Idazleak - Migel Anjel Mintegi Larraza - Laginak - Denak du bere prezioa

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Migel Anjel Mintegi Larraza > Laginak

Narratiba

2002 Denak du bere prezioa | Ibaizabal

Platertxoak mahai gainean ipini zituen abokatuak. Gero, besaulki birakarian eroso ezarririk, kikara bat hartu eta zurrutadatxo bat eman ondoren, detektibeari begiratu zion adi. Une batez besterik ez, berehala kikara mahai gainean utzi, eta ahotsaren tonua zertxobait ilunduta hasi baitzen mintzatzen.

-Oker ez banago bilaketa edo gisa horretako lanetan aritzen zara -esan zuen.

-Egia esateko, ez diot ezeri muzin egiten, salbuespen bat edo beste salbu -egia esan zion Maizak, abokatuak bere ibileren berri jakingo zuelakoan-.

Neurri batean, zehatza izateko, adardun eta iruzurgileei esker bizi naiz. Batez ere lehenengoei esker.

-Ez dago gaizki. Izan ere, zu hemen egoteko zergatia etxetik kanpoko harreman batzuekin lotuta dago, edo, bestela esateko, nire bezeroaren emaztea ez den beste emakume batekin.

-Hainbat hobe, nahiago baitut emakumeen saltsetan sudurra sartzea diru kontu zikinetan baino, ezbairik gabe. Tira, segi, belarriak tente dauzkat.

-Goazen poliki, ordea, gauzak zehazten arazoaren muinean sartu aurretik.

Lehenik eta behin, nire eskaintza onartuko bazenu, esku arteko guztia bazter utzita bizkor ibili beharko zenuke. Lana albait lasterren bukatzea behar-beharrezkoa da, hil edo bizikoa, esango nuke. Hori dela eta, lansaria lana burutzeko epearen araberakoa izango da: sei mila euro aste betean bada eta erdia epea luzatuz gero.

-Kopuru polita. Hitz egiten hasteko behinik behin. Hala ere, lanaren nondik norakoak ezagutu gabe ezin dezaket ontzat eman, diru hori huskeria bat izan bailiteke. Beraz, jarri kartak mahai gainean eta hel diezaiogun arazoari, hasiera hasieratik bizkor ibil gaitezen.

-Emakume bat aurkitu behar duzu, ilehori deigarri bat, apartekoa esan didatenez -begira geratu zitzaion.

-Hasiera interesgarria, alajaina! Segi, segi, xehetasunetan sartzeko irrikan jarri nauzu.

-Arazoa, ordea, ez da nolanahikoa, ez horixe. Larria da, oso larria, ezinbestekoa baita ilehoria aurkitzea nire adiskide eta bezero dena Martuteneko espetxetik ateratzeko. Egoera estuan dago, ziega batean usteltzeko arriskuan, emakumea aurkitzen ez badugu. Zergatia ez da txantxetakoa, hilketa bat leporatzen baitiote, bere emaztearen hilketa hain justu... Zer deritzozu?

-Zer iruditu? -txistu egin zuen harriturik-. Ez nukeela bere lekuan egon nahi. Emaztearen hilketa leporatu... Ez da txantxetakoa, arraioa! Eta berak ukatu egiten du, jakina, baina ez du koartadarik.

-Bete betean asmatu duzu.

-Koartada emakumea da, ez dago esan beharrik.

-Berbera. Ez dakigu, ordea, non sartu den.

-Pentsatzekoa da -urduri mugitu zen besaulkian Maiza-. Tira, esan nor den eta berehala hasiko naiz bila, zerua eta lurra astinduko ditut aurkitu arte.

Iturbide aurrerantz makurtu zen. Ukondoak idazmahai gainean jarri, eskuak elkarri lotu, kokotsa haien gainean ipini, eta serios begiratu zion.

-Kontua da... ez dakigula nor den -esan zuen, isilaldi labur baten ondoren-

Horra hor koska!

Aho zabalik gelditu zen detektibea. Solasaldia hasitako moduan hamabi billete handiak eskuragarriak iruditu zitzaizkion, baina azkenekoa entzun eta gero zalantza egiten hasi zen. Onenean erdiarekin konformatu behar. Eta hura ere... Zer espero zuen, baina? Ohi denez, gizon hura ez zitzaion mauka bat eskaintzen ari, inork ez du maukarik eskaintzen mundu honetan, ezta ergelek ere. Beraz, garbi zegoen emakumea aurkitzeko zailtasunak gutxienez eskainitako diruaren parekoak izango zirela, handiagoak ez baziren.

-Ederki gaude! -esan zuen dezepzionaturik-. Argazkiren bat, behinik behin, edukiko duzu, ezta?

-Ez, ezta hori ere.

Zer esan ez zekiela gelditu zen Maiza. Adarra jo nahi al zion? Zer uste zuen tipo hark, azti bat zela? Harrituta zegoen. Besteak, berriz, aldagaitz begiratzen zion. Hala ere, haren begitartean ez zuen txantxetan edo adarra jotzen zebilelako aztarnarik nabaritu; aitzitik, benetan ari zen, serios.

-Deskribapen zehatza egiteko gauza izango da zure laguna, ezta? Ilehori ugari baitago; eta deigarriak... asko, zorionez.

-Jakina, haren gainean informazio zehatza eta zabala emango dizu nire bezeroak, baina hori bihar goizean izango da.

-Presondegian dago ordea.

-Erotzeko puntuan gainera. Baina lana onartzen baduzu, bihar Martuteneko presondegira joango gara ikustera, aurrez aurreko bisitaldia egiteko baimena dute eta.

Onartu zuen. Nola ez. Lana ez zen inondik ere erraza, baina okerrenean ere (azken esandakoak itxaropen izpi bat piztu zuen beregan), hiru mila euro emakume bat aurkitzeagatik ez zegoen batere gaizki. Dena dela, haren bikoitza zen benetan erakargarria, eta dudarik gabe merezi zuen astebeteko lan gaitza. Gainera, detektibe lizentzia atera zuenetik saltsa lodi batean sudurra sartzeko aurkezten zitzaion lehenbiziko aukera zen. Gorpu bat eta guzti! Alde guztietatik begiraturik, bada, erakargarria zen eskaintza.

-Eskertuko nizuke -esan zion Maizak, baiezkoa eman eta gero-, labur-labur bada ere, arazoa azaltzea.

-Labur azalduko dizut -erlojuari begiratu zion Iturbidek-, astean hiru aldiz joaten naiz gimnasiora, eta gaur da horietako bat.

-Nabaritzen zaizu -Maizak, lausengari.

-Ez da horrenbesterako, sasoi hobeak ere izan ditut. Urteak pasatu ahala gero eta zailago da neguan harturiko kiloak kentzea. Baina goazen harira.

-Ongi. Hasi aurretik, ordea, beste galdera bat, inozo samarra agian, alferrikakoa ez esateagatik: errugabea al da zure laguna?

-Errugabetzat daukat, zalantzarik gabe. Bestela erabat lelotuta zegoen gau hartan. Eta ez dut uste. Hiriko ergelenak ere ez baitzuen era hain kaskarra erabiliko emaztea hiltzeko.

-Eta tipo hori ez da ergela, eta ez dago burutik eginda ere.

-Inola ere ez. Jaime Ostolaza, gure gizona, nahiko argia da, egia esateko.

Hala ere, espetxean dagoenetik burutik jota bukatzeko arriskuan dago, arrisku bizian. Hortik datoz gure presak.

-Nolatan sartu da nahaste honetan?

-Modu bitxi batean. Ostiraletan gauetan kopa batzuk hartzeko ohitura zuen.

Tabernetan eta... baita klubetan ere, gauzak diren bezala azaltzeagatik.

Ezbeharra gertatu zen zorioneko ostiralean, zehazki, afalostean ohiko kafetegian zegoela, emakume ilehori ezezagun bat sartu zen. Aparta omen zen. Halako batean, ez dakit zer eta badakit zer, berriketan hasi ziren tabernan eta beste moduko berriketa bat egiten bukatu zuten emakumearen apartamentuan.

Eta gero... gero zerutik infernura! Eguna argitzen hasia, plazeraren azken apurrak artean dastatzen gure gizona etxera itzuli zenean, emaztea hilda aurkitu zuen egongelan, lepoa ebakita. Ikuskizunak zirrara handia eragin zion, eta shockak jota edo, zoro antzera etxetik eskailburura sartu irten aurkitu zuen bizilagun batek. Gainerakoa erraz imajina dezakezu.

-Poliziak ez dio sinesten ilehoriarena, jakina.

-Fitsik ere ez! Istorioa sinesgarria izan liteke, ilehoria ez baita nire lagunaren asmakizuna, ezta gutxiagorik ere. Kafetegian zeuden guztiek ikusi zuten sartzen, eta baita Jaimerekin hizketan ere. Baina gainerakoak ez du oinarri sendorik, Jaimek ez baitaki nor den emakumea (lekukoek ere ez, noski), eta ezta harekin nora joan zen ere. Aiete aldera edo, joan omen ziren; baina ezin du ziurtatu. Apartamentuari dagokionean ez du ezer berezirik gogoratzen: egongelan eta bainugelan apartekorik ezer ez zegoela, hala batean nola bestean behar-beharrezkoa soilik, horixe besterik ez. Horrez gain ez da harritzekoa altzariei jaramonik ez egitea halako emakumea aldamenean izanik, Jaime eta lekukoen esanetan, behin eta berriz errepikatzen dute, zoratzeko moduko emakumea zen eta.

-Amu gozoa, saihestezina agian, nahita jarrita zure lagunak irentsi zezan.

-Zalantzarik gabe. Bihar ikusiko duzun bezala, geroko gorabehera eta guzti, ilehoriarekin igarotako gaua ahaztu ezinean dabil. Bihar, bada, gainerako xehetasunak. Bien bitartean, orain jasotakoak agian lagunduko dizu estreinako hausnarketak egiten.

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta