Idazleak - Martin Anso Blanco - Hemeroteka - Leienda zaharren idazketa berria egin du Martin Anso kazetariak

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Martin Anso Blanco > Hemeroteka

Blogak

08-11-03 Leienda zaharren idazketa berria egin du Martin Anso kazetariak | "Oxan" Altuna


Ele zahar, ele berri liburuan Euskal Herriko 38 leienda bildu ditu. Elezaharren gordelekuak bildumaren jarraipena da. Oraingo eta hemengo begiradarekin idatzi ditu garai eta molde ezberdinetako istorioak.

Leiendetatik abiatuz, bere kontaketa eta gogoetak egin ditu Martin Ansok bere bigarren liburuan. Ele zahar gisa denetik jaso du gainera, idazleak: herri ipuin, pasadizo historiko, hiri kondaira...
Denetariko kontuak dira, gai, garai edota protagonistei dagokionez, besteak beste maitasuna, mendekua, sexu... Erdi-aroan, Amerikako konkistan, karlistaldietan edota gerra zibilean gertatuak, hainbat pertsonaiari: zakur errepublikarra, euskal odoleko erregina guantxea, Donostiako herensugeak, olagarro erraldoia, Santa Kruz apaiza, bikingoak, ilargiko gizona,... Euskal Herrian kokatutako istorioak dira, pare bat kasutan izan ezik. Kanpoko bi leienda jaso ditu Ansok, baina Euskal Herriarekin lotutakoak. Esaterako Aretxabala koronelari buruzkoa berez Nikaraguakoa da baina protagonistak euskal jatorria duenez, bilduman sartu du. Aretxabalari buruzko lehen berriak, Ger Velasquez aspaldi Lasartera ezkondutako nikaraguarrak eman zizkion idazleari.
Bere erara kontatu ditu Martin Ansok gaur egungo begirada batekin. Eta istorioei tonu litararioa eman badio ele zahar horiek janzteko izan da, hau da, kontakizuna edo literatura beti egon da istorioen zerbitzura, "istorioak dira garrantzia dutenak edo politak direnak" adierazi du.

Bere erara

Kazetaria da, Martin Anso: La Voz de Euskadin hasi zen lanean, Eginen aritu zen itxi zuten arte eta Garan gero duela gutxi arte. Egunkari honetan hasi zen leienda edo istorio hauek idazten eta orduan argitaratutakoekin osatu zuen liburu honen aurrekaria den Elezaharren gordelekuak bilduma. Orain "libreago" ibili dela sentitzen du autoreak, ez du egunkari eta bere irakurleen gogoetara makurtu beharrik izan eta nahi zuena egiteko aukera izan du, leiendak bere erara idaztekoa eta horien inguruan gogoetak proposatzekoa.
Autorearen ustez gazteen gustukoak izango dira istorioak "erakargarri, sarri umoretsu, labur eta inguru-mingururik gabe azalduak direla kontuan izanik". Haurrentzat egokiak ez diren gertaera batzuk badira liburuan, "urkamenduak, bortxaketa-saioak, saldukeria, lizunkeria... are antropofagia ere", baina bestela edonorentzat modukoak dira. Beraz, 14-15 urtetik gorakoentzat gomendagarria da liburua.

Argia kobazuloan

Bestalde liburuaren amaieran leienda bakoitza sortzeko erabili dituen iturriak bildu ditu autoreak istorio, pertsonai edo elezaharretan gehiago sakondu nahi dutenentzat. Banan banan azaldu ditu kontaketa bakoitzaren nondik norakoak. Martin Ansok berak aitortzen du "atal hau ere ez da derrigorrez irakurri behar, baina jakin-mina duenak bitxikeria bat baino gehiago aurkituko dituela uste dut".
Martin Ansoren iritziz, "elezaharretan, altxor bat dauka Euskal Herriak, altxor hori, neurri handi batean, kobazulo baten ilunpean gordeta badago ere. Liburu honen bidez, kobazuloan sartu eta horko hainbat bitxi argiztatzen saiatu naiz, ondo pasatzea eta, ahal balitz, ondo pasaraztea helburu bakartzat hartuta. Kobazuloaren barrunbeetan arakatzen bere kabuz jarraitu nahi duenak beharbada liburu bukaerako atal hori erabil dezake lastargi moduan".•

“Aspalditik dut ele-zaharren inguruko zaletasuna”

Donostiarra da Martin Anso, Amara Berrikoa, baina aspaldi (duela 15 bat urte) etorri zen Lasarte-Oriara. “Gure semea da hemengoa; ni, nahiz eta urte pilo bat hemen pasa dudan, oraindik ez naiz ausartzen nire burua lasarteartzat jotzera”.

Nondik datorkizu aspaldiko istorio eta ele zaharren inguruko zaletasun hau.
Aspalditik datorkit, neuk ere ez dakit nondik. Idaztera pausoa Garan eman nuen: azken orrialdea birmoldatzen ari zirela, orduan zuzendari zen Mertxe Aizpuruak esan zidan "aizu eta zergatik ez dituzu idazten astean behin Euskal Herriko leiendak, baina ez denok ezagutzen ditugunak, baizik eta zuk dakizkizun horietakoak -tarteka kontatzen nuen bakarren bat eta ezagutzen zituen-. Ez nion ezetzik esan, mordoxka bat bildu genituen, eta gerora jarraitu dut. Euskadi Irratian ere beste leienda batzuek kontatu nituen hamabostean behin. Batzuk hor erabiliak dira. Bada beste bat Itsasoaren mendekuak izenekoa, bildumako azkena. Horrekin, Lasarte Oriako IX Literatur Lehiaketa irabazi nuen duela urte batzuek. Hori da literarioena. Beste batzuk udara honetan bertan idatziak dira. Denetik dago.

Istoriorik ba al da Lasarte-Orian bertan kokatzen denik?
Lasarte bertakoak ez, baina gertukoak badira, Santueneakoak. Bi leienda dira, bata Santa Kruz apaiza Lasartetik barrena Txikierditik Aia aldera zihoala, gaua pasatzera San Estebanen geratu zen, muinoan, eta Lutxana erregimendua paraleloan Oria bestaldetik zetorren. Santa Kruzek ez zuen izkillu eta su arma askorik, besteak aldiz ondo hornituak zetozen, baina zubia pasa behar. Zubia da leienda horren gakoa. Eta leienda honekin lotuta bada beste bat gerra zibil garaikoa, egi berdadero gisa kontatu zidatena. Faxistak gero eta gertuago zeuden eta euren abanzea eragozteko bolborazko kartutxoak jarri zituzten zubian, gehiegi hurbiltzen baziren lehertzeko prest. Gertatu zen, gauean karlisten alde zen baserritar batek bolbora kartutxo horiek busti egiten zituela, guztiak azken begikoak izan ezik, horiek zaindarien gertuegi zeuden eta gehiegi ez zuelako arriskatu nahi. Etorri zirenean lehertarazi zuten zubia baina bakar bakarrik begi hori erori zen, busti gabeko kartutxoak zituena eta oztopo txikia izan zen, berehala gainditu zutena. Horiek dira hemendik gertuen gertatu eta jasotakoak.
2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta