Idazleak - Mª Jose Olaziregi Alustiza - Laginak - Hitzaurrea An Anthology of Basque Short Stories

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Mª Jose Olaziregi Alustiza > Laginak

Saiakera

2004 Hitzaurrea An Anthology of Basque Short Stories | Center for Basque Studies, Reno (Nevada)

(...) Literatura orok partikularra eta unibertsala arteko elkarrizketa sortzen duela jakinda ere, gutxi izan dira euskal mugak gainditu dituzten idazleak. Denbora luzeegiz kolore eta logika bakarrekoa izan den mendebaldeko panorama literario kanonikoan euskal idazle gutxik lortu dute euren ahotsak entzunaraztea. Bernardo Atxagai dugu, segur aski, bakarrenetakoa eta gaur egun 25 hizkuntzatan irakur daitekeen bere Obabakoak (1988) liburuan muga geografiko eta literario horiek apurtu nahi zituen kartografia berri bat proposatzen zigun: "These days nothing can be said to be peculiar to one place or person. The world is everywhere and Euskal Herria is no longer just Euskal Herria but (...) `the place where the world takes the name of Euskal Herrian" . (...)

Euskal orografiaz zipriztindutako kartografia horren berri izateko, ingelesezko irakurleek Mark Kurlansky-renii The Basque History of the World liburura jo dezakete. Atzerritar batentzat deigarriak suerta daitezkeen xehetasun ugari aipatzen da gutaz bertan: Europako hizkuntzarik zaharrenean, euskaraz, mintzo garela, guztira 700.000 hiztun dituen hizkuntzan; 8.218 milia karratu baino gehiago neurtzen ez duen lurraldea dela gurea, hau da, New Hampshire baino apur bat txikiagoa; lurralde hori Espainia eta Frantzia artean banatzen dela, baina Kurslanskyk dioen bezala: "Basqueland looks too green to be Spain and too rugged to be France" (p. 18)...eta horretaz gain, "euskal" adjektiboarekin lotzen diren zenbait gertakari edo protagonista zehazki aipatzen dira: gure sukaldaritzaren ospea (bakailaoaren kontserbazioari eta prestakuntzari dagokiona, adibidez); gure kirol ezaguna, euskal pilota; gure erlijio-gizonik famatuena, Inazio Loiolakoa; euskal eskultore garaikide bikainak: J. Oteiza eta E. Chillida; Bilboko Guggenheim Museoa... eta 2.4 milioi euskal herritarren arazo nagusitzat hartzen den terrorismoaz egiten den hausnarketa interesgarria. Liburuan gogoratzen den modura, EEBBetan kaleratutako artikuluen % 85ek terrorismoaren arazoa dute hizpide Euskal Herriaz mintzo direnean. Ezin ukatu gure bizitza errotik baldintzatzen duen errealitate bortitz hori eta halaxe agertuko da antologia honetako zenbait ipuinetan ere (Iban Zalduaren Bibliografia izeneko ipuin indartsuan, kasu). Horretarako balio baitu, besteak beste, literaturak: norbanakoen eta herrien deabruak exortzizatzeko. Literatura, zernahi generotan delarik ere, egiatiagoa baita komunikabideetan nahiz historia liburuetan azaleratzen den diskurtso ofiziala baino. Helburu hori, egia bilatzearena, hain zuzen, egotzi omen zion E.A. Poek ipuingintzari eta hori onartuz, antologia honetan euskal egia batzuk aurkituko ditu irakurleak. Egia horiek, gure beldur, mamu, amets, edo André Gidek zioen modura, miseriez hitz egiten dute, horiez guztiez egiten dute galde.

Eta galderak euskaraz adierazten dituzte antologia honetako idazleek, jatorri pre-indoeuropearra duen gure hizkuntza zaharrean. Euskarak ematen dio izena (eta izana) gure herriari (cf. "Euskal Herria": "the land of Euskera speakers"), eta horregatik ahalegindu gara, debekuak debeku, arazoak arazo, gure hizkuntzari mendeetan eusten. Azken batean, G. Steinerrek gogoratu zigun bezala, hizkuntza bat hiltzen denean, mundua ulertzeko modu bat, mundua begiratzekoa ere hil egiten dela sinesten dugulako. Hizkuntzari eusteko modu bat gure mugak gainditu eta, itzulpenen bidez, irakurle berriak irabaztea da. Baina mugak, Claudio Magris-en aburuz, sormen literariorako akuilu direnak, astunegiak suertatu zaizkigu euskaldunoi. Horregatik dira urriak gure lekukotza atzerrian eman duten idazleak eta, gaur egun, Euskal Irrati Telebistari esker, euskara Europako 87 milioi etxeetara edo EEBBetako 3 milioi familiatara irits badaiteke ere, ez da horrelakorik gertatu euskal liburuak egin duen bidearekin. W.C. Audenen Letters from Iceland parafraseatuz, irlen bakardadearekin konparatzen zuen antologia honetako idazle batek, Harkaitz Canok, gure literaturaren egoera. Irla bat, beraz, Europa zaharrean, idazle ezagunek itzulpenei esker askotan bisitatua (gaur egun Joyce, Faulkner, Eliot, Txekhov...edo Carver euskaraz irakurtzea plazer hutsa da), baina bere kostetatik atzerriratze gutxi ezagutu duena. Guztira, 60 titulu bakarrik omen daude itzulita euskaratik nazioarteko beste hizkuntzetara, itzulpen gutxiegi, ezbairik gabe, bidaiari nekaezina izan den herri batentzat.

Euskararen egoera sozio-historikoak baldintzatu du gure literaturaren bilakaera berantiarra. 1545ean lehenengo euskal liburua kaleratu zenetik, Bernard Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae, apenas 100 izan ziren 1879 artean euskaraz kaleratu ziren liburuak. XX. mendearen etorrerarekin hasi zen ugaritzen eta sendotzen euskal literatura, orduan soilik lortu zuen, B. Atxagak darabilen metaforaren ildotik, trikuak lozorrotik esnatzea . Birpasa azkar bat eginez, XX. mendeko euskal literaturaren bidean, Lizardi eta Lauaxeta poeta post-sinbolistak aurkituko genituzke 30.eko hamarkadan; poesia sozialaren ordezkari bikaina izan zen Gabriel Aresti bilbotarra 50-60etan; edo XIX. mende bukaeran sortutako euskal eleberri ohiturazkoa berritu zuten 60. hamarkadako nobelagile berriak (Sartre eta Camusen jarraitzaile izan zen Txillardegi, batetik, edo esperimentalismoa euskal eleberrigintzara ekarri zuen Ramon Saizarbitoria, bestetik). Hala ere, ibilbide horretan gertakari historiko funtsezkorik badago, Franco diktadorearen heriotzarena da, ezbairik gabe, 1975a. Orduan bakarrik lortu zituen euskal literaturak bere garapenerako beharrezkoak ziren baldintza objektiboak gauzatzea (irakurle potentzialen kopurua igo zuen elebitasun dekretua, argitaletxe eta banatzaile sarea sendotu zuten dirulaguntza ofizialak, euskarazko produkzioa babestu zuten dirulaguntzak ....). Gaur egun euskaraz urtero argitaratzen diren 1.500 liburuetatik, % 14 inguru da literatura-liburua, eta bertan, narratibak protagonismo itzela du, argitara ematen denaren % 60 baita narratiba . Baina hori egia izanik ere, eleberria da gaurko gure literatur sisteman gune zentrala daukana, besteak beste, inguruko literaturetan gertatu den bezala, gurean ere merkatuak agintzen duelako eta hau onartuz, generorik errentagarriena, eleberria, gailendu delako. (...)

Ipuingintza, helduentzako literatur genero autonomo moderno eta landu gisara fenomeno berria da euskal literaturan. A. Lertxundiren Hunik arrats artean (1970) kontsideratu izan da euskal ipuingintza modernoaren lehenengo emaitza. Bertan, nabarmenak ziren Hego Amerikako errealismo magikoaren nahiz absurdoaren antzerki eta ipuingintzaren eraginak (García Márquez, Rulfo....Kafka, Artaud...). 1970etan kaleratu ziren beste euskal ipuin liburuek, tradiziozko herri ipuinen ereduak edo eleberrigintzan ere nagusi izan ziren joera esperimentalak bereganatu zituzten. Edonola ere, 80ko hamarkada dugu, ezbairik gabe, euskal ipuingintza modernoaren sendotze eta ugaritzearen hamarkada. Beste herrialde batzuetan bezala, gurean ere, aldizkari literarioen ugalpenak eragin handia izan zuen ipuingintzaren igoeran, baina baita, 1975az geroztikako egoera politikoak ahalbidetu zituen dirulaguntza, sariketa literario eta alfabetatze kanpainek. 1978an Bilbon sortu zen POTT Banda (pott=fracaso) izan zen, euskal ipuingintza garaikideari unibertso literario berriak ireki zizkiona. Besteak beste, bertako kide izan ziren Bernardo Atxaga, Joseba Sarrionandia edo Joxemari Iturraldek 80ko hamarkadan euskal ipuingintzaren panorama aldatu zuten lanak kaleratu zituzten. Tradizio anglosaxoira begiratu zuten POTT bandakoek (nobela poliziakoa, zinea, abenturazko fikzioa, etab.) eta tradizio horretara iristeko bide funtsezkoa J.L. Borgesen lanak izan ziren, bere liburutegi laberintikoan gordetzen den ondare unibertsala. Joseba Sarrionandiaren Narrazioak (1983) eta Bernardo Atxagaren Obabakoak (1988) kontsideratu dira, POTT Bandaren emaitza aipagarrienak ipuingintzan.

Poliki-poliki, 80ko hamarkadatik aurrera, euskal ipuin tipologia aberastuz joan da eta eleberrigintzan gertatzen denaren antzera, eklektikoa da, zinez, gaurko panorama. Modernitate ostea definitzen duten ezaugarriak bereganatuz, gaurko euskal ipuingintzan ikuspuntu espresionista batetik egindako errealismoa, Cortázar edo Borgesen ildotik antolatutako fantasia (neofantasia ere deitua), metafikzioa, iraganean sakontzen duten tonu lirikoko erlatuak, bizitzaren absurdoaz mintzo zaizkigun istorioak, minimalismoa bere egiten duen egunerokotasunaren kontaketa, hibridazioa... dira nagusi. Baina, batez ere, 70eko hamarkadako esperimentalismoak baztertu eta istorioak kontatzeko desirari eusten dio gaurko euskal narratibak eta, bereziki 90eko idazleen artean, gero eta nabarmenagoa da zineak, musikak edo komunikabideek duten eragina. Finean, errealitatea beira apurtu bat dela onartzen da eta irakurleari dagokiola beiraren zatiak antolatzea. Era berean, irakurlearekiko elkarrizketa berri bat eskatzen dute ipuinaren mugak auzitan jartzen dituzten hibridoek, dela ipuinen arteko loturak eta egituratze berriak proposatzen dituzten bildumen bidez (ik short story cycle), dela kronika edo saiotik gertu dauden fikzioen eskutik. (...)


i Atxaga, Bernardo, Obabakoak, Vintage, New York, 1994, page 324.

ii Kurlansky, Mark, The Basque History of the World, Penguin, New York, 2001.

iii Ikus, antologia honetan,Bernardo Atxagaren "I write in an estrange language" poema.

iV Euskal literatur sistema sendotu ahala, narratibak gero eta protagonismo handiagoa lortu du. Horrela, 1876-1935 bitartean literatur produkzioaren % 18,7 bazegokion narratibari, 1936-1975 bitartean % 23,8 zegokion eta gaur egun, esan bezala, literatur produkzioaren erdia baino gehiago dagokio narratibari.

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta