Idazleak - Markos Zapiain Agirre - Hemeroteka - "Filosofiak baino lehenago ikusten ditu literaturak etengabeko bilakaerak"

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Markos Zapiain Agirre > Hemeroteka

Aldaketa hamasei

2009-05-25 "Filosofiak baino lehenago ikusten ditu literaturak etengabeko bilakaerak" |

Politika, sexua, filosofia, irakaskuntza, literatura, bere familia, erlijioa, futbola, psikoanalisia... edozer gai jo dezake Markos Zapiainen (Irun,1963) begirada aztiak eta esku jolastiak. Bere marka, baina, ikuspegian dago, aldi berean umoretsua eta zorrotza, ezusteko perspektiba batetik abiatu eta ekarpen originalak egiten dituena, goiak eta beheak uneoro nahastuz: bere ikasleen pasadizo bat erabil dezake auzi antropologiko bat argitzeko, edo teologia zerutiarrean hasita komuneko eskatologian amaitu.

Azkeneko zortzi urteetan idatzitako saiakera laburren bilduma hau XXI. mendearen hasierako kronika atipikotzat ere har liteke, zuzentasun politikotik urruti baina gizarteko bidegabekeriak salatzeko gertu. Idazkera beti malgu, esanguratsu, aldi berean jantzi eta popular batez, entretenimendu nahiz gogoetaren bila doazenak esne-mamitan edukiko ditu, eta irakurri berri dutena zer den zalantzarekin utziko: sakon, oso sakon pentsatzen duen umoregilea, alaia, oso alai ari den pentsalaria.


Hainbat eta hainbat gai jorratu dituzu artikuluetan zehar. Nola idatzi dituzu? Zertan inspiratuta?
Hedabideren batek gaia jarrita idatziak dira batzuk, nire kabuz beste batzuk. Inguru hurbilak inspiratu ditu, halaber inguru urrunak.

Zein egitura-metodo jarraitzen dute? Nola eraikitzen dituzu?
Aurrena, ikergaiari buruz asko irakurtzen dut. Ondoren, irakurritakoa ahaztu. Eta azkenik idatzi, ea zerbait ateratzen den. Sarritan ez da piperrik ere ateratzen.

123 daude liburuan, nola egin duzu aukeraketa?
Antziñe Mendizabal eta Xabier Mendiguren editoreek lan handia egin dute aukeratzeko orduan. Izkribu pedanteak eta hutsalak baztertu dituzte, mamitsuenak eta kutreenak hobetsi.

Kronologikoki ordenatu dituzu. Arrazoi berezirik ba al zenuen horretarako?
Erosoa da. Egunkari moduan antolatzea ere pentsatu genuen, “Berria” bezala zehazki (Azala, Harian, Iritzia, Euskal Herria, Mundua, Telebista, Ekonomia, Kirolak, eta abar) baina konplikazio franko zekarren.

Hainbat pasarte dira, ba al dute euren artean ezer komunean?
Teknologia berrien inguruko gogoeta da agian liburu osoa zeharkatzen duena, eta horren ondorioak irakaskuntzan, kiroletan, etikan eta abar.

2002an hasi zinen idatzi hauekin, antzeman al duzu desberdintasunik edo garapenik azken artikuluekin?
Egia esan, ez. Baina baliteke nire burua hurbilegi izateagatik ezin antzematea, kanpotik begiratuta azkenekoak burusoilagoak, tripaundiagoak eta nekatuagoak agertuko dira beharbada.

Horiek guztiak idaztea, zure “paranoiak” ordenatzeko balio al izan dizu?
Baldin eta zure paranoiak badira. Ez dira soilik nire paranoiak, munduarenak ere badira, baina egia da idazteak eldarnioak ordenatzen laguntzen duela. Arazoa da zertarako balio ote duen eldarnioak ordenatzea.

Istorio errealak dira, baina ba al da fikziorik, istorio batzuk harritzekoak baitira?
Fikziozkoak direnean, edo txisteak, abisatu egiten dut, ez dago iruzurrik. Errealitatea bera da harrigarri.

Bizitza pribatuko hainbat pasarte kontatu dituzu. Familiari buruzkoak, zure ikasleei buruzkoak, zure buruari buruzkoak? Ez al dizute errietarik egin kontatu duzunaren edukia hein batean lotsagarria dela kontuan hartuta?
Ikasleak biziki poztu dira. Emazteak, berriz, liburuaren aurkezpenean bertan errieta egin zidan. Nik ere gogor egin berri diot aldarri nire buruari.

Umorea ez zaizu falta, ironia, zorroztasuna. Hori al da zure estiloa?
Mila esker. Nazien kontzentrazio esparruetatik bizirik irtendakoen oroitzapenetan, maiz, ez dituzu aurkitzen arima ederraren protestazko deiadarrak, baizik tragikomikotasun esperpentiko bat. Mingarriegiari, jasangaitzari, salaketa baino hobeki dagokio umore absurdoa. Bestalde, errealitatea tragikomikoa da, oroz lehen norbera, eta txiste batzuek zuzenean aurkitzen dute dagoenaren bihotza.

Nerabeei buruz luze hausnartu duzu. Hain dira arduragabeak, ero xamarrak?
Sailkapen bitxiak egin dituzu. Alaba nerabeak ditut, ikasle nerabeak. Ez dira gu bezain ardurabakoak. Ikasle histerikoen eta perbertsoen arteko bereizketak badu
bere funtsa.

Irakaslea zarenez, sarri aipatzen duzu hezkuntza, eta ez duzu leku onean uzten.
Hezkuntza oso garrantzitsua da, baina zailtasun sakonak dauzka, eta ez diegu ezikusia egin behar.

Erreferentzia asko daude literaturari. Asel Luzurraga, Saizarbitoria… zer dela eta?
Filosofiak baino hobeki edo filosofiak baino lehenago ikusten ditu literaturak munduaren etengabeko bilakaerak dakartzan berrikuntza garrantzitsu batzuk.

Filosofia dago artikulu ia guztien liburu honen oinarrian. Nola eragin du filosofiak zure bizimoduan eta idazkeran?
Hogei bat urte Filosofia irakasteak izango du eragina, noski. Zorte handia da bizimodua Filosofia irakatsiz ateratzea, bizimodua edertzen laguntzen baitu Filosofiak.

Freud da gehien aipatzen duzuna. Zergatik?
Idazle bikaina baita, eta barregarria. Intuizio psikologiko txundigarriak agertzen dira ezustean Freuden edozein paragrafotan. Ikasleen idolo nagusia da. Interesgarriak izango zitzaizkiokeen gure agintarien arazo psikolinguistikoak: Cristina Garmendiak identifikatzea aitaren euskara baztertu izana eta bere kabuz pentsatzeko ahalmena; edota Mayor Oreja pozik egotea birraitonak etxean euskara debekatu zuelako. Ez litzaieke batere gaizki etorriko etzanaldi luze bat Freuden dibanean.

Ausart eta beldurrik gabe aritu zara gai batzuekin: Iñaki de Juana, tortura, demokrazia falta, aita santua, biktimak…
Gurean adierazpen-askatasunik ez badago ere, ez zait bururatu bereziki beldurtuta ibili behar dudanik, sistematikoki erabili baititut moderazioa eta autozentsura.

Eztabaida piztu nahian idatzi al dituzu artikuluak? Edo norbaiti, tiroka, asmatu nahian?
Eztabaida piztu nahian baino gehiago aurretik pil-pilean zeuden eztabaidetan sartuta, eta bai, arerioen aurka ezinbestean. Kontua da ia ez dela gelditzen areriorik gabeko zirrikiturik.

Euskara, euskaldunak eta sexua. Ezkontza konplexua al da? Besteengandik hain desberdinak al gara?
Euskaldunak ez du arazo berezirik sexuarekin. Aldiz, euskaraz ez dakien euskal herritarrak bai, badu: hori adierazten dute behintzat Vaya Semanitan eta.

Kalakan kolaboratzaile zara. Zure saltsan sentitzen zara, ezta?
Bai, oso programa ona da, saio bakoitzak lan ikaragarria du atzean.

Uste dut zale asko dituzula.
Kalakan berez ez litzaizkidake aterako ergelkeriak eta topikoak baizik, hain berandu izaki eta soilik bertan bururatutakoa botako banu. Ganorazko zerbait esatera heltzeko luzaro prestatu behar izaten dut, lan handia eskatzen dit. Ikusle batzuek programa prestatzen igarotako ordu luze horiek eta lan handi hori estimatzen dute.

Blogaria zara halaber. Nola daramazu blogaren kontua? Internet dago leku guztietan. Twenti, sare sozialak… Onerako ala txarrerako?
Internetek oso muga estuak ditu oraindik. Adibidez, ez ditu pizten zentzumen bi baino: usaimena, ukimena eta dastamena baztertzen ditu. Dena dela, dakitenek diotenez, aurki internetez tomate kilo bat erosi eta berehala eroriko zaizkizu bost tomate mardul pantailatik mahai gainera.
2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta