Idazleak - Mikel Hernandez Abaitua - Laginak - Azken Deia

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Mikel Hernandez Abaitua > Laginak

Narratiba

Azken Deia |

Je suis un homme-plurne. Je sens par elle, a cause d'ellc, par rapport J elle et beacoup plus avec elle.
Gustuve Flaubert



Pedro Mainieri foiletoi-idazle amateurraren
egunkaritik ateratako zenbait orri



Abenduak 1

Badakit Martari ez zaiola batere gustatuko, baina gaur berriz ere onartu dut irratirako beste nobelatxo bat idazteko enkargua. Nola pentsa dezake nobelak itzultzea nahikoa dela niretzat? Jeloskor dago, hori da gertatzen zaiona, ntk tdazteagure maitasunaren etsai eta arerio balitz bezala, eta ondo gogoan dut argonautek ziotena: nabigatzea beharrezkoa dela, bizitzea ez. Bada, horixe, bizitzea ez dela gauza beharra, idaztea ordea bai. Rilkek behin idatzitakoa ere gogoratu behar nioke, literatura utzi behar dela eta hura gabe bizitzea posible bada, berba bat gehiago ere ez dela idatzi behar. Baina hori ez bada gertatzen, bizitza guztirako gaude idaztera kondenatuta. Orduan garbi geldituko da ez ditugula paperak esnobismoz zirriborratzen. Ni ere "homme plume" bat sentitzen naiz, Flauberten antzera, "homme plume" txar eta trakets bat, irratinobela idazle umila, bai, baina idazlea azken finean. Bizitzeko behar dudan baino gehiago idazten dudala esaten dit Martak, baina esan nahi duena oso bestelakoa da, gutxiago idatziko banu maizago egongo ginela elkarrekin alegia. Zergatik ote gara gizakiok hain posesiboak?

Dena bihurtzen zait aire, dena ahaztu egiten zaidalako, eta ezin dut eraman ni izandako pertsonalitateak edo bizi izandakoak nola ezabatzen diren ikustea, nola itzaltzen diren noizbait ikasi eta ikusitakoak, nola alde batetik ikasitakoa beste alde batetik joaten den, hodei iragaite mengel pairaezin hori, ezer ez dela definitiboa bizitzan, alferrik sinetsiz zerbait egin daitekeela ahaztearen aurka. Baina ezin da, zuloz beteta dagoen gordailua baita oroimena iturginik gabeko herrian, eta gu gordailua bete nahian, zeharo hutsik geldi ez dadin.

Abenduak 4

Ezkontzeko eskatu zidan atzo Martak. Ezetz esan nion. Beldur irrazional bat sentitu nuen sabelean, barruan osinak banitu bezala, eta hotel batera joatea erabaki nuen lasai egotearren. Atzo, etxean nengoela, deika eta deika aritu zen. baina hotel honetan dei guztietatik salbu nago. Inoiz sentitu al dut maitasunaren bidez atsegin gehiago literaturaren bidez baino? Garbi dago ezetz. Idaztea lasaiagoa da, bareagoa, ez zaitu traditzen, ez dizu hainbeste problema sortzen.


Abenduak 8

Ene etxera itzuli naiz. Ezin nuen gehiago. Itota nengoen, burua zeharo blokaturik neukan. Telefonoa etengabe ari da joka, baina ez dut hartuko.


Abenduak 9

Aurreko egunetan idatzitakoa irakurri dut eta konturatu naiz ez dudala Martaz eta ene buruaz baizik hitz egiten. Ez egiten ari naizen lanaz, ez beste edozein gauzaz. Uste nuen baino gehiago behar dut Marta. Beste batzuetan ere gertatu izan zait, autosufizientea naizela pentsatzen dut, ispilura begiratu eta gustora sentitzen naiz ene imajina islatuaren konpainiarekin. Ispilu aurrean nagoenean ez nago bakarrik, bi pertsona gaude gelan, baina bapatean bakarregi sentitzen naiz. Telefonoak joka eta joka segitzen du, baina ez dut hartuko. Zenbat eta beranduago hartu, orduan eta gehiago maitatuko nau Martak.

Abenduak 11

Atzo ez zuen telefonoz inork deitu. Harrituta nago. Beharbada urrutiegi joan naiz. Eta Marta nitaz betiko aspertu balitz? Ez dut uste. Saturatuta nago bakarrik egoteaz. Literatura gorrotatzen dut momentu honetan. Martarekin denbora gehiegi galtzen dudala iruditzen zait batzuetan. Ihes egiten diot denbora lapurtzen didala pentsatzen dudalako, baina egun batzuk idazten eman ondoren ase egiten naiz eta idazteak nazkatu egiten nau. Gaur ez badu deitzen neuk deituko diot bihar.

(Beranduago). Zenbat eta zaharragoa izan, orduan eta azkarrago pasatzen zait denbora, eta bertigoa sentitzen dut. Egunak bertigoz iragaiten dira eta beldurra ematen dit. Hain preziotsua iruditzen zait denbora, ezen ez baitakit zertan enplegatu behar nukeen ongi profitatzeko, horregatik beti noa oinarrizko zerbaiten bila denbora ongi enplegatzeko. Baina ez dut ezer aurkitzen.

 

II

Pedro Mainieriren bizitzatik
ateratako zenbait une



Abenduak 13
Goizeko hamarretan


Ohearen maindire eta burusiak gorputzari zeharo itsatsita zituen Pedro Mainierik telefonoak jo zuenean. Marta izango zela pentsatu zuen eta horregatik ez zen haserretu lotatik erauzteagatik. Boteretsua sentitzen zen, pozaren pozez, satisfakzioz beterik, berak agintzen zuelako harreman hartan. Ezin da ni gabe bizi, pentsatu zuen. Ez, ez zegoen batere haserre telefonoaren hotsak esnatzeagatik.

-Bai? -esan zuen telefonoa ezker eskuan hartuz.

-Irratitik hots egiten dizugu. Asko sentitzen dugu egoera honetan molestatzea baina presa handia dugu eta...

Ea irratinobelaren lehen kapitulua amaiturik ote zuen. Frustrazioa zen gorputz osoan zehar hedatu zitzaion sentipena, ziur baitzegoen Marta izango zela lantokitik hots egiten ziona. Gosaria hasi zen prestatzen Marta gogoan zuela. Poxpolo bat hartu, sua piztu eta esnea jarri zuen berotzen gasezko garraren gainean. Gero bataren bila joan zen, felpazko albornoz urdin bat. Abenduko aire hotzak izkina guztietan zehar nabigatzen zuen.

Moldezko ogi xerra batzuk atera zituen plastikozko poltsatik eta tostagailuan sartu zituen Martaz pentsatzen segitzen zuen bitartean. Zergatik ez zion deitzen? Eta hera pikutara bidaltzea erabaki balu azkenean? Ez zekien zer zen okerrago, Marta egunero-egunero pairatu behar izatea ala noizean behingo Martaren falta handia sentitzea.

Arratsaldeko bostetan

-Ondo dago -esan zuen irratiko zuzendariak foiletoiaren lehen kapitulua eskuetan zuela-. Zigarrotxo bat?

-Ba, mila esker -esan zuen Pedro Mainierik, eta eskua luzatu zuen zuzendariak eskaintzen zion Winston amerikarra hartzeko, beste eskuaz txiskeroa poltsikotik ateratzen zuelarik. Ez zirudien zuzendariak hitz egiteko gogo handirik zuenik.

-Ez genuen uste garaiz bukatuko zenuenik. Zure egoeran normala da... -esan zuen esaldia amaitu gabe. Baina Pedro Mainierik ez zion inportantziarik eman. Ezin zuen ez - susmatu, ez baitzuen geratutakoaren berririk. Hain zu n ere ez zion ia entzuten, Martaz pentsatzen ari zelako. Bulego hartatik irten nahi zuen, lehenbailehen, Martaren etxera deitzeko. Etxean egongo zen ziur aski, zeren nahiz eta hura haren arratsalde librea izan, ez baitzen ia inoiz irteten berarekin ez bazen. Eta beste batekin hasi balitz? Beharbada horregatik ez zion hots egiten. Ez, ez zen posible. Marta zen bietatik maiteminduena. Humilagarria iruditzen zitzaion berak deitu behar izatea. Garaituta sentitzen zen, eta Marta galtzeko beldurra izan zuen lehen aldiz. Ezin zuen itxoin etxeraino iritsi arte, eta bidean aurkitu zuen lehen kabinara sartu eta Martari hots egin zion. Mila imajina inkonsziente pasa zen bere burutik zenbakiak markatzerakoan, haiek trantzean erortzeko giltzarria balira bezala. Infinitora begira jarri zen kabinako kristal zikin hura aurrean ez balitz bezala. Eternala egin zitzaion hariaz bestaldetik erantzun arteko denbora.

-Bai? -entzun zuen azkenean.

-Marta etxean al dago? -isiltasuna nagusitu zen luzeegia iruditu zitzaion denboraz.

-Nor da? -Martaren amaren ahotsa zen.

-Pedro naiz -isiluneak belarria izozten ziola iruditu zitzaion. Azkenean, dudatuko balute bezala, erantzun egin zioten.

-Marta, zera... -beste isilune bat. Ahotsa itotzen joan zen, mintzatzen segitzen zuen bitartean-. Baina non egon zara? Zure bila ibili gara... -isilunea-, atzo lurperatu genuen... -ahotsa ahuldu egin zen negar erreprimitu bat kanporatu baino lehen.

 

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta