Idazleak - Maite Gonzalez Esnal - Hemeroteka - “Emakumeen literaturari urteak eskaini behar izan nizkion asko neukalako ikasteko"

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Maite Gonzalez Esnal > Hemeroteka

EIE

2007/10/09 “Emakumeen literaturari urteak eskaini behar izan nizkion asko neukalako ikasteko" | Mikel Asurmendi

Maite Gonzalezen irudia

Maite Gonzalez Esnal idazle donostiarra Hendaian bizi da. Azken urteotan Literatur tailerrak zuzendu ditu Irunen eta Hondarribian. Hirurogei lagun inguruk Espresio idatzia eta Irakurketa landu dituzte iragan ikastaldian. Emakumezkoek nahiz gizonezkoek osatu ohi dituzte taldeak. Emakumezkoen literatura hartu dugu hizpide Maiterekin.


Tailer hauek antolatzerakoan zer tratamendu eman diozu giza generoaren gaiari?

Emakumeak gehiengo ia absolutua direnez, nik ezer egin gabe generoa berez dator markatua. Udal liburutegiek antolatzen dituzte tailerrak deialdi publikoaren bidez. Baina errealitatea den bezalakoa da, eta egia gordina da XXI. mende hasiera honetan, irakurtzeak suposatzen duen barne-bidaia hori egiteko gogoa gehienbat emakumeek agertzen dutela. Desoreka da; ez da ona, baina hala da. Aurreiritzien eremuan mugitzen garela azal dezaket pasadizo honekin: azken egunean taldeko batek, agur moduan, botatzen dit: “Ea datorren urtean gizon gehiago garen!” Nik ere hori nahi nuela erantzun nion. “Eta zure lagunak?” galdetzen diot... “Egin propaganda koadrilan!”... “Bai zera, koadrilan! Ez dakite hona natorrenik”. Ni mutu gelditu nintzen. Zer egin dezakezu literatur zaletasuna ezkutuan eramateraino iritsi den jendearen aurrean? Ezer gutxi. Inor armairutik ateratzera behartu gabe taldeko mikroklima zaindu, eta pazientzia.

Esperientziak zer erakutsi edo ekarri dizu?

Arrazoi oso desberdinak eraginda dator jendea, baina guztiek irakurtzea prestigiozko zerbait bezala daukate, niretzat abiapuntu ezin hobea dena. Lana errazten dit saioa girotzen, irakurketak hautatzen eta eztabaida kritikoa kudeatzen, exijentzia maila altua jartzen dit niri ere. Erronka da niretzat. Ez dut irakurtzearen plazerra aldarrikatzen ibili behar, nire liburu kuttunak irakurrarazi egiten diet, irakurri aurretik sarrera moduan garaia, estilo eta egiturari buruz informazioa ematen diet azterketa kritikoa egiteko gero, eta nahiko. Giro pribilejiatua da. Eskerrak ematen dizkizute guztion patrimonioa den zerbait eskuetan jartzen diezulako! Lan egin eta eskerrona zuzenean jasotzen dut, gehiago ezin da eskatu.

Antzeman al duzu diferentziarik emakumezkoen eta gizonezkoen artean?

Gehiengoa emakumeak direnez konklusio orokorrak ateratzeko mugitzen naizen eremua desorekatua da. Baina, jakina, ikusten duzu Irène Némirovsky-ren mundu burgesak eta ama-alaben arteko lehiak atzera egiten diela gizonezko gehienei. Ez da ez zaiela interesatzen, ez, ez da hori bakarrik; ze, egin zezaketen paso, nik ez diet kontuak eskatzen ez badute irakurtzen. Begibakar jartzen dira, irakurri gabe baa! egiten dute. Annie Ernaux-ren fantasia erotikoen aurrean gizonezkoak gelditu ziren mutu, ezer esan gabe, fantasien subjektuak haragizko gizonak izango ez balira bezala. Esan behar dut ere idazle beraren beste liburu batek, Lekuak –klase borrokaz ari dena, bizitzan aurrera egiten duen familia baten kronika kartesianismoa eta psikologia maisuki konbinatuta– hunkitu zituela fantasia erotikoek kokilduta utzi zituen gizon berberak, eta Ernaux-ren titulu gehiago eskatu zidatela.


Gaiak lantzerakoan –espresio idatzia eta irakurketa, kasu– zein iturritatik edan duzu? Zer garrantzia eman diozu emakumezkoen literaturari gaiak aukeratzerakoan?

Idazketa tailerra norberaren espresio idatzia lantzeko da, ni-tasunaren idazketa ere deitzen da. Marlene A. Schiwy-ren teoriak lagundu dit nire intuizioak ordenatzen alde batetik eta, bestetik, tailerraren dinamikari dagokionean, ikuspuntu berritzaile bat erakutsi dit ni jostalaria askatzeko. Taldean izateak aberastu egiten du, ez dakit idazten ikasten den, uste dut gehiago ikasten dela nola ez den idatzi behar. Kurtso hasieran idazketa terapeutikoa baztertzeko erne egotea egokitzen zait beti, talde-jarduerek arrisku hori dute, terapia bilatzen duenari idazteak balio diezaioke. “Hitzak behar du gorputza lasaitu” aldarrikatzen da zenbait tailerretan, eta niretzat daukat gorputza ez ezik arima lasaitzea bilatzen dutela. Nire eginbeharra askoz apalagoa da, ez naiz nor arimaren ur sakonetan sartzeko, nahikoa dut neurearekin.

Zuk bereizten al dituzu emakumeen eta gizonen literatura? Gizonak akzio literatura omen du gustuko, emakumeak berriz literatura intimistagoa, barnerakoia. Ados?

Tailerretan ikusten dudana nahikoa mugatua da, ez da ondorio unibertsaletara iristeko mostra zabala, baina hitz egiten duzu liburuzainekin, editoreekin, edo trenean zoazela begiratzen duzu jendeak irakurtzen duenari, eta emaitza begi-bistakoa da: Marca, informatikaz, eta banaka batzuek, Los pilares de la tierra. Emakumeek Los pilares de la tierra ere ikusten ditut irakurtzen, baita Berria ere, eta beste egunkariak, eta proportzio altuan liburu bat daramate aldean.

Literatura unibertsala izan duzu oinarri. Hautatu dituzun egileen artean emakume arketipoak erabili dituzu: Madame Bovary, Anne Karenina... Zer deritzozu idazleek –Literatura unibertsalean– emakumeari eman dioten rolari?

Prozesu pertsonal baten ondoren altxor unibertsaletik egiten dut hautaketa. Emakumeen literaturari urteak eskaini behar izan nizkion asko neukalako ikasteko, defizit izugarria arrastatzen nuen nire belaunaldikoak hazi garelako emakumeen gauzak bigarren mailakoak zirela eta lelo horiekin. Emakumeen ahotsak, interesatzen zaizkidanak noski, gordetzen ditut erreferentzien artean; baina balio erantsi bat ikusten diot Anna Karenina, edo Madame Bovary, edo gure Miranderen Haur besoetakoaren irakurketa kritikoa egiteari. Kanonikoak direla? Altxor unibertsaleko parte direla? Literarioki lorpen handiak izan direla? Ados. Baina irudi femeninoak zer? Zer heroina klase deskribatzen digute? Galbahe hori interesatzen zait ez soilik ariketa intelektual moduan, tripek agintzen didatelako begirada zorroztuz fokoa generoetan jarri behar dela, moralina salatu, kartoizko pertsonaia femenino horiek kritikatu, onak –baikorrak, zintzoak– baina kartoizkoak funtsean. Eta onak ez direnean, euren buruaz beste eginez bukatzen dira... Tira, parrastada honen ondoren, eman nahi dut beste arrazoi bat esplikatzeko zergatik jotzen dudan literatura unibertsalera. Nire iritziz idazle onek erakusten digute nolakoak garen; ona diodanean ez naiz bakarrik hizkuntzaz ari, ez, beste zerbaitetaz ari naiz: gizon-emakumeen arteko tenkaz eta talkaz zerbait dakienaz ari naiz, edo dialektika horretan sartu gabe gizakiaz, mundu honetatik pasatzeaz zer den ondo adieraziz lortzen duen literaturaz ari naiz, ispilu funtzioak egiten dituzten istorioaz ari naiz.

Euskal literaturara etorri aldera. Zer adierazten du zuretzat Ana Urkizaren ‘Zortzi unibertso zortzi idazle’ elkarrizketa liburuak. Zortziak emakumeak direlako diotsut.

Zer adierazten didan? Ana Urkizaren liburuari esker ezagutzen ditugula bestela ezagutuko ez genituzkeen iritziak.


Kudeaketa politikoan giza generoen arteko oreka landu da azken urteotan. Literatur sisteman kuotaren aldekoa al zara?

Kuota sistema gustatu ez zait gustatzen, batez ere umilagarria delako eta gizakion aldatzeko ahalmenaren porrota onartze bat delako. Baina ni generoen arteko tenkari dagokionean etsita nago, ez zait inporta publikoki esatea, axioma zaharrak bere horretan jarraitzen du niretzat: boterea kendu, hartu, erauzi egiten da. Inork ez du uzten, ematen, lagatzen, nahi duzun aditza ipini. Horregatik legearen indarra beste tresnarik ez dut ikusten joera baztertzaileari kontra egiteko. Kuoten politika hasi zenean ondoeza ematen zidan onartzeak, min ematen zidaten batzuen kritikek eta mina gizonezkoengan konfidantza galtzeak ere. Kuoten sistemak arbitrarismo puntu bat daukala ez dut ukatuko, baina bolada, epe edo aro batez behinik behin, botika homeopatikoarenak egin dezake arbitrarismo mentalen kontra.

Mikel Asurmendi
(Kalegats 12 (2007ko urria argitaratuta)
2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta