Idazleak - Martin Anso Blanco - Hemeroteka - "Elezaharretan altxor bat dauka Euskal Herriak"

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Martin Anso Blanco > Hemeroteka

Hitza

"Elezaharretan altxor bat dauka Euskal Herriak" | Nerea Lizarralde


Martin Anso kazetari donostiarrak Ele zahar ele berri Euskal Herriko kondairen inguruan bigarren liburua argitaratu du. Euskal Herriak elezaharretan altxor handia duela uste du, altxor hori kobazulo baten ilunpean gordeta badago ere. Liburu honen bidez kobazuloan sartu eta hainbat bitxi argiztatzen saiatu da. Helburua, betiere, irakurleek ondo pasatzea izan du une oro.

Istorio zaharren irakurketa berria egin duzula diozu.
Hala da bai, horra tituluaren zergatia: Ele zahar, ele berri. Askori umore puntu bat gehitu diet. Izan ere, nik ez ditut legendak bere horretan erreproduzitu, nire erara egin dut, jakina. Kasu gehienetan hemen finkatutako begirada batetik egin dudala esango nuke. Bestalde, zinez saiatu naiz kondaira oso ezagunak ez aukeratzen.

Nola kontatu dituzu istorio zahar hauek?
Orohar, testu laburrak dira, inguru-mingururik gabe idatzita daude eta erraz irakur daitezke, hala uste dut nik behintzat.

Zein motako kondairak bildu dituzu?
Euskal Herriko legendak biltzen ditu, baina kontzeptua oso zentzu zabalean ulertu behar da. Testu batzuk bat datoz XIX. mendean loratu zen legenda delako azpigenero literario horrekin, baina beste batzuk berriz, herri ipuinak, pasadizo historiko apokrifoak eta antzeko istorioak dira. Batzuetan, gainera, jatorrizko legendak aitzakiak baino ez dira gogoetatxoren bat egiteko. Ez dut esango gogoetatxo horiek inuxente-inuxenteak direnik, baina beste munduko ezer ere ez dira, liburuaren helburu nagusia ondo pasatzea baita, besterik ez.

Patxi Errementaria Halloweengo legendan girotu duzu.
Horregatik esan dut arestian Euskal Herria zentzu zabalean hartu behar dela. Esaterako, Aretxabala koronelaren legenda. Berez, Nikaraguakoa da. Protagonista euskalduna den aitzakiarekin nik nire orrietara ekarri dut. Halaber, Halloweengo legenda jatorriz irlandarra da, baina nik Jack O' Lanter eta gure Patxi Errementariaren arteko paralelismoa egin dut. Tradizioan, paralelismo hori gainera oso nabarmena da.

Zer motako protagonistak aurki daitezke 38 kondaira hauetan?
Askotarikoak. Zakur errepublikarra, euskal odoleko erregina guantxea, Donostiako herensugeak, Arabako komuneroak, Herkules, ganboatarrak eta oinaztarrak, Ubilla eta bere altxorra, Pagomari, Kraken, olagarro erraldoia, Ilargiko gizona, Pirene, Zumaiako jenizaroa, itzalik gabeko gizona... Juan Mari Arzak ere hemen agertzen da.

Zein garaietara bidaiatuko dute irakurleek?
Erdi Arora, Amerikako konkistaren garaira, Karlistadetara, Gerra Zibilera... Hainbat giro eta garai islatu ditut istorioetan. Gaiak ere askotarikoak dira, maitasuna, sexua edo mendekua, esaterako.

Donostiarekin zerikusia duten kondaira batzuk ere badira liburu honetan.
Bai, gutxienez dozena erdi batek lotura dute Donostiarekin. Esaterako San Sebastian bat ba (omen) da zeruan, gure patroi handiari buruzkoa. Jurassic Park da beste bat, Donostia dinosauroz beteta egon zen garaikoa. Legenda hori Irutxulo aldizkarian publikatu zenuten. Artikulu bat egiteko eskatu zidaten, ez zitzaidan ezer bururatu eta, erremedio moduan, hori bidali nuen.

Hainbat iturritara jo duzu istorio bila.
Istorio bila etnologo eta folklorista klasikoen liburuetara jo dut. Barandiaran, Azkue, Cerquand, Caro Baroja... baina baita egungo hainbat idazleenetara ere: Koldo Ameztoi, Txillardegi, Gianni Rodari, Miguel Sanchez-Ostiz... Eta jakina, batzuen eta besteen artean, XIX. mendeko benetako legendisten liburuetara ere jo dut: Campion, Trueba, Vicente eta Sabino Arana, Gertrudis Gomez de Avellaneda... Liburuaren bukaeran altxorraren kobazuloan arakatzen izeneko atala gehitu dut. Testuak idazteko zein iturritatik edan dudan ahalik eta modu zehatzenean azaltzen saiatu naiz. Jatorrizko testuetara jo nahi duen balizko irakurleari bidea erraztu nahi izan diot.

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta