Idazleak - Luis Baraiazarra Txertudi - Laginak - 2005

EU | ES | FR | EN
Facebook Twitter Vimeo Youtube
Euskal Idazleen Elkartea

Luis Baraiazarra Txertudi > Laginak

Saiakera

Meñakako Udala 2005 | Nire umetako Meñaka


UMEEN LANAK


Baserrian guztientzat izaten zan zeregina, baita umeentzat be. Eskolako lanaz gainera, honako honeek izaten ziran guk egin beharrekoak: behiak jagon, urak igaro, egurrak txikitu, oilalokak zelatatu, itaurrean egin, mandatuak edo errekaduak egin, unean uneko gurasoen edo nagusien esanak...

Iluntzea baino hainbat lehenago, behiak barrutira ateratzen ziran aro ona egoanean; udabarrian eta udan izaten zan hori. Etxe atzeko barrutian ni oso pozik ibiltzen nintzan. Orduan Ugarteko Beresian ez zan pinurik eta ikuspegi polita egoan etxe atzetik. Begirada hurrerantz bildurik, Ugarteko txabola eta haren inguruko bedarlekua ikusten ziran; han be ganaduak barrutian egozan. Txakur eder bat euken "Oker" izenekoa, ganadu-jagole ezin hobea. Urruntxuago, Santa Marinako ermita Elordui aldera; ezkerretarantz begirada ekarriz, Larragan ingurua; urrunago, urdulizko hatxak. Inguru horretatik sartzen zan eguzkia suzko lorratza inguru osoan izten ebala. Polita zan ilunabarra Urezandigoiko etxe atzean. Hango bake ederrean behiak be mantso-mantso jaten. Etxezuriko Basotik gure etxe ondoko haritz handira kakarraldo adardunak egin ohi zituen joan-etorriak. Gu okerrak ginan eta ez geuntsen baketan izten. Aireko joan-etorriak galarazo eta lurrera botatzen genduzan akuiluaz jota. Gero hareen arteko borrokak eratzen genduzan; adar-hotsean jarduten eben alkarri helduta... Gau-hontzaren ulu tristeak entzuten ziran Ugarteko Beresian eta Etxezuriko Basoan. Saguzaharrak oinaztu baltzak zirudien hegazkada hautsian. Horrek esan nahi eban behiak kortarantz eroateko ordua zala. Holan amaitzen zan, aro ona zanean, iluntzero behiekin eginiko belada gozoa.

Karmeldarretara joan aurreko urteetan, hamar bat urte nituala, egurrak txikitzea izaten zan nire zeregina. Haritz eta beste zuhaitz asko inausten ziranean, egur ugari izaten zan gure etxe inguruan. Teilapera (tejabanara) igarota egozanean, erosoago izango zan; dana dala, Urezandi-bidean beherantz goazela, haritzak ziran eta hango montorretatik hur dagoan sakostan, Kukusolora heldu aurretik ezkerrera, oraindino gehiago. Nik txikitu ahaleko piloa egoan han. Aizkorakada hotsean jarduten neban han iluntzeetan. Txikitu eta zaran bete egur eroaten neban etxera lepoan hartuta. Hori iluntzero-iluntzero. Leku hori sakosta antzekoa zan; horregaitik, handik gitxi ikusten zan; ez egoan behiak jagoten etxe atzean izaten neban moduko ikuspegi politik. Baina baztertxu bakotxak baeban bere misterioa; gainera, pinudirik ez ezer barik, izadia berezkotasun garbi-garbian egoan. Niri, oharkabean eta gozo-gozo, bihotzera sartzen jatan hori guztiori. Han Ugarteko Beresiko gau-hontzaren ulurik ez neban entzuten, baina bai Mungiako trenaren girrintzi luze eta larria. Ni orduan tren horretan inoiz ibili barik nengoan; Bilbora be inoiz joan barik nengoan eta kontuak atera...! Nire lagun batek esan ohi dau, eurak umetan Erdi Aroko moduan bizi zirala. Gu be, uste dot, ez ginala hareek baino modernoago biziko.

Sasoi haretan Bilboko gure lehengusu txikiak, Otazuatarrak, izaten ziran gurean. Ni Karmeldarretara joan nintzanean, Antonio Bilbokok esaten ei eban: "Orain nork txikituko ditu hemen egurrak?"

Mungiako trenaren girrintzia entzun bai entzuten neban egurrak txikitzen nituan lekutik, baina ikusi geroago ikusiko neban. Sarri ibiliko nintzan bertan, Zornotzara joatean eta handik etxera bihurtzean. Mungiako trena ospetsua zan; Telmo Zarraren aita zan Mungiako geltokiko burua; Telmo bera be han agertzen zan noizbehinka. Behin, tren horretan, Bilbotik etxerantz gentozan Jose Luis Ureta eta biok. Ia Bilbotik urten orduko sartu zan trena tunelean eta han barruan ikaragarrizko astrapala eta burdin hotsa ateratzen eban; munduaren azkena zalakoan gengozan une baten...

Mungiako trena orain dala urte asko kendu eben. Autobusak jarri zituen haren ordez. Ekonomiaren zeretik dabiltzanentzat, beharbada, hobe izango da. Lehengoa maite dogun ameslariontzat, ostera, galera handia. Baina umeon lanak aitatzen hasi gara eta goazen aurrera:

Gure lanik gogaikarrienak, ziur asko, itaurrean egitea eta oilalokak zelatatzea izango ziran. Zeregin hau aitatuko dot ondorengo lerroetan:

Oilo ugari izaten zituan beti gure amak. Urte hareetan, beti librean; etxe aurre eta inguru osoa oilo, oilanda eta txitaz beterik agertzen zan. Sastegian zomorro eta garautxuak aurkitzen zituen; horrez gainera, amak ondo gobernatzen zituan oiloak. Hareetariko askok etxeko lastategian bertan erruten zituen arrautzak. Teilapetik (tejabanatik) kortara sartzeko albatearen gaineko aldean berariazko lekutxua egoan eta hantxe izaten ziran oilo-habia batzuk ilaran. Arrautzak kendu eta abizaria ezartzen jaken. Oiloa lokatu eta txitak ateratzeko dagoanean, oiloa ezarrita dagoala esaten genduan. Gure oilo batzuk basora euken joera. Asagora joaten ziran errutera: Etxezuriko Basora, Ugarteko Beresira, Goiko Basora, Sakonera... Kontuak atera! txori-habiatan ibili eta oilo-habiak aurkitzen nituan. Nire gogoa txori-habiak, batez be zozo, mika eta eskinosoenak aurkitzea zan; baina gure amak oilo-habiak aurkitzea nahi izaten eban. Bi bider edo aurkitu neban ia leku berean, txori-habiatan nenbilela: Ugarteko Beresian, gure Basabeko solotik metro gitxira. Sastraka artean, orbel gainean polito-polito. Oiloa ezarrita egoan kasu bietan eta arrautza mordoa eukan azpian, papar aldetik eta hegaletatik be agertzen jakozala. Erakutsi neutsan amari lekua; bat apurtu eban eta zindo aurkitu; amantalean hartu zituan arrautzak eta poz-pozik etxeratu ginan. Oilo ugari geunkan eta nahiago izaten eban arrautzak eskuratzea txitak ateratzea baino. Beste toki batzuetan be aurkitzen nituan oilo-habiak ustekabean.

Bide batez edo ustekabean aurkitzea zan bat eta oilalokak zelatatzea beste bat... Eguraldi ona izaten zan halakoan. Amak ikusten eban goiz erdi aldean edo, oiloa klok-klok hasten zanean, laster joango zala habiara; artagarau pixka bat botatzen eutsan eta niri edo arrebari zelatatzeko agintzen.

Zuhur egon behar izaten zan. Haren arrastotik hurregi barik izutu ez eiten, baina era berean begien bistatik galdu barik. Oilalokak askojakinak ziran eta luzaroan jarduten eben zomorroak eta garautxuak jaten balebiltza legez, prisa barik... Halako baten arin-arin sasi baten ostera edo hegazkada laburra eginik, bistatik galtzen zan; joaten nintzan ustezko tokira eta lorratzik bez. Itsu-itsuan bila eta bila ibili eta alferrik. Gaur zuhur ibili ezean, bihar barriro oiloa zelatatzen jardun behar. Batzuetan zelatari-lana ondo eginik, lortzen genduan habia aurkitzea; beste batzuetan ezinezkoa izaten zan eta oilalokak txitak aterako zituan basoko gordelekuan... Egun batzuk igaro ostean, ikuskizunik politena: Domikako bidetik han etorriko zan etxerantz klok-klok oilaloka bere familia osoarekin, txitak hegapean eta atzetxuan batu-batu eginik; honeek pio-pioka eta oilaloka klok-klok, berbaro gozoan; ha zer prozesio polita! Era honetara adierazi neban irudi hau bertsoz:

Goiz argi armin baten
multzo ibilkorra!
oilalokaren klok-klok
ahots maitekorra;
pilota beilegien
erritmo bilkorra;
klok-klok eta piotxuz
berbaro jatorra...
Irudi polit batez
erne zan zidorra.
2011 Euskal Idazleen Elkartea
Zemoria kalea 25 · 20013 Donostia (Gipuzkoa)
Tel.: 943 27 69 99 - Fax.: 943 27 72 88
eie@idazleak.eus

iametza interaktiboak garatuta