Idazleak - Mikel Peruarena Ansa - Hemeroteka - Mikel Perurarenarekin solasean Beterriko Liburuan

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Mikel Peruarena Ansa > Hemeroteka

111 akademia

2010-03-12 Mikel Perurarenarekin solasean Beterriko Liburuan |

Beterriko liburua aldizkaria
MIKEL PERUARENAREKIN SOLASEAN


Ereñotzun jaio zen 1978an. Kazetaritza ikasten hasi, ondoren aplikazio informatikoen garapenerako teknikari izateko ikasketak burutu, eta atzera kazetaritzan aritu da lanean, irratian gehienbat. Gaur egun Berria egunkarian dihardu. Zenbait literatur sari irabazi ditu, horien artean 2006ko Irun Hiria olerki saria, eta bi poesia lan plazaratu ditu: Eguraldiaz hizketan (Elkar, 2003) eta Edan ase arte (Kutxa, 2006). 2009an kaleratu zen bere lehen eleberria: Ez obeditu inori (Susa).

Kubako gerratik maingu itzuli zen Sotero Mujika bertsolaria du protagonista XIX. mendearen amaierako Donostian kokaturiko istorio honek; haren ahotik kontatuko du Peruarenak, besteak beste, gerra hark euskaldunei ekarritakoa.


Sotero gizarajoa, a zer bizimodua…

Dena ondo ateratzen zaien pertsonekin istorioak egitea konplikatua da, niri ez zait halakorik bururatzen behintzat. Noizbait pentsatu izan dut gauza onak gertatzen zaizkion jendearekin istorioren bat egin beharko genukeela…, baina ez dut uste horrek saltsa handirik duenik. Horrelaxe sortu zen Soterorena… Nahiko erretxina da, baina erretxina izateko motiborik badu, ezta?





Inguruan dituen beste biek bultzatuta sartzen da konspirazioaren kontuan ere, eta azkenean badirudi berak bakarrik sinesten duela benetan horretan …

Zerbaiti heldu behar. Denok heldu behar izaten diogu zerbaiti, batzuek kirolari eusten diote, beste batzuek drogei, beste batzuek politikari… Bakoitzak bere heldulekua topatzen du. Soterok ere berea topatu zuen, baina gaizki atera…





Bada esaldi bat egoerak samurretik gutxi duela isla dezakeena: “Eseri ginen zakurraren ipurtzuloan Frantsesa, Estudiantea eta neu: poeta erbesteratua, itzultzaile bizargabea eta trobadore maingua”. “Zerrenda ederra”, gaineratzen duzu ondoren…

Hor justifikazioa aurki liteke akaso, neurri batean behintzat. Lagunek esan izan didate: “Zein zelebreak diren hirurak, hain ezberdinak, zuk uste duzu posible izango litzatekeela hiru horiek elkartzea?”. Ez dakit, nobela bat da, eta elkartu ditugun unetik posible izan beharko du. Hori sinesgarria egitea zen kontua, eta horretarako horrelako makulu batzuk erabiltzen dira. “Zerrenda ederra”, pentsatuko zuten. Bada, zu ere irakurtzen ari zarenean agian pentsatzen ariko zara, “zerrenda ederra”…





Lekuaren izenak ere badu berea…

Hori askok esan didate… Ez dakit, “segizazu zakurraren ipurtzulora!” esan ohi da… Hortxe jarri dugu, bada, zakurraren ipurtzuloa. Ez nion buelta asko eman, eta geroztik jende askok galdetu dit horri buruz, baina gehiegi pentsatu gabe jarritako izena da.




Zergatik kokatu duzu nobela XIX. mende amaierako Donostian?

XX. mende guztia gerra egiten pasa dugula iruditzen zait, eta gerren historia hori ez dago oso arakatuta, euskaldunak zein gerratan egon garen… Erakargarria egiten zitzaidan; beste gai batzuk ere badaude hor eta gordeta dauzkat akaso egunen batean lantzeko, beste garai batzuk… Gerra karlistei buruz idatzi da, 36koari buruz ere dezente, baina beste gerra batzuez ez dugu ia ezer idatzi, eta horien artean Kubakoa bereziki oso utzita dago, ez dakit, galdu egin genuelako edo lotsaz… Horrez gain, garai baten bukaera eta beste baten hasiera ere bada Kubako gerra. Karlistaden ondorengo guda inperiala da, euskaldunak han egon ginen inperioarekin gerra egiten eta galdu egin genuen. Hortik beste garai batera pasatzen gara, aro modernoago batera, beste gatazka sozial eta politiko batzuk sortzen dira… Gerra horrek trantsizio aldi hori markatzen duela uste dut; Espainiak koloniak galtzen ditu, eta beraz, barruko politikan zentratzen da. Ekonomiari dagokionez, kanpoan egondako diru asko hona itzultzen da; Kuba independentea baldin bada ez zaie hainbeste interesatzen, eta diru horrekin hemen industria indartzen hasten da, horrekin eta beste batzuekin ere bai, baina bere eragina izan zuen hark ere. Oso garai interesgarria iruditzen zait XX. mendearen hasierara begira jartzeko. Eta Donostia zergatik? Gehien ezagutzen dudana delako. Ez da erraza ehun urte atzera egin eta hiri bat nolakoa izango zen irudikatzea, leku-izenak… Badaude plano eta antzeko beste hainbat material, baina ez da erraza. Gauza bera Bilbon egin izan banu galduta egongo nintzatekeen, askoz ere lan gehiago egin beharko nukeen. Donostia gehiago ezagutzen dut, eta errazagoa suertatu zait. Beste leku batzuetan ere egin zitekeen, eta egin liteke; eta oso interesgarria da egitea, baina agian bilbotarrek egin beharko dute Bilbokoa, edo ni baino jantziagoa den batek…




Eta bilaeta horretan bereziki zure arreta erakarri duen ezer? Dokumentazio lan mardula egingo zenuen, noski...

Ez dakit zenbateraino… Dokumentazio lana ez da sekula bukatzen, momentu batean, nazkatzean edo nahikoa duzula iruditzen zaizunean, idazten hasten zara. Ez dakit asko egin dudan edo gutxi egin dudan, beharbada gehiago egin beharko nukeen, gauza batzuetan ez naiz guztiz seguru aritu. Ez dakizu oso ondo noiz amaitu behar duzun edo noiz den nahikoa. Baina momentu batean idazten hastea erabakitzen duzu. Datu bilaketa horretan bitxia izan da denbora gutxian leku-izenak nola aldatu diren ikustea, orain galduta dauden izenak. Adibidez, Txubillo mendia, Igeldokoa; bada inprimategi bat Txubillo izena duena, arrastoren bat mantentzen da baina…





Nora jo duzu dokumentatzeko garaian?

Abiapuntua Kubako gerrari buruzko bertso bilduma bat izan zen, Antonio Zabalarena; bertan azaltzen diren bertso batzuk liburuan sartu ditut, besteak beste, Otañorenak. Garaiko prentsa ere irakurri dut. Eta gero liburuak, baina egia esan irizpide handirik gabe; liburutegira joan eta balio ziezadakeen zer zegoen begiratzen nuen. Adibidez, Txillardegiren liburu batekin bueltaka ibili nintzen, orain ehun urte Antiguo nolakoa zen azaltzen zuena…





Zenbait kritikok Koldo Izagirreren Nik ere Germinal! egin gura nuen aldarri liburuarekin lotu du zure eleberria…

Garaiarengatik izan dezake lotura, Canovas del Castilloren hilketaren ingurukoengatik; egia esan, horri buruz ez da gehiegi idatzi. Gero lagun batek esan zidan irakurritakoan: “Izagirrerekin konparatuko haute, kafe bat jokatuko diat hala egiten badute”. Zor diot kafea oraindik. Ohore bat da Izagirrerekin konparatzea.





Maria Cristina da Espainiako erregina, Maria Kristina da Soteroren astoa, eta Maria Cristina agertzen da Soterok Kubako insurrektoei ikasi zien abestian.

Apropos jarri nion izen hori astoari, Soteroren mendeku gisa-edo... Beti gelditzen zaizu zalantza, baina badirudi Maria Cristinaren abesti famatu hori benetan horrela zela, badirudi handik datorrela, hala jaso nuen behintzat.





Azkenean Maria Kristina astoa hiltzen da, Maria Cristina erreginak bizi-bizirik jarraitzen du eta konspirazioa ezerezean geratzen da. Hasieratik garbi al zenuen dena hutsean geratuko zela?

Bai, aurkakoa beste gauza bat egitea izango baitzitekeen gainera. Nire kasuan historiak pisu handia izan du, hasieratik garbi nuen ezin nuela historia aldatu, eta banekien ez zela horrelako ezer gertatu. Nire hipotesia hauxe zen: Garai hartako Donostian bizi zirenen baldintzak kontuan hartuta (ahora eramateko gauza handirik gabe, denak lurrean barrena arrastaka eta besteentzako lanean…), inori ez ote zitzaion burutik pasatzen erreginari labankada bat ematea? Izan ere, maiz etortzen zen hona, eta gaur egungo segurtasun neurririk ez zuen izango seguru asko. Gaur egun politikariak, enpresariak…, gotorlekuetan bizi dira, oso babestuta daude, jendearengandik oso aparte; baina garai hartan, dirudienez behintzat, askoz gertuago zeuden. Gainera, beste toki batzuetan gertatzen zen halakorik: Italian, Frantzian, Errusian… Beraz, horixe zen hipotesia, alegia, inori ez ote zitzaion burutik pasako horrelako gauza bat egitea, baina jakinda ez zela gertatu.





Beraz, hortik abiatuta etorri ziren pertsonaiak eta gainerakoak…

Egia esan, orain ez dakit. Hilabete batzuk pasa nituen pertsonaia batzuekin bueltaka, garaiarekin, lekuarekin, hipotesi horrekin…, eta ez dakit zer izan zen lehena. Osagai guztiak gehitzen joan ziren eta momentu batean esan nuen: “Ez dela gertatuko badakigunez, goazen gertatu ez dena kontatzera eta gero azal dezagun nola iritsi diren pertsonaia horiek egoera horretara”. Hasiera-hasieratik kontatzen da ez dela gertatuko, eta hori ikusi nuenean hasi ziren pertsonaiak hobeto definitzen.





Konspirazioak huts egin ondoren, Estudianteak ere burutazio haietaz lotsatu egiten dela esango dio Soterori, hau are gehiago ondoratuz. Une batean aipatzen da negu hark Kubaren independentzia eta jela gogorra ekarri zituela, eta garaiz eta tamaina egokian datorren jelak lurreko zomorroak garbitzeko eta belar txarrak ihartzeko balio dezakeela. Beharbada, egoera hobetzen hastera zihoala iradoki zezakeen horrek baina…

Ez, ez dago horrelakorik. Jelarenak beste azalpen bat du. Kontua da kezka handia neukala urteak eta data zehatzak ez aipatzeko. Zeharo artifiziala egiten zait hori: “1899ko urtarrilaren 1ean Soterok...”. Garaia zehazteko modu bat bilatu behar nuen, baina data eman gabe. Eta horixe bururatu zitzaidan, urte berriak Kubaren independentzia ekarri zuela. Baina esaldia oso artifiziala gelditzen zitzaidan, hala ere, eta behar nuen beste elementuren bat gehitu, Soteroren imajinariotik gertuago egongo zena, eta horregatik aukeratu nuen izoztearena. Ez dakit justu garai hartan izozte handirik egin zuen edo ez, baina aitzakia ematen zidan, esaldia leuntzeko, Soteroren esanetan hain artifiziala ez gertatzeko.





Zatika eman diozu istorioa irakurleari, denboran etengabe jauziak eginez. Zergatik aukera hori?

Ez dakit oso ondo nola hasi zen. Lehenbizi atal hori idatzi nuen, gertatu ez zena kontatzen zuena alegia, eta ondoren banekien atzeraka hasi behar nuela, horra nola iritsi ziren azaldu behar nuela. Niretzat nobela idaztea gauza berria izan da, eta ez nekien oso ondo nola egin behar nuen; oraindik ere ez dakit nobela nola idazten den, probatzen ari gara… Narrazioak eta poemak idatzi izan ditut, eta horietan tonua mantentzea errazagoa da, bizpahiru egun edo astebetean idazten baituzu, eta tonua mantendu egin dezakezu. Baina lan batean puntu berdinari bueltaka urtebete edo bi pasa behar badituzu, nola mantentzen da tonua? Nola lortzen da esan duzunarekin kontraesanean ez erortzea? Nola josten duzu dena zentzuz? Beldur handia nion horri. Baina momentu batean konturatu nintzen atalka kontatzea posible zela, hau da, ez zuela zertan denak tonu bera mantendu, tonuarekin jolas nezakeela pasarte bakoitzean kontatu nahi nuenaren arabera. Liberazio handia izan zen niretzat, haizea hartu nuen, eta pasarteka joatea erabaki nuen. Eta pasarteka joate horretan sortu zen ideia hori, ez zuela zertan dena lineala izan alegia. Idazten ari nintzela ahozko kontaera ere halakoxea dela konturatu nintzen, eta behin hartaz jabetu nintzenean ahalegin bat egin nuen horretara eramateko. Pasarteak ere horrela kontatzen ditugu askotan; oso garrantzitsuak iruditzen zaizkigunak behin baino gehiagotan kontatzen ditugu. Aldiz, beste xehetasun batzuez behin bakarrik gogoratzen gara, edo ez gara gogoratu ere egiten, eta horregatik liburuan gauza asko kontatu gabe daude. Beste kasu batzuetan ez dugu astirik eta bi minututan kontatzen dugu kontatu beharrekoa, edo ordu erdi dugu eta lasaiago kontatzen dugu, xehetasun gehiagorekin… Horrekin jolastu dut pixka bat.





Akademiakide batek jauzika joate horri buruz ziharduen iritzi batean:“Egitura konplexua du, baina era berean horrek eskatzen duen esfortzuak (txikia dena, badaezpada ere) liburua erakargarriago egiten du. Etorkizunean irakurle izango nauzu, bai horixe”.

Bi aldeak dituela uste dut. Jende askok aipatu dit hori, denbora salto horiekin zailtasunak izan dituela. Baina aldi berean, istorioa norbera osatzen joatea plazera dela uste dut. Denbora jauzi horiek daudenez piezak zuk lotu behar dituzu, zer datorren zeren aurretik eta ondoren. Irakurlearen eta idazlearen artean sortzen den jolas bat da, eta jolas horretan piezak lotze horrek beste plazer bat sortzen duela iruditzen zait; ahaleginak edo esfortzuak beti dakar plazera.





Aurretik poesia zenuen idatzia, lehen eleberria duzu honako hau. Ezberdintasun handia bata zein bestea egiteko garaian, ezta?

Bai, konstantzian batik bat. Burua etengabe ari zait bueltaka, gauza gehiago bururatzen zaizkit eta lehenbailehen lotu nahi ditut, ihes ez egiteko eta beste gauza batzuekin hasteko. Urtebete eskas aritu naiz bete-betean idazten, ez zait luzea egin, baina bai oso intentsoa. Ia egunero orduerdi edo ordubete behintzat eskaini diot, eta egunen batean ezin banuen irrikatan egoten nintzen hurrengo egunean ordubete noiz aterako… Oso nekagarria izan da azkenerako. Poemekin beste kontu bat da, lasaiagoa; etorri ahala idazten ditut, handik puska batera berriz ere hartu…





Askotan berrirakurri al duzu idatzitakoa?

Dezentetan, bai, eta bukaera aldatu... Nahiko zorrotza naiz, ikusi egin behar dut, belarrira gaizki egiten badit… Buelta asko ematen dizkiot, era batera idatzi, gero aldatu eta lehen bezala jarri, gero berriz aldatu…





Kuriositatez, zein zen aurreko bukaera?

Ez dugu esango, irakurleak beste bukaera bat imajinatu nahi badu ere.





Zeuk esana: “Aspertu egiten gara batzuk, ez daukagu beste afiziorik eta horrelaxe xahutzen dugu denbora, idazten”.
Batzuetan garrantzia asko ematen diegu egiten ditugun gauzei... Inguruan zortea dut, lagunak futbolzaleak baitira eta ez literaturzaleak. Hori garai batean oso gaizki bizitzen nuen, baina uste dut zortea dela, egiten duguna pixka bat erlatibizatzen laguntzen baitu. Ez gara hobeak edo okerragoak futbola gustatzeagatik edo literatura gustatzeagatik, zaletasunak besterik ez dira. Gurea hau da eta zer egingo diogu, bada! Batzuetan badugu jendea geurera ekarri behar hori, irakurri, irakurri... Irakurriko dute nahi badute, pertsona hobeak egiten al gaitu ba irakurtzeak? Agian bai, agian ez.

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta