtzeko
amodio bat emateko
eta beste zenbait esateke
metroko billete zahar bat
euro batzuk
etxeko giltzen katea
nortasun agiria
eta zulo ttipi bat
zulo ttipi bat non
erori eta galdu zitzaion
gainontzeko guztia


2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta