Mikel Hernandez Abaitua

Mikel Hernandez Abaitua

Gasteiz, 1959.

1982an Euskal Filologian lizentziatu zen. Urte bat beranduago, Batxilergoko Euskal Hizkuntza eta Literaturako katedra bat lortu zuen. 1979an Susa aldizkariaren sorreran parte hartu zuen Josu Landa eta Iñaki Uriarekin batera.

Donostia Hiria saria 1981an irabazi ondoren eman zion hasiera bere literatur ibilbideari. 1983. urtean Panpinen erreinua ipuin bilduma karrikaratu zuen. Era berean, alegiazko literaturan kokatu daitekeen Ispiluak liburua argitaratu zuen 1985ean. Bere literatur formei dagokienean, esperimentaltzat jo dezakegun bidea jorratu izan du, bere argitalpenetan.

Literatur kritika jorratu izan du: Susa, Oh! Euzkadi, Jakin, Zeruko Argia, Egin, El Diario Vasco, Euskaldunon Egunkaria, Berria, Hegats eta Egan izan dira bere iruzkinen testigu zuzenak.

Bere lehen nobelak, Etorriko haiz nirekin? izenburuarekin, ETA erakunde armatuarekin loturak dituzten pertsonaia biren historia kontatzen du.

Geroago, Euskal Herriko egoera politikoarekin zerikusi handia duen beste eleberri bat kaleratu zuen Ohe bat ozeanoaren erdian. Honetan, James Joyce idazle irlandarraren ildoari jarraiki, Ulises nobela ospetsuaren bakarrizketetan oinarrituta, antzeko formak lantzen ditu.




 

Atzera