Maite Gonzalez Esnal

Maite Gonzalez Esnal Atzera

2014
Viajes, frutas, barrios
Autoedizioa
2007/10/09
“Emakumeen literaturari urteak eskaini behar izan nizkion asko neukalako ikasteko"
Maite Gonzalez Esnal idazle donostiarra Hendaian bizi da. Azken urteotan Literatur tailerrak zuzendu ditu Irunen eta Hondarribian. Hirurogei lagun inguruk Espresio idatzia eta Irakurketa landu dituzte iragan ikastaldian. Emakumezkoek nahiz gizonezkoek osatu ohi dituzte taldeak. Emakumezkoen literatura hartu dugu hizpide Maiterekin.


Tailer hauek antolatzerakoan zer tratamendu eman diozu giza generoaren gaiari?

Emakumeak gehiengo ia absolutua direnez, nik ezer egin gabe generoa berez dator markatua. Udal liburutegiek antolatzen dituzte tailerrak deialdi publikoaren bidez. Baina errealitatea den bezalakoa da, eta egia gordina da XXI. mende hasiera honetan, irakurtzeak suposatzen duen barne-bidaia hori egiteko gogoa gehienbat emakumeek agertzen dutela. Desoreka da; ez da ona, baina hala da. Aurreiritzien eremuan mugitzen garela azal dezaket pasadizo honekin: azken egunean taldeko batek, agur moduan, botatzen dit: “Ea datorren urtean gizon gehiago garen!” Nik ere hori nahi nuela erantzun nion. “Eta zure lagunak?” galdetzen diot... “Egin propaganda koadrilan!”... “Bai zera, koadrilan! Ez dakite hona natorrenik”. Ni mutu gelditu nintzen. Zer egin dezakezu literatur zaletasuna ezkutuan eramateraino iritsi den jendearen aurrean? Ezer gutxi. Inor armairutik ateratzera behartu gabe taldeko mikroklima zaindu, eta pazientzia.

Esperientziak zer erakutsi edo ekarri dizu?

Arrazoi oso desberdinak eraginda dator jendea, baina guztiek irakurtzea prestigiozko zerbait bezala daukate, niretzat abiapuntu ezin hobea dena. Lana errazten dit saioa girotzen, irakurketak hautatzen eta eztabaida kritikoa kudeatzen, exijentzia maila altua jartzen dit niri ere. Erronka da niretzat. Ez dut irakurtzearen plazerra aldarrikatzen ibili behar, nire liburu kuttunak irakurrarazi egiten diet, irakurri aurretik sarrera moduan garaia, estilo eta egiturari buruz informazioa ematen diet azterketa kritikoa egiteko gero, eta nahiko. Giro pribilejiatua da. Eskerrak ematen dizkizute guztion patrimonioa den zerbait eskuetan jartzen diezulako! Lan egin eta eskerrona zuzenean jasotzen dut, gehiago ezin da eskatu.

Antzeman al duzu diferentziarik emakumezkoen eta gizonezkoen artean?

Gehiengoa emakumeak direnez konklusio orokorrak ateratzeko mugitzen naizen eremua desorekatua da. Baina, jakina, ikusten duzu Irène Némirovsky-ren mundu burgesak eta ama-alaben arteko lehiak atzera egiten diela gizonezko gehienei. Ez da ez zaiela interesatzen, ez, ez da hori bakarrik; ze, egin zezaketen paso, nik ez diet kontuak eskatzen ez badute irakurtzen. Begibakar jartzen dira, irakurri gabe baa! egiten dute. Annie Ernaux-ren fantasia erotikoen aurrean gizonezkoak gelditu ziren mutu, ezer esan gabe, fantasien subjektuak haragizko gizonak izango ez balira bezala. Esan behar dut ere idazle beraren beste liburu batek, Lekuak –klase borrokaz ari dena, bizitzan aurrera egiten duen familia baten kronika kartesianismoa eta psikologia maisuki konbinatuta– hunkitu zituela fantasia erotikoek kokilduta utzi zituen gizon berberak, eta Ernaux-ren titulu gehiago eskatu zidatela.


Gaiak lantzerakoan –espresio idatzia eta irakurketa, kasu– zein iturritatik edan duzu? Zer garrantzia eman diozu emakumezkoen literaturari gaiak aukeratzerakoan?

Idazketa tailerra norberaren espresio idatzia lantzeko da, ni-tasunaren idazketa ere deitzen da. Marlene A. Schiwy-ren teoriak lagundu dit nire intuizioak ordenatzen alde batetik eta, bestetik, tailerraren dinamikari dagokionean, ikuspuntu berritzaile bat erakutsi dit ni jostalaria askatzeko. Taldean izateak aberastu egiten du, ez dakit idazten ikasten den, uste dut gehiago ikasten dela nola ez den idatzi behar. Kurtso hasieran idazketa terapeutikoa baztertzeko erne egotea egokitzen zait beti, talde-jarduerek arrisku hori dute, terapia bilatzen duenari idazteak balio diezaioke. “Hitzak behar du gorputza lasaitu” aldarrikatzen da zenbait tailerretan, eta niretzat daukat gorputza ez ezik arima lasaitzea bilatzen dutela. Nire eginbeharra askoz apalagoa da, ez naiz nor arimaren ur sakonetan sartzeko, nahikoa dut neurearekin.

Zuk bereizten al dituzu emakumeen eta gizonen literatura? Gizonak akzio literatura omen du gustuko, emakumeak berriz literatura intimistagoa, barnerakoia. Ados?

Tailerretan ikusten dudana nahikoa mugatua da, ez da ondorio unibertsaletara iristeko mostra zabala, baina hitz egiten duzu liburuzainekin, editoreekin, edo trenean zoazela begiratzen duzu jendeak irakurtzen duenari, eta emaitza begi-bistakoa da: Marca, informatikaz, eta banaka batzuek, Los pilares de la tierra. Emakumeek Los pilares de la tierra ere ikusten ditut irakurtzen, baita Berria ere, eta beste egunkariak, eta proportzio altuan liburu bat daramate aldean.

Literatura unibertsala izan duzu oinarri. Hautatu dituzun egileen artean emakume arketipoak erabili dituzu: Madame Bovary, Anne Karenina... Zer deritzozu idazleek –Literatura unibertsalean– emakumeari eman dioten rolari?

Prozesu pertsonal baten ondoren altxor unibertsaletik egiten dut hautaketa. Emakumeen literaturari urteak eskaini behar izan nizkion asko neukalako ikasteko, defizit izugarria arrastatzen nuen nire belaunaldikoak hazi garelako emakumeen gauzak bigarren mailakoak zirela eta lelo horiekin. Emakumeen ahotsak, interesatzen zaizkidanak noski, gordetzen ditut erreferentzien artean; baina balio erantsi bat ikusten diot Anna Karenina, edo Madame Bovary, edo gure Miranderen Haur besoetakoaren irakurketa kritikoa egiteari. Kanonikoak direla? Altxor unibertsaleko parte direla? Literarioki lorpen handiak izan direla? Ados. Baina irudi femeninoak zer? Zer heroina klase deskribatzen digute? Galbahe hori interesatzen zait ez soilik ariketa intelektual moduan, tripek agintzen didatelako begirada zorroztuz fokoa generoetan jarri behar dela, moralina salatu, kartoizko pertsonaia femenino horiek kritikatu, onak –baikorrak, zintzoak– baina kartoizkoak funtsean. Eta onak ez direnean, euren buruaz beste eginez bukatzen dira... Tira, parrastada honen ondoren, eman nahi dut beste arrazoi bat esplikatzeko zergatik jotzen dudan literatura unibertsalera. Nire iritziz idazle onek erakusten digute nolakoak garen; ona diodanean ez naiz bakarrik hizkuntzaz ari, ez, beste zerbaitetaz ari naiz: gizon-emakumeen arteko tenkaz eta talkaz zerbait dakienaz ari naiz, edo dialektika horretan sartu gabe gizakiaz, mundu honetatik pasatzeaz zer den ondo adieraziz lortzen duen literaturaz ari naiz, ispilu funtzioak egiten dituzten istorioaz ari naiz.

Euskal literaturara etorri aldera. Zer adierazten du zuretzat Ana Urkizaren ‘Zortzi unibertso zortzi idazle’ elkarrizketa liburuak. Zortziak emakumeak direlako diotsut.

Zer adierazten didan? Ana Urkizaren liburuari esker ezagutzen ditugula bestela ezagutuko ez genituzkeen iritziak.


Kudeaketa politikoan giza generoen arteko oreka landu da azken urteotan. Literatur sisteman kuotaren aldekoa al zara?

Kuota sistema gustatu ez zait gustatzen, batez ere umilagarria delako eta gizakion aldatzeko ahalmenaren porrota onartze bat delako. Baina ni generoen arteko tenkari dagokionean etsita nago, ez zait inporta publikoki esatea, axioma zaharrak bere horretan jarraitzen du niretzat: boterea kendu, hartu, erauzi egiten da. Inork ez du uzten, ematen, lagatzen, nahi duzun aditza ipini. Horregatik legearen indarra beste tresnarik ez dut ikusten joera baztertzaileari kontra egiteko. Kuoten politika hasi zenean ondoeza ematen zidan onartzeak, min ematen zidaten batzuen kritikek eta mina gizonezkoengan konfidantza galtzeak ere. Kuoten sistemak arbitrarismo puntu bat daukala ez dut ukatuko, baina bolada, epe edo aro batez behinik behin, botika homeopatikoarenak egin dezake arbitrarismo mentalen kontra.

Mikel Asurmendi
(Kalegats 12 (2007ko urria argitaratuta)
2004
Blackbirds in the cornfield
Metamorphoses Vol.12 Smith College Northampton, MA 01063
2002
Maiderren taupada bilduma
Alberdania
2000
Gutiziak
Txalaparta
2000
Hegoak ebaki banizkio (emakumeek idatzitako narrazio laburrak)
Gutiziak
1997
Lapitz baten ibilerak
Erein
1997
Mari-Marietta
Alberdania
1994
Diamantearen Plaza (Mercé Rodoreda)
Elkar
1991
Uraren Bezpera (Eugénio Andrade)
Pamiela
1990
Gaviota (Gabriel Celayaren poesia)
Elkarlanean
1988
Alexis, edo alferrikako guduari buruzkoa (Marguerite Yourcenar)
Elkar
1984
Bertan ikusia
Erein
1984
Ipuin hautatutak (Mercé Rodoreda)
Elkar
06/1983
Bertan ikusia...
Erein Argitaletxea, S.A.
ARPOIA HARRIAN

Berrogei urte bete berriak ditu, eta Doxandabaraztarra da, Daniel hantustearen alaba. Leinuaren jatorria otsanda-baratze batetik zetorrela erakutsi zion gizon ameslari harena. Maddalen Doxandabaratzi familiaz gogoratzen den bakoitzean Iruñeko sukaldea lapikoz betea datorkio burura, zeinetan, eguneko saldaz gain, amets franko ere egosi baitziren. Batik bat aita hantustearen buruan, errepikatzearen errepikatzez bera ere iritsi zen sinistera iparraldeko familia prestu batetik zetorrela. Gehiegikeriak San Ferminetako bazkalondo luzeetan entzuten ziren, kontrabandoko Martell-ak muturra ondo berotuta. Uztailero, Frantziako Asanbladan arbaso bat eduki izana aldarrikatzen zuen ere.

Berez sinesgaitza da M.D.; eta, halere, pasatu diren 37 urteak igaro arren, otsoen baratzearen istorioaren kutsu mitologikoa ez du ahaztu. Gasteizko Arte Ederretako Museoan lan egiten duenez geroztik, jakin-min halako bat piztu zaio. Izan ere, arte-lanek gordetzen dituzten keinu antigualak eskuetatik pasatzen zaizkio, eta berritu sakona behar duten pintura horiek galdera ikur bat jaurti diote aingura baten indarrez. Aldaketa errotikako bat gertatu da beregan. M. D. ikasle garaian gauza zen marra geometriko hutsezko koadro bati zerbait aurkitzeko, edo, besterik gabe, mirets zezakeen kolore hotz eta beroen konbinazio ordenatua. Orain, euskal klasikoekiko Arte Ederretako Fondoari esker begirada aldatu egin zaio.

Museoko Adiskideen Elkarteko bazkide baten opariak, -dena esate aldera, Sarako kontrabandista ohia eta, muguet sortatxo batekin plazer baduzu? esanez, atean azaldu zitzaiona-, barrenak astindu dizkio. Pablo Tillac-en marrazki bilduma bat oparitu dio museoari, eta marrazki horiek direla bide gertatu zaio bihozkada. Denak gizonezko gorputzak. Lerro biluziko sorbaldek, kurba garbiko soinek, Doxandabaraztarren mundu laudatu eta loriatsura eraman dute. Eta hain zuzen, bihozkada horrek eraginda etorri da Hazparneko artxibora.

Hazparne, zelaiak artaldeek orraztuta dituen paraje horietako bat da; badu frontoia ere eta bere La Poste taberna. M.D.-ren lehen bisita da, aitak ez baitzuen sekula familiaren eszenatokira eraman. Bere aita zertzelada ñimiñoenekin leinuaz hitz egitera mugatu zen; horregatik Doxandabaraztarren mitologia fikzioaren hodeien artean gorde da.

Hazparneko sakristian argitu zaizkio oso modu lausoan aldian behin pizten zitzaizkion susmoak: hegoaldean familia bat hasi zuen Daniel Doxandabaratz hark, txapelaren hegala beti Iruñeko adiskide errege-zaleen modura zeramanak, ameskeriak kontatzen zituen bizia eramangarriago bat izateko, fantasia gaixoti batean babestuta. Tiradizo mingarri batek eraginda etorri da Doxandabaraztar belaunaldi osoak ezagutu zituen herriraino eta hor dago, elizako sakristian, santu irudien, paper lotuen eta intxaurrezko arasa dotoreen artean. Enarak ere hor dabiltza sartu-irtenean, zirina zutabe batera zipriztintzen, eta, hor dago halaber, zorua kakatatik babestuz La Gazette des fermieres-en ale bat ere. Bazter batean isilik, Bartleby frantsestu batekin egin du topo:

-Beste Doxandabaraztar bat! Zer zabiltzate azken aldian, utziko al dituzue zuen hildakoak bakean?

-Ez nator hildakoak molestatzera. Zera... oroitzapenaren kontua da.

-Heredentziaren bat? -galdetu bainoago baieztatu egin du sudur zorrotza, mistikoen kopeta zabala eta mugimendu ondo kalkulatuak dituen apaizak-. Iritsi berriak, -berrogei urte inguruko emakume itxura hiritarrekoa-, jakin mina piztu diolako aurrez aurre begiratzen dio, hatz zuri batzuekin sotanaren aurreneko botoiak askatzen dituen bitartean. M.D.-k ez daki keinua nola hartu, sakristia barruan fresko egiten du eta artxibo arduradunak ez du inolaz ere ematen apaiz jator horietakoa. Galdera gehiago egin gabe eta agurrean azaldutako zakarkeria gozatu alde, doinu eztian orain, hitz egiten hasi zaio.

-Zortea duzu! Duela gutxi, hauteskunde kantonaletara hautagai doan Doxandabaraztar batek, artxibo osoa arakatu zuen eta lortu zuen lau belaunaldien bizia osatzea. Xan du izena, kanposantua pasatuta bizi da eta ostegunetan ukuiluan gelditzen da... Ea traktorea han dagoen... behin honaino etorriz gero... Urrutitik etorria, ezta? Atrebentzia ez bada, non bizi zara?

-Hegoaldean -erantzuten dio lehor, apaizen galderak egiteko betiko gaixotasun hori eragoztearren-.

Erantzunaren lehorrak jarri du apaizaren gorputza are tinkoago larru zailduaren kontra, lanean hasteko desgogora ematen du. Eskuineko maukatik koartza itxurako esku batek egin dio ihes karpeta beltz, arreak eta urdinak, irizpide zehatz baten arabera sailkatuak, seinalatuz.

-Hor dauzkazu Frantses Iraultzatik gaur arte Doxandabaraztarren bataio, ezkontza eta heriotzen zerrendak.

-Sakramentuak, soilik... -jaulki zaio apal, apaiz jaletzat hartua izan ez dadin.

-Parrokiako artxiboa da hau.

-Orduan jakingo duzu ea...-M.D.-k, enarak sartu-irtenean dabiltzan ate-atzeko hilobiak seinalatu dizkio- Parisen Diputatu izan zena hemen lurperatuta dagoen.

-Parisen Diputatu? -erretoreari kopeta zimurtu zaio, bekainek bi hiruki deskribatzen dituzte. Emakume kaletar baten handikerien aurrean ez du ezkutatu txantxa gogoa.

-Bailarara telefonoa ekarri zuena, non dago lurperatua? -M.D.-k berriro, arbaso aitzindari hartaz bere ama ere harro zegoela gogoratuz.

-Telefonoa Parisko diruarekin?

Soinuak bata bestearen atzetik entzuten dira, M.D. k, kaletarra izan arren denak bereizteko gai da: traktorearen airea zerratzen; zakur baten zaunka ganoragabea urrutian. Iruditu zaio birao bat ere entzun duela, siestarako betarik gabe segan ari den norbaitena, seguru. Uztaileko egun sargori baten arratsaldeko hirurak dira; enarak joan-etorrian eta gezien pare dabiltza txioka. Arazo ezagunegi baten aurrean dagoenaren etsipenez, bizkarra larru zaildutakoaren gunearen kontra ondo jarrita, jaulki zaio apaizari:

-Beste aldera joan ziren haiek, zer ez duten amestu! Muga pasatzeko grina hori! Pasatu, pasatu! Pirinioetako sukarrak jota denak! Beti pasatze kontu horrekin! Karlomagno zela, otsoa zela, nazien urrea edo kontrabandoa zela .

-...?-

-M.D.-k ez dio esandakoari jaramonik egiten, are gehiago, dibertigarria egiten zaio Bartleby-ren sutsualdia.

-Sukarra hedatzen zuek ere parte hartu zenuten.

-Guk?

-Nork mugitu zituen erromesak? Apostoluaren istorioa... Konpostela.

-Ni kostatik nator, eta han beste gauza bat da bizia: arrantzan egin, arraina saldu, eta hurrengo egunean berriro hasi. Eta nahiko lan itsasoak irentsia ez izatearekin!

Ez antropologia ez filosofia ez zaizkio interesatzen M.D.-ri. Aurrez aurre eserita biak, artxibo zaindariak eta Doxandabaraztarren ondorengoak, isilunea betetzeko leihoa zeharkatzen duen argi eta hautsezko mataza bati begiratzen diote. Ikusten dute nola besoetan haurtxoa duen ama birjina bateraino iristen den, eta nola enara batek errainua isatsaz bitan ebakitzen duen. Erretorea aldatu egin da jarreraz. Susmakor azaltzeari amore emanda, ekiten dio hitz egiteari:

-Nik dakidanez Doxandabaraztarrak dirua egiteko bizi izan ziren, eta horrek beti ezinikusiak ekartzen ditu. Bihi, irin eta ogiarekin egin zuten negozio. Pirinioak zeharkatzeko grina odolean zeramaten. Baina tira! Dena ez zen txarra izan! Ameriketan euren erroei eusten dieten ondorengoak badaudela jakitea albiste gustagarria izango duzu. Nevadako artzain baten bilobak, zeure senidearen hauteskunde kanpainarako dirua bidaltzen du, eta herriaz ere akordatu da, bere dolarrei esker sute batek urtu zigun elizako kanpaia laster konponduta izango baitugu!

-Eta zer dakizu Parisen diputatu izan zenaz?

-Zure senidearekin hitz egin; lehengusu propioak ez bazarete ere, lehengusu txikiak behinik behin izango zarete. Senidetzat hartzea ez zaizu axola, ezta? Komeni zaizu berarekin hitz egitea... Nik neronek, sakristia honetan bertan, zakurrenak esaten entzunak dizkiot iraultzatik ihesi alde egin zutela jakitean.
Daniel fantasia zalearen alabak, aitaren mitologian sakontzen jarraitu nahi du, ez du galdera bakar bat ere gorde nahi. Artxibo zaindari hau orduak, egunak zein ametsak kolpe batez ezabatzeko gai den arren, berak jarraitzen du galdetzen:

-Eta abizenaren etimologiaz, zer dakizu?

-Etimologian ez dut sinesten. Ez zait bat ere interesatzen! Sasiletrau ugari dabil jatorri handitsuak asmatzen eta bazterrak nahasten!. Niri biziak interesatzen zaizkit, interesatzen zait historia. Asmakeria merkeek nahasmena eta handikeriak besterik ez dituzte ekartzen. Bat batean, seminarioan dialektikan trebatzen ziren bizitasun berdinaz, irribarretsu, oldartu zaio M.D.-ri:

-Emango nuke euskaldunen noblezia unibertsalaz hitz egin zizula zure aitak!

-Unibertsala diozu? Nire aitak bere familiaz bakarrik hitz egiten zuen.
M.D.-k supituki, ohore zantzurik bilatu ahaleginetan, gaiaz aldatu egin du:

-Bigarren Gerrako pilotuak ezkutatu egin al zituzten? Comète Sarean parte hartu al zuten?

Ez apaiz bati suposatzen zaion errukiak, ez bere nortasun hotzak ere, ez zuten lortuko zekiena baina esango ez zuena ezkutatzea :

-Kolaboratu zuten...

-Iheslariak ezkutatuz?

-... beste zerbaitetan.