Idazleak - Miguel Angel Elkoroberezibar Larrañaga - Laginak - Beste eskailera baten historia: Panpina Ustelatik literatur aldizkarien boomera Poetikak eta arte ekinbideak euskal trantsizio politikoan. 1972-1982. Disidentziak oro

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Miguel Angel Elkoroberezibar Larrañaga > Laginak

Saiakera

2004 Beste eskailera baten historia: Panpina Ustelatik literatur aldizkarien boomera Poetikak eta arte ekinbideak euskal trantsizio politikoan. 1972-1982. Disidentziak oro | Gipuzkoako Foru Aldundia / Koldo Mitxelena Kulturunea

Wittgenstein filosofoaren aholkua omen da igo ondoren zurubia edo esku-eskailera botatzea, behin normaltasunera iritsi eta gero, baina J. Azurmendik horren arriskuaz ohartu gintuen duela gutxi. Eskailerako maila bakoitzak bere historia dauka, eta atzetik datozenentzat eskailera berriro ere erreminta baliagarria izan dadin, bere memoria errekuperatzea komeni zaigu, egindako pausuen arrastoa berreraikiz. Literaturgintzarako plataforma eta idazle berrien (ez beti gazte) probaleku eta adierazpide izan diren literatur aldizkari-eskailera askori arretaz begiratu izan diot urtetan; batzutan tente ikusi ditut inoren laguntzarik gabe, bestetan paretaren kontra; zenbaitzuk luze lurrean, botata eta ahaztuta, eta beti, eskuz esku. Urteen poderioz eta partaideen arabera, forma eta molde desberdinak hartu dituzte eta makina bat eskuetara errenditu dira. Ondorengo lerroetan bereziki gainbegiratuko ditudanak trantsizioaren garaian sortu ziren euskarazko literatur aldizkari esanguratsuenak izango dira; ganbaran zegoen eskailera soziala leihotik jaurti eta, aitaren etxearen itzalari bizkarra emanez, ordura artekoarekin apurtu zuen Panpina Ustelatik literatur aldizkarien "booma" deitu izan denaren hasierara arte. Horietako hiruri arreta berezia eskainiko diet, hamarkada horretako disidentziaren ikurra izan zirelako eta euskarazko literaturaren Abangoardiaren abezearen lehen hizkia: "A", beraz, K. Izagirrek 1976ko bere estreinako poema-liburuan definitu zuen huraxe, "itsaso ahantzia hustutzeko eskailera". Ustela, Pott eta Oh! Euzkadi aldizkariak "triangelu horren makuluak" lirateke, euskarazko literatura modernoaren "banderarik gabeko gailur elurtua."

(...)

Bazegoen 1974. urtearen hasieran Anaitasunan debate antzeko bat "euskal literaturlarien" aldizkarien momentuko eskasiaz eta etorkizuneko horrek izan beharko zukeenaz. Honelaxe zioen Perugorriak: "Hau da nik proposatzen dudana: literatur kreazio lanak, alde batetik, eta kritika solas eta ikertze lanak, bestetatik, argitara emango lituzkeen literaturazko (hitzaren zentzurik hertsienean) agerkari baten sortzea. Euskal Idazleen Elkarteak berberak sorterazi behar luke bere barruan literatur aldizkari hori, ene iritziz. (Zergatik ez Euskaltzaindiaren babesaren pean?) joera zabal eta aurrerazaleko agerkari bat behar luke izan, gaurko euskal mugimenduaren adierazpide, eta egunen batean abangoardiaren aldizkaria bilaka litekeena. Pauso neurgaitz bat emango genuke horrela: literaturzale gazteok zer irakur eta non eskriba ukanen genuke." (E.I.E. ez zen 1982ra arte ofizialki sortuko eta 1989an bere aldizkaria argitaratuko, Hegats) Honen haritik, orduko literaturan protagonista izan zen R. Saizarbitoriaren esanetan, euskal kulturari "abarkak kendu behar zitzaizkion, haien ordez mokasin granateak janzteko". Kultura eta literaturaren munduan elite bat agertzen hasiko da, euskararen baitan abangoardia sortzeko helburuarekin. Hala ere, "herriak ez zuen irakurtzen. Oso jende gutxik irakurtzen zuen orduan, eta gure lanek balio sinbolikoa zuten batez ere. Gure lanak ez ziren irakurriak izango ziren esperantzan idatzitakoak. Hutsunea bete nahi zen. (...) Gure helburua zen: finka dezagun balio sinboliko hori eta egin dezagun abangoardiako literatura bat. (...) kontua zen erakustea euskal kultura modernoa zela edo izan zitekeela behintzat. Euskarari modernotasuna eta prestigioa ematea."

Urte amaiera aldera ere segitu zuten J. Altzibarrek eta P. Kortabarriak euskal aldizkarien eredu egokienaz deliberatzen. Lekukoa J. Azurmendik hartu zien Zeruko Argian 1975aren hasieran, joera zeharo desberdina azalduz. "Errazak eta entretenigarriak" behar zuten izan aldizkariek, jendeak irakur zitzan; "baina giroa, beharbada, literatura errazaren kontrakoa izan da, gehien bat. Hau da, literatur produzioa eskuetan zutenek -idazleek berek, argitaldariek nahiz agerkariek- literatura errazaren aurkako giro nahasi batetan lan egin behar zuten. (...) Ez dugu literatura garai aberatsik izango eragipen sare aberatsik eduki arte. Hau da, eraginkor izan daitekeen literatura apal eta aski diferentziatu ugaririk gabe, ez dago literato on izaterik, edozein huskeria norberak asmatu beharra dagoenean. Bestalde, kreatzaileak, kreatu beharrik ez daukan material bat behar du. Hizkuntza finkatua. Kreazio guzia aldakuntza besterik ez bait da. "Zeruko Argiakoek ere bat egiten dute alboan kaleratu zen editorial antzeko batean: "Aldizkariei dagokie inori baino gehiago herria kultura mailaz jasotzea. Irakurle landuagoarentzat izan ohi da liburua. (...) Aldizkari irakurgarriak egin behar ditugu." Hurrengo astean ere setati jarraitu zuen J. Azurmendik: "Literatura garaiaren izenean, entretenigarria itotzen ari gara. Izan ere, zein atrebitu giro honetan, normal izaten? Gizon korriente bat, liburu korriente bat idazten duen autorea, kritiko korriente bat? Hemen perfektoa izateko obligazioa dago."

Ez da kasualitatea 1975eko otsailean iritzi artikulu horiek agertu izana, aste batzuk lehenago eredu berri bat zekarren "Literaturazko (hitzaren zentzurik hertsienean) eta abangoadiaren aldizkaria" jaio baitzen, Perugorriaren artikulua azaldu eta bederatzi bat hilabetetara. Horretarako, 1974an aldizkari-eskaileraren bi zankabeek bat egingo dute Donostia aldean, baina ez "adibidez, etxemaiteren batetan, Vickyren edo Ainhoaren edo Raimonde berri baten bezero, (...) Atxagak eta Izagirrek elkar ezagutu izanaren arrazoia ez zen etxemaitea izan, espetxea baizik", kasualitatez, garaiko hainbat lagunen topalekuan. Bietako bat Martuteneko espetxean zegoen eta besteak anaia zeukan barruan. Eta iraultza makinatzen hasiko dira.

(.)

1975eko urtarrilean, 21 urteko K. Izagirrek eta 23ko B. Atxagak "aldizkari marjinal, sujerikor eta eraberritzailea" kaleratu zuten, I. Sarasolaren hitzetan, underground literaturaren hasiera markatuko duena Euskal Herrian, abangoardia eta transgresioa ekarriko zituena; "Atxaga ezagutu nuen, eta bueno, hura zoro bat duk. Aldizkari bat atera behar genuela, berak bazeukala dirua ta atomarporculo, benga, ta horrela atera genuen Panpina Ustela. Ta sartu ziguten porru bat. Nik neukan insultos a la iglesia, irreberentzia edo. Ta besteak, a las instituciones del estado, eta bueno, poliziak sekuestratu zuen hura dena, deklaratzera eta gero amnistiatu gintuzten." "Nik uste Izagirre izan zela nik ezagutu nuen lehen literaturzale euskalduna; literaturzale, zentzu modernoan. (...) Izagirrerengan, hasiera hartan behintzat, kide bat aurkitu nuen. Gaztetxo bat zen, baina harrigarria gertatzen zitzaidan zein ondo menperatzen zuen hizkuntzaren tresna eta zein abila zen poesiarako. Hortik etorri zen Ustela aldizkaria."

Garai ilun haien ezkortasuna darie aldizkariko portada eta barruko testu zein gainontzeko marrazki eta argazkiei ("Gaua auspez etzanik dago, ta izarrak ez dira iadanik ametsen semaforoak, ilunaren aurpegiaren orein itzaliak baizik." (K. Izagirre)) Portada berak, alde batetik, Lou Reeden 1972ko Transformer diskaren aire bat dauka, geroago etorriko zen punkaren estetika eta fanzineen moldeak aurreikusiz; bestetik, ezinegona, ezintasuna, garrasi isila adieraz lezake bertako pertsonaren irudiak; justu urtebetera, 1976ko urtarrilean, Baionako Hitz aldizkari klandestinoan Puerto de Santa Maria espetxeko egoera larria salatzeko preso batek idatzitako gutunaren ondoan portadako irudi bera agertu zen. "No future"aren bandera antzematen da: "Gu ez gara ezer, gu ez gara inor" batekin amaitzen da B. Atxagaren Antzerti minimun bat. Neurri batean, J. Azurmendik lehendabizikoz Olertin argitaratu zuen Manifestu Atzeratua gogora arazten digu, hura ere 1971ean Hitz Berdeak poema bilduman zentzuratu zutena.
2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta