Idazleak - Mikel Hernandez Abaitua - Hemeroteka - Mikel Hernandez Abaituarekin solasean

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Mikel Hernandez Abaitua > Hemeroteka

Hitzen Uberan

2017-03-10 Mikel Hernandez Abaituarekin solasean | Uberan

 

 

 

 

 

 

Mikel Hernandez Abaituarekin solasean

Airearen isla (Elkar) nobelaz jardun duguOstirala, 2017-03-10

 

Ramon Saizarbitoriaren lehen eleberrigintza (EHU) eman zuen argitara 2008an, bere doktore-tesia izan zena. Autobiografia kutsuko liburu bat plazaratu zuen ondoren: Azukre xehea, gatz larria (Alberdania, 2010). Airearen isla (Elkar 2016) nobelarekin fikziora itzuli da Mikel Hernandez Abaitua.

  •  
  •  

Mikel Hernandez Abaituarekin solasean

Musika, literatura, pintura eta kirola erabili duzu material narratibo gisa. Musika taldeen inguruko pasadizoak, kantuetako letra zatiak eta literatur aipuak ez dira apaingarri hutsak.

Nobelan plagio literario bat aipatzen da. Eta hasiera batean, horretaz idaztea zen nire asmoa. Plagioarena benetakoa da, baina ez nuen nik topatu. Lagun batek kontatu zidan. Hori zen nire lehen ideia, plagio literarioaz fikzionatzea. Baina narrazioa gorpuztu egin behar da nolabait, eta gustuko gauzekin gorpuzteko joera dut nik. Nire zaletasunak agertzen dira bertan. Eta nire zaletasunak ez direnak ere bai. Oso garrantzitsuak dira pertsonaiak ezaugarritzeko edo eraikitzeko orduan. Eta kasu honetan, inoiz baino gehiago agertzen dira nire zaletasunak. Tartean, nire aurreko lanetan azaltzen ez zirenak. Uneren batean, zer jaten duten kontatzen dut, eta zehaztasunez. Lagun batek hori azpimarratu dit. Harrigarria egin zitzaidan. Ez dakit euskal literatura berrian gastronomia asko edo gutxi agertzen ote den. Ez dut euskal literatura gehiegi irakurtzen, baina pentsatzen nuen plater bat nola prestatzen den azaltzea ohiko kontua zela gurean.

Esan bezala, literaturaren inguruko plagio bat izan zen nobela honen abiapuntua. Baina gai hori norbaiten bizitzan jarri behar da. Eta norbaiten bizitzan jartzen denean, pertsonaiei afizioak ipini behar zaizkie, besteak beste. Nobela honetan ere, musikari buruzko aipu asko daude. Ni musika zalea naiz. Eta iruditzen zait musika garrantzitsua dela, etengabe dagoelako gure inguruan. Ulertzen ez dudana da nola ez den maizago agertzen nobeletan.

Bi protagonista nagusi daude. Rock zalea da Joseba. Irrati esataria da gauez eta argitaletxe batean hasiko da lanean goiz parteko txandan. Irati aldiz, opera zalea da eta autobus gidaria ogibidez.

Literaturarekin harremana duten pertsonaiak atera zaizkit berriz ere. Joseba irrati esataria da baina gero argitaletxe batean hasiko da lanean. Lotura hori egin behar nuen plagioaz hitz egin ahal izateko.

Iratiren kasuan, topikoetatik atera nahi nuen. Nik badut ikaskide bat egun autobus gidaria dena. Unibertsitatean elkarrekin ibili ginen, ni euskal filologian eta bera filologia hispanikoan, baina asignatura batzuk elkarrekin egin genituen. Berak ez zuen lana erraz topatu nonbait. Autobusetan ikusten dut orain gidari-lanetan. Eta seguraski literatura pilo bat irakurtzen duela neska horrek. Askok pentsatzen dute jendea kultura gabea dela. Aurre-juzgu asko ditugu zentzu horretan, baina ikasketa asko dituen jende asko dago munduan. Hori ere azaldu nahi nuen nobela honetan, betikoa ez izateko. Edozein izan daiteke kulturzale, ez dezagun errealitatea hain arin sinplifikatu.

Joseba Iratiren bitartez konturatuko da plagioaz, hain zuzen. Baina horren aurrean, Josebak ez du jakingo zer egin. Koldar agertuko da. Maitasunean ere, berdin jokatuko du.

Hala da, Josebaren ezaugarri argi bat hori da: koldarra eta lotsatia dela. Irati berriz, nahiz eta gaztegoa izan, askoz ausartagoa da eta nortasun handiagoa du. Apropos egin nuen. Iruzurra ez du literatur munduan lan egiten duenak topatzen, Iratik baizik. Topikoen aurka joateko egin dut horrela, hain zuzen.

Josebak heldutasun falta du baina poliki-poliki aldatuz joango da. Azkenean pauso bat emango du, nahiz eta horretarako alkohol pixka bat edan beharko duen.

Plagioa aitortu ala saihestu. Zalantza hori nagusituko zaio. Josebak ez du iruzurra salatzeko adorerik, ordea. Zio etiko baten aurrean aurkituko da. Eta irakurleak berak ere, ataka horren aurrean ikusiko du bere burua.

Esan dudan bezala, benetako gertakari batean oinarritzen da nobelako plagioa. Baina ez dut plagioa egin zuen idazlearen izena aipatu nahi izan. Pertsona bat doktore tesi bat egiten ari da orain, eta uste dut gai hau jasoko duela bere tesian.

Egia da, etikaren ikuspuntutik ere heldu nahi nion. Zeren bizitza errealean inor ez da ausartu ezer esatera. Harrigarria da, ezta? Beste toki batzuetan edota beste alor batzuetan, plagio bat dagoenean salatu egiten baita. Baina kasu honetan, plagioa aurkitu zuenak ez du salatu nahi izan. Eta nik ere ez dut salatu nahi. Ez nago interesaturik. Idazten hasi nintzean, gehiago interesatu zitzaidan fikziotik heltzea.

 

 

 

"Beharbada, ni ere koldarra izan naiz"

Baina pertsonaiak nagusitu eta, plagioaren gainetik, maitasun istorio bat gailendu zaizu.

Guztiz! Alde horretatik, ni ere koldarra izan naiz beharbada. Baina nik ez nuen plagioa deskubritu. Beste bat ohartu zen horretaz. Ez dagokit niri beraz, hori azaleratzea.

Ni orain sorkuntzan nabil eta ez literaturaren azterketan. Ramon Saizarbitoriaren inguruko tesi doktorala bukatu eta gero, ez dut literaturari buruz idazteko gogo handirik. Gainera, aspaldi izan genuen plagioaren berri eta gerora idazle plagiatzailea hil egin zen. Egoera horretan, horrelako gauza bat salatzea ez da gauza atsegina. Niri, batez ere, gai honen alderdi humanoa interesatzen zitzaidan. Idazle hari barkatu egin diote. Literatura sariak egiten dira bere izenean eta omenaldiak egiten dizkiote. Baina plagioa nik egin izan banu, ez nindukete barkatuko. Eta beste jende askori ere ez. Zer gertatu da orduan? Mundu honetatik joan zelako edo, ba inork ez duela aipatu nahi. Gai zaila da.

Musikarekiko zaletasunaren berri eman duzu aurreko liburuetan. Txirrindularitza da akaso zure beste pasioa? Nobela honetan badu bere presentzia.

Txirrindularitza izugarri epikoa izan daiteke eta duen alderdi literarioa nabarmena da. Nobelako kapitulu hori asko murriztu nuen, editoreak hala eskatuta. Orain gutxi egin didate kritika bat egunkari batean, eta kapitulu hori dela ahulena. Nik ordea, asko maite dut kapitulu hori. Oso garrantzitsua da, plagioarena kontestu horretan ateratzen baita argitara.

Bada beste gai bat, nobela osoan ageri dena: aitatasuna. Arrazoi horregatik utzi zuen Karolinak Joseba. Ondoren, Joseba Iratirekin maitemintzen denean, gaiak garrantzia handia hartzen du berriro.

Gizonezkooi kosta egiten zaigu, ezta? Seme-alabak izateko gogoa ez dugu oso nabarmendua. Emakumeek gehiago akaso, baina azken urteotan gauzak parekatzen ari dira. Niri ere gertatzen zitzaidan eta, pentsatzen hasita, ez ote da heldugabekeria mota bat izango?

Irati behintzat, Joseba baino gazteagoa da. Baina helduagoa da momentu askotan.

Beti ikusi dudana izan da. Ni batxillergoko irakaslea naiz eta oso nabarmena da hori. Dena den, nobelan aurrera egin ahala, eta maitasunaren indarra medio, Joseba heldutasunera hurbilduko da.

 

 

 

Umore printzak

Ez da umorezko nobela bat. Pasarte batzuk gordin samarrak dira gainera. Baina protagonistak badu Woody Allenen aire bat. Badu komikotasun bat. Xelebrea da, nahiz eta akaso gehiago duen gizajotik, ezta?

Woody Allen bezala, neurotiko samarra da bai. Dena den, kontuz ibili behar da neurosiarekin. Neurotikoek esan dezakete ez dela batere atsegina, ez dela kontu dibertigarri bat. Literaturan eta zineman ordea, maiz agertzen da gauza sinpatiko bat balitz bezala. Joseba neurotiko txiki bat da, ni bezalaxe. Eta horrelako asko daude munduan. Larria ez denean, ez dago gaizki. Baina tira, Joseba ez da perfektua, bere huts egiteak ditu, eta alderdi barregarri asko ditu.

Egin duzun apreziazio hori gustuko dut. Begira, Airearen isla-ren aurreko bi nobelak euskal gatazkari buruzkoak ziren. Trilogia osatzekotan nintzen, eta nahikoa planifikatuta nuen nobela. Baina gai hau topatu nuen. Bitartean, ETAren bukaera iritsi zen, nahiz eta oraindik desagertu ez den. Eta euskal gatazkaz idazteko gogoa joan egin zitzaidan.

Komedia moduko bati heldu nahi nion, “non ez den inor hilko. Eta ahal bada, umore atsegina izango du noizean behin”. Eta horregatik jo dut hortik.

 

 

 

Tribu berekoak

Oso deskriptiboa da zure idazteko modua. Ramon Saizarbitoriak ere hala idazten du.

Aspalditik edaten dugu iturri beretik. Guretzat garrantzitsua izan da nobela modernista, abanguardien garaiko nobela modernoa. Stendhal, Flaubert... Errealismoa asko gustatzen zaigu. Baina baita XX. mendeko James Joyce, Virginia Woolf, John Dos Pasos eta idazle horiek guztiak ere. Forma zaintzeko joera hortik dator, hain zuzen.

Nire aurreko bi nobeletan igartzen da eragin hori; modernistak dira egitura eta forma aldetik. Hau sinplegoa da, klasikoagoa. Baina kontatzeko modu hori gelditu da. Hala ere, xehetasun maila horrekin idazteaz gain, istorioak kontatu nahi nituen.

Esan bezala, idazle berberak ditugu gustuko. Horregatik gustatu zitzaidan hainbeste Ramon Saizarbitoriaren lehen eleberrigintza. 1977an euskal filologia ikasten hasi nintzenean, euskal literatura ikaragarri aspergarria egiten zitzaidan, bereziki narraziogintza. Jon Miranderen Haur besoetakoa zen salbuespen bakarra. Egunero hasten delako irakurri nuenean ordea, guztiz harrituta geratu nintzen. Ez nuen horrelako erreferentziarik espero euskal literaturan. Horregatik egin nuen nire tesi doktorala Ramon Saizarbitoriaren lehen etaparen inguruan. Bere gustuko idazle asko nire gustuko idazleak zirela konturatu nintzen; tribu berekoak ginela, nolabait esanda.

Susa eta Oh Euzkadi aldizkarietan idatzi zenuen gaztetan. Zure formazioan eta ondorengo ibilbide literarioan, zer nolako garrantzia izan zuten aldizkari horiek?

Beharbada, nire bizitzako garai onena izan zen hura. Guztiz libre, gurasoen etxetik kanpo, ikasten, zurea ez den hiri batean, non hasiera batean ez nuen pertsona bakar bat ere ezagutzen! Kantari ibiltzen nintzen kaletik eta bost axola zitzaidan! Ez ninduen inork ezagutzen. Libre sentitzen nintzen.

Jende asko ezagutzen hasi nintzen, orduan guztiz ezezagunak zirenak baina gero euskal kulturan gauza asko egin dituztenak. Beste batzuk ezagunagoak ziren jada, Ramon Saizarbitoria bera, adibidez. Politikariak ere bai. Baina batez ere kultura munduko jendearekin hasi nintzen elkartzen.

Garai hartan, tertulia bat sortu nuen eta tertulia horretara Josu Landa batu zen. Susa aldizkariaren ideia berea izan zen eta berak antolatu zuen dena. Berarengatik izan ez balitz, ez genuen egingo. Baina halako batean, Josu Landa Zeruko Argia-n sartu zen burubelarri eta Susa geldi samar geratu zen. Oh Euzkadi-tik etorri zitzaizkidan, eta beren aldizkarian idaztera gonbidatu ninduten. Oso jende interesantea ezagutu nuen garai hartan. Giro horretan ibiltzea oso garrantzitsua izan zen niretzat. Irakurketak partekatzeko, liburuak elkarri uzteko...

Izugarri ondo pasa nuen garai hartan, nahiz eta egoera politikoa oso gogorra izan. Gure pisukide batzuk atxilotu egin zituzten, ETAk jende asko hiltzen zuen, nire lagunak torturatu egin zituzten, nire osaba bat bahitu egin zuten –nire haurtzaroko lagun batek eta Arnaldo Otegik, besteak beste–. Esan bezala, garaia ikaragarri gogorra izan zen. Politikoki gauza desatsegin asko gertatu ziren baina, hala ere, oso apasionantea izan zen dena.

Gainera, diktadura batetik gentozen. Eta diktadura batetik demokrazia izan nahi zuen egoera batera igarotzen ari ginen. Urte haietan, euskal kulturaren pizkundea ikusgarria izan zen. Bapatean, euskal kultura toki guztietan zegoen. Harrigarria izan zen. Euskal mundua oso aurrerakoia zen, modernoa eta abanguardista. Euskal Herrian, une hartan, askoz modernoagoa zen euskal kultura erdal kultura baino. Nik inpresio hori nuen. Jose Luis Zumetaren koadroak, Mikel Laboaren kantu modernistak, Saizarbitoriaren nobelagintza... Errobi eta Koxka bazeuden, baina rock talde gehiago falta ziren nire gusturako. Antzerkian ere, gauza oso interesgarriak egiten ziren. Bernardo Atxagaren Prakaman edota Oreka galdu zuen ekilibristaren kasua oso modernoak ziren orduan.

Gaur egun oso normalizatuta dago dena, baina garai hartan oso erakargarria egiten zitzaidan euskal kultura. Egun ere bai, baina gaztea zarenean beste jakinmin bat duzu, ezta?

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta