Idazleak - Lutxo Egia del Rio - Hemeroteka - "Parke tematikoaren aroan bizi gara, fikziozko kapitalismoan"

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Lutxo Egia del Rio > Hemeroteka

EIE

2008-03-05 "Parke tematikoaren aroan bizi gara, fikziozko kapitalismoan" | Hasier Rekondo

Lutxo Egiaren haurpegia

Santander, 1969.

Soziologian lizentziaduna da baina, bere hitzetan, "Emile Durkheim, Max Weber, Auguste Comte eta abarren aginduetara ibili gabe". Zubigilea (Susa, 2007) du azken literatur emaria, "denboraren logikak" egitura narratiboa ehuntzen duen trilogiaren azkena izan daitekeena.

Errealitatea eta fikzioa nahasten direla irakur daiteke Zubigilearen kontrazalean. Non daude mugak?

Errealitatea hitzarturik dagoela beti irakurri berri dut, norberaren errealitatea mozorrotutako fikzioa da. Eleberri honetan ezinbestez nahasten dira biak. Hiri modernoari erreparatu nahi izan diot. Simulakroak (zeharo demokratikoak) nagusitzen ari zaizkigu poliki. Behinolako ontzioletan itsasontzi mamuak paratzen ditugu. Enrique VIII malapartatuaren bizitza taberna batera bildu ahal dugu. Parke tematikoaren aroan bizi gara, fikziozko kapitalismoan. Egun ez ditugu objektuak produzitzen, desira edo ametsak baizik. Hiria bera horren erakusgarri dugu, erakusleiho baten atzean kokatu dugu, komunikabideetan, gida turistikoetan, ikusgai eta salgai. Benetako hiria da? Zergatik ez. Etor zaitez Bilboko Sohora! Eraiki dezagun Bilboko Manhattan! Hiperrealismoan eraikitako hiria dugu gogoko. Erreal ala gezurrezkoa? Gure bizitzak bezain erreal eta gezurrezkoa.

"Eleberri politikoa" dela esan duzu. Galdutako polis baten inguruan sortutako historia?

Aldatzen ari den polis baten inguruan, izatekotan. Lehengo egunean Koldo Atxagak Bilboko Anti Liburudendan emandako Bilbao tipográfico: deletreando la ciudad izeneko hitzaldira joan nintzen. Sano interesgarria. Bilbao tipografico liburua du argitaraturik, argazki bidezko lan soziologiko eskerga. Bilbo industrialaren errotuluen bidez ohartzen gara nola aldatzen ari den hiria eta nola ez garen hartara inoiz bueltatuko. Funtsean botereari buruz idatzi nahi izan dut. Hiruko harremanak ezartzen ditut eleberrian. Beste era batean ageri da hemen zubiaren irudia, usu agertzen zaigunaren oso besterik. Zubiak eraiki, zubigintza eta enparauetatik aldendu nahi izan dut eta irudiak ezkutuan dakarren beste esanahi bati heldu. Zubia ez da soilik elkarrengana hurbiltzeko irudia, baizik eta nagusitasuna irudikatzeko metafora. Dualismoak ukatzen dituena dualismoen beharrean dabilkigu sarri. Biolentoak-bakezaleak, zuriak-beltzak... Ustezko bi antagoniko behar ditugu dualismoen kontrako diskurtsoa eraikitzeko. Baina sarri ukoa bera baliatzen dugu geure burua erdian jartzeko, ekidistantzia bat sortzeko. Eta distantzia faltsu horrek botereak adierazi nahi du. Horregatik da politikoa nire testua. Botereari buruz egin nahi izan dut gogoeta.

Eleberriaren narratzaileak situazioa aurkezten du, objetibotasuna erabiliz, baina zein harreman du Andres Peruarena eta Andrei pertsonaiekin?

Andres Peruarena egungo pertsonaia da. Bilbon proiektu urbanistiko garrantzitsu batean parte hartu behar duen arkitektura bulego bateko nagusia da. Narratzaileak han lan egiten du eta aurre-proiektua sortzen parte hartuko du. Andrei, berriz, iraganetik datorren pertsonaia da. Hari fin batek lotzen ditu biak. Eta narratzaileak erakusten digu hari fin hori. Istorioak aurrera egin ahala, narratzailea gero eta gehiago interesatzen da Andreirekin eta gero eta gutxiago Andresekin.

Historia ez da lineala, elipsiek indarra erakusten dute, irakurketaren haria galtzea erraza gerta daiteke hasieran, ez duzu irakurlea galtzeko arriskurik antzeman?

Letren terrorista neu ere, antza, kar kar. Berez, linealtasunik ezak ez du enbarazurik sortzen. Tramak ondo eraikita badaude, irakurleek ez dute arazorik zertan izan. Beste kontu bat da, zeharo bestelakoa, testua mordoilo hutsa izatea. Nireak, aurreko nobeletan bezala, denborak ezarritako logika bati erantzuten dio. Erraza da jarraitzen, nik uste. Hasieran adi egon behar du irakurleak, ados. Informazio ugari ematen zaio. Zailtasuna (halakorik balego) mezuetan, erreferenteetan eta sinbolismoan egon daiteke.

Bilbo idealizatua, Bilbo ideala, erreala, desegina...

Bilbo erreala, bistan dago. Halakoa litzateke, baita ere, goiti beheiti simulakroa balitz. Simulakroa demokratikoa da, lehenago esan dut, ezin da deus egin haren kontra. Bilbo hiperreala ere bada egiazkoa. Ez dut, berriz, desegina esango, iragan-mina leporatuko didate, eta ez dut gura. Baina egia da, lehenengo aldiz, irudizko edo fikziozko hiri bat eraikitzea erabaki dugula. Guggenheim Museoa, Zubi Zuri zubia eta, are gehiago, ekipamendu horien sinatzaileak (Foster, Ghery, Pelli, Siza, Starck eta abar) ez daude hor kasualitatez. Ez dakigu, ordea, nork izenpetu duen Ametzolako Intermodala, azken urteetan Bilbon egindako lan handienetako bat. Hiria eraikitzeko modu jakin bati dago lotua. Bilbo desira sortu behar duen eta salgai dagoen objektua da. Auzo Gorrian dago, telebista, aldizkari eta gida-turistikoetan ikusgai. Eta erakusleihoko hiria eta bilbotarrok gure buruan marrazten duguna badoaz poliki hurbiltzen elkarrengana.

Zubiak nonahi Bilbon, zeren sinbolo dira zuretzat eleberri honetan?

Boterea irudikatzeko modu egokia begitandu zaizkit. Alde bi eta erdian zubia. Hirugarren aukera. Hirugarren espazioa. Beti ere faltsua, jakina. Baina bada besterik ere. Zubiek elkarrengana hurreratzeko balio dute, batetik bestera iragaiteko edo etsaiari erasotzeko; badira zubiak deusetarako balio ez dutenak; ihes egiteko ere erabili izan dira behin baino gehiagotan, Bilbon kasu. Uste dut horiek guztiak jasotzen direla eleberrian.

Enzo Padovano asko agertu dira azken aldian Bilbotik?

Asko? Futbola ageri da kontakizunean. Gaztetan Clementeren hamaikakoa buruz genekien: Zubi; Urkiaga, Liceranzu, Goiko, De la Fuente; De Andres, Gallego Urtubi; Dani, Sarabia eta Argote. Gaur egun berriz ezin halakorik ezpaineratu. Baina botako dizut erreskadan hamaikako berria: Ghery; Calatrava, Foster, Hadid, Siza; Stark, Moneo, Pelli; Isozaki, Diana Balmori eta Jean Nouvel. Eta ordezkoen aulkian: Ricardo Legarreta, Robert Stern eta Carlos Ferrater. Izarren ligan jokatzea erabaki dugu. Eta Athletic atzerritar priktzerdunez bete zaigu, beste barik.

Eleberriaren bigarren historia 1964ko Bartzelonan kokatuta dago. Andres Peruarena dugu lokarri.

Txanpon beraren aurkia eta ifrentzua, Andres. Bartzelona, berriz, eszenatoki egokia da, urte hartan han jokatu zen futbol selekzioen arteko Europako Kopa. Aurrekoan, Parisen jokatutakoa, Frankok taldea erretiratzea erabaki zuen azken momentuan. Beldurra zien komunistei; Sobiet Batasunekoei barik, Espainiakoei. Erregimena hasia zen arrakalatzen. Baina 1964an ezin zuen bere txapelketa boikoteatu. Besteak beste, 25 urte betetzen ziren garaipen handitik. “25 años de paz” leloarekin ospatzen ari ziren, luze eta zabal. Hori gutxi balitz, Bartzelonako final-erdiaren egunean Francok bigarren aldiz bisitatu behar zuen Bilbo. Eta egun horretan bertan 27 urte betetzen ziren errepublikazaleek eta abertzaleek Bilboko hainbat zubi leherrarazi zituztela nazionalei bidea mozteko. Urteurren beste aukera. Andres azaltzen zaigu hartan ere, gazteago, ezezagun.

Nobela beka baten ondorio da. Beka irabazteak zer nolako eragina du historiaren forma lantzerakoan?

Beka saria eta hitzarmena da. Nolabait, belarri atzean xuxurlatzen dizun ahotsa: baldintzak bete behar dituk. Nahi nuke nik hitzarmen guztiak Jakakoak bezain eskuzabalak izatea! Erantzukizuna edozein kasutan, zeuk zeure buruari behin eta berriz gogorarazten diozu betebehar batzuk dituzula. Baina ez dut uste horrek ezelango eraginik dakarkionik historiari. Beste batzuetan bezain aske jokatu ahal izan dut.

Lanbidez Nontzeberri.com web atarian jarduten duzu. Proiektuaren nondik norakoaz hitz egin dezakezu?

-Nontzeberri web gune kulturala da, orain dela bost urte sortua. Informazioa, interaktibitatea eta sorkuntza ditu ardatz. Hirugarrena bultzatzeko lehiaketak antolatu ohi ditugu beste agente kultural batzuekin. ZINEBIrekin batera Nontzefilm eta Nontzeflash film laburren ekimenak antolatzen ditugu urtero. Orain dela aste batzuk Rolling Rolak jarri dugu martxan, genero gaiei buruzko arte proiektuak lantzen dituen Pripublikarrak kolektiboarekin elkarlanean. Ditugun, asmatzen ditugun eta ezarriak izan zaizkigun rolei buruzko gogoeta egin nahi dugu. Rolling Rolak-ek hiru dispositibo ditu: Argazklik lehiaketa; Camara Crossing, praktika feministari lotutako agente sozialak eta kulturalak batuz; eta Genero eta gorputz ekoizpenak mintegi teorikoa EHUn.

Euskal Idazleen Elkarteko bazkide izateaz gain (Zuzendaritzako kide izan zinen), Euskal Pen Klubaren Zuzendaritzan diharduzu egun. Ez zara idazte hutsarekin asebetetzen? Zer eskaini dizute aipatu bi esperientziok?

PEN Klubean jardun dut batez ere. Eta gurako nukeen denbora guztia eskaini gabe. PENen hiru fronte nagusi ditugu: euskal kazetari eta idazleak, atzerrikoak eta euskal literaturaren zabaltzea beste herri batzuetan. Apirilaren hasieran, Glasgow-en, Egin eta Egunkaria kasuak eramango ditugu Idazle Presoen Batzordeko kongresura. Baita Iranen heriotza zigorra jaso duen Hadnan Hassanpour idazle kurduarena ere. Bestalde, euskarazko testu literarioen hainbat antologia bideratu ditugu sortu ginenetik. PENek aukera eman dit ezagutzeko gertuagotik zenbat kazetari eta idazle diren zigortuak, atxilotuak edo hilda ideiengatik, zer dagoen zigor horien atzean, nor dagoen.

Zer duzu eskuartean egun?

Nahaste ikaragarri handia! Azken urtetan hiru eleberri idatzi ditut. Antzekoak egituran. Bide horretatik aldenduko naiz. Hori da uneon dakidan bakarra. Baina hortik aurrera deusik ez!

dokumentua jaitsi | 23.7 Kb.

2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta