Idazleak - Markos Zapiain Agirre - Hemeroteka - Literatur fosilak

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Markos Zapiain Agirre > Hemeroteka

Berria

2009-05-17 Literatur fosilak | Beñat Sarasola

Markos Zapiainek liburu berria atera zuela jabeturik, eta irundarrak idatzi ohi duena interesgarria egiten zaidanez, jakin-minez hartu nuen Talatik tiroka liburua esku artean. Promozio orrietan-eta «azken zortzi urteetako saiakera laburren bilduma» gisa azaltzen ziguten liburua, eta baiki, ezin esan hori faltsua denik. Esaten ez digutena da idazleak bere blogean ( http://eibar.org/blogak/zapiain ) jarritako mezuen antologia dela funtsean -salbuespen txiki batzuk landa-, zuzenean saretik paperera pasatakoak eta inolako gehigarririk (hitzaurre bat, aurkibide onomastikoa...) gabekoa. Horrek guztiak nire baitan halako engainu sentipen bat sortu izana eragin du, batez ere Zapiainen blogaren irakurle naizen aldetik, bertako edukia ezagun bainuen. Kontuak, beraz, bi alderdi ditu funtsean: batetik, egokia ote den sareko blog bat paperera eramatea -eta hala egitekotan, nola eraman-, eta, bestetik, hori eginda ere zilegi ote den erdi-ezkutukerietan ibiltzea, argi eta garbi esan gabe liburuan zer topatuko dugun.

Sinetsita nago bloga sareko literatur generoa dela, eta hortik kanpo nekez funtzionatzen duela. Blogak duen bat-batekotasun, berehalakotasun eta gertutasuna -seguruenik, generoaren ezaugarri nagusiak- paperean galdu egiten dira, eta liburua gordailu fosil bat bihurtzen. Ez dakit zein abantaila izan ditzakeen liburuak blogaren aldean; bloga denon eskuragarri dagoenean, debalde, iruzkinak irakurri ditzakegunean, bilatzailearekin gauza konkretuak bilatu, pare bat mezu irakurri eta beste baterako utzi... Liburu formatuak jarraitasun eta osotasunera bultzatzen du, eta, ondorioz, Zapiainen pasarte bizi hauek eztoki daudela iruditzen zait, bortxaz leku desegokian sartu izan balituzte bezala.

Nolanahi dela, lerra dezagun gure begirada, apur bat bederen, edukirantz. Zapiainen testuak gutxi-asko irakurri dituenak ezagun izango du bere idazteko manera berezia, trufaz betea baina satira errazean erortzen ez dena. Jorratzen dituen gaiak ere, askotarikoak dira: Athletic eta atzerritarrak, lunbagoa, materialismo dialektikoa, Errege Magoak vs. Olentzero, prostituzioa... Alta, gehienetan pentsa dezakegunaren kontra, nago Zapiainen testuen ezaugarri garrantzitsuenetakoa bere seriotasuna dela. Zapiain ez da bufoia, tipo serioa baizik -tradizio filosofikoan zaildua, telebistan azaltzen denean ez du errazki barre egiten, serioski mintzo da-, kontua da guk irrigarri edo eskandalagarritzat ditugun horiek -uzkia, titiak, eta abar- berak Hegelen fenomenologiari buruz hitz egiten ibiliko balitz bezala tratatzen dituela. Eta horrek sortzen digu maiz irria, eta zenbaitetan algara ere bai -nire kasuan Pegatina izeneko testuarekin, besteak beste-. Orobat, idazle honi egotzi ohi diogun tonu jostaritik aldentzen denean ere ( Eman dirua eta utzi bakean ), beti du argiztatzen alderdi ilunen bat, beti du adierazten ikuspegi originalen bat. Hala, harri egin naiz, nire memoria eskasa kontuan izanik, nola nituen gomutan duela hiru-lau urte irakurritako testu asko eta asko, edonolakoak iruditzen ez zaizkidanaren seinale.

Dudarik ez dut egiten Zapiain dugula gure arteko saiogile interesgarrienetakoa; horren adibide baino ez da leku honetan bertan, Egunkaria-n, Egunero-n eta Berria-n idatzitako literatur iruzkinak, zeinak Errua eta maitasuna liburuan bildu baitziren. Alabaina, zalantzak ditut, arestian aipatutako arrazoiengatik, produktu editorial honen inguruan. Izan ere, sutsuki gomendatzen dizuet Zapiainen bloga, baina ez horrenbeste Talatik tiroka liburua.
2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta